Ibai Azparren
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad

Nafarroa Berriz Altxa ekimenak omenaldia egingo die 1521ean matxinatu ziren herritarrei

Nafarroa Berriz Altxa herri ekimenak omenaldia egingo die 1521ean Gaztelako Armada inperialaren aurka altxatu ziren herritarrei eta Iruñeko Udalean gertakari hauei argia emateko mozio bat erregistratu dutela iragarri dute Loiolako Iñigoren eskulturaren aurrean.

Nafarroa Berriz Altxa herri ekimenaren prentsaurrekoa, Loiolako Iñigoren eskulturaren aurrean. (Idoia ZABALETA/FOKU)
Nafarroa Berriz Altxa herri ekimenaren prentsaurrekoa, Loiolako Iñigoren eskulturaren aurrean. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Nafarroa Berriz Altxa herri ekimenak «herri omenaldia» egingo die 1521ean matxinatu ziren herritarrei. Eta horretarako, maiatzaren 22an, eguerdiko 12.00etan, Nafarroako Artxiboaren parean egingo duten ekitaldian parte hartzeko deia luzatu dio nafar gizarteari ostegun honetan.

Nafarroa Berriz Altxa herri ekimena pasa den apirilaren 24an aurkeztu zuten. Noaingo batailaren 500. urtemuga probestuz, Nafarroaren burujabetza eta erabakitzeko eskubidea aldarrikatu nahi du, «gizarte bezala ditugun erronkei aurre egiteko ezinbesteko» lanabes moduan.

Ostegun honetan, herri dinamika honen hainbat kidek Loiolako Iñigo Gaztelako Armadako kapitainaren omenez erakitako eskulturaren aurrean deitu dituzte komunikabideak. Izan ere, aste honetan 500 urte beteko dira Iruñeko herritarrak Gaztelako Armadaren aurka matxinatu zirenetik eta, ekimenaren harridurarako, gertakari horiek oroitzeko hirian dagoen eskultura bakarra da hau.

«Onartezina iruditzen zaigu, 1512an Nafarroa konkistatu eta 1521eko maiatzean Iruñeko herritarrak bonbardatu zituztenek hiri erdigunean oroigarri hau izatea, eta aldiz, burujabetzaren alde matxinatu ziren Iruñeko herritarrek inolako oroigarririk ez izatea», salatu dute.

Iñigo Lopez de Loiola 1521ko maiatzaren bukaeran Iruñean izandako enfrentamenduan zauritu zen, 1521ko Erreinuaren inbasioaren ondotik herriak berreskuratutako hiria erasotu eta bonbardatzeko Gaztelako tropak Satiago gazteluaren gotorlekuan gorde zirenean.

Zentzu horretan, herri dinamikak gogoratu du eskultura hau diktadura garaian eraiki zela eta zituen izkribu frankistak 2005. urtean kendu zirela. Fededunak diren pertsonentzat Loiolako Iñigoren irudiak duen garrantzia eztabaidatu gabe, «ulertezina» iruditzen zaio ekimenari herri altxamendu baten kontrako borrokan zauritutako pertsona bati eskainita egotea. «Ez daude hiri aunitz bonbardaketa bat jaso ondoren erasotzailearen aldeko momumentuak altxatzen dituztenak».

Duela 500 urte gertatutakoa kontatu eta memoria justu bat aldarrikatzeko asmoz, eta maiatzaren 22an egingo duten omenaldiaz gain, Iruñeko udal erregistroan mozio bat erregistratu dutela iragarri dute, gertakari hauei «argia eman» eta Iruñeko Udalak «izan ziren moduan onar ditzan, ahazteko memoria erreparatuz».

Hala, Loiolako Iñigo kapitainaren eskultura multzoaren ondoan azalpen kartel bat jartzea eskatuko dute mozioaren bidez, gertakizun haiek zein testuinguru historikotan gertatu ziren gogoratzeko, eta bereziki Iruñeko herritarren «altxamendua eta borroka, Nafarroako Erreinuaren burujabetza berreskuratzeko».

Altxatu ziren Iruñeko herritarren oroimenan, garai bateko Nafarroako Jauregia eta oraingo Artxibo orokorretik gertu dagoen Maiatzak 2 kalearen izendapena 1521ko maiatzaren 16koarengatik ere aldatuko dute, gertakizun hauen testuinguru historikoaren azalpen plaka batekin batera.

Azkenik, Sarasate pasealekuaren hurrengo eraberritze lanak aprobetxatuz, Nafarroako Parlamentuaren aurrean eta Foruen estatuarekin sintonian, Iruñeko herritarren altxamendua gogoratuko duen eskultura edota eskultura-multzoa altxatzea eskatu dute.