Milaka lagun bildu dira gaur arratsaldean Baztanen Aroztegiko egitasmo urbanistikoren aurkako manifestazioan parte hartzeko.
Aroztegia makroproiektuak 350 biztanle inguru dituen Lekarozko herrian hotela, golf zelaia eta 225 luxuzko etxebizitza egitea planteatzen duela gogoratu dute herritarrek, Baztango etxeen %36a etxe hutsak edo bigarren etxe bizitzak direnean.
«Sinestarazi nahi digute etxeen beharra dugula, non eta Baztanen, 860 etxebizitza huts eta 520 bigarren etxebizitza daudelarik. Sinestarazi nahi digute lana ekarriko dutela, lanpostuak sortuko dituztela, mendez mende jasangarria izan den eta jatera eman digun lurra zementuz bete nahi duten bitartean. Sinestarazi nahi digute turismorako beharrezkoa dela, gaur egun turismoaren saturazioa kudeatzeko arazoak ditugularik. Ikusi bertzerik ez dago Xorroxinekin gertatu dena», salatu dute.
«Sinestarazi nahi digute horrelako proiektuen kontra ez dagoela deus egiterik, borrokak ez duela merezi. Ongi dakigu hori gezurra dela. Baztandik hasita, irabazitako borroka andana baditugu hondar aldi honetan: Munoako harrobia, Pikotako harrobia, Erdizeko meategia, Kisuako urbanizazioa. Atzendu gabe Euskal Herria dela Europa mailan eremu ez nuklear bakarrenetakoa, Lemoizko borrokari esker. Eta hemen gaude berriz ere, gure lurra, gure hizkuntza, gure kultura eta gure bizimodua defenditzeko prest. Ez atzendu aberatsak lau direla eta gu herri oso bat, bere etorkizuna zaintzaz eta errespetuz josi nahi duen herria», gaineratu dute manifestazioa bukatutakoan egindako ekitaldian.
Halaber, kritikatu dute Nafarroako Gobernuaren jarrera. Izan ere, «herritarren interesak defenditzen ez dituen bitartean Nafarroako Gobernuak herria izanen du aurrez aurre. UGEPa gelditzea erabaki politiko bat da. Baztanen, Nafarroan, Euskal Herrian eta munduan agortua den eredu baten babesle bilakatzen dira isiltzen direnak! Erabaki politiko makurren zuzentzeko ahalke eta beldurrei izkin egin, eta ausardiaz jokatzeko exijitzen diogu Gobernuari».
Eragindako txikizioa
Pasa den asteazkenean ere, Lekarozko Alkatetza taldeak Aroztegiko egitasmo urbanistikoak eragindako txikizioa salatu zuen. «Hamarnaka arbola bota dituzte, ehunka urte zituzten haritzak moztu dituzte, pista berriak ireki dituzte nekazal lurrak xehatuz...», deitoratu zuen.
«Garapen eta turismo ereduei lotuak, ingurugiroaren aldekoak, gure hizkuntzarekikoak, Baztanek duen etxebizitza arazoarekin zerikusia dutenak, Lekarozko ur horniduraren inguruko zalantzak, baztandarron mundu ikuskeraren ingurukoak... Baina, nola eta non eztabaidatu gainetik inposatzen zaigunean?», galdetu zuen.