Palestinaren aurkako Nakbaren 73. urteurrenean, Hego Euskal Herriko hainbat plataformak mobilizazioak antolatu dituzte larunbat honetan hiriburuetan azken egunetan Israelen erasoen gorakadak sortutako larritasuna salatzeko.
Azken egunetan, gutxienez 139 pertsona hil dira, horietatik 33 haurrak, eta 1.050 zauritu Gazan, Israelek astelehenean hasitako operazio militarraren ondorioz.
Bilboko elkarretaratzea Areatzan izan da 12.00etan. 'Stop sarraskia Palestinan' leloa zuen pankarta baten atzean jarri dira dozenaka lagun eta «Boicot Israel, Palestina askatu», «Israel hiltzaile, Europa laguntzaile», «Guztiok gara Palestina», «Que viva la lucha del pueblo palestino», «Estatu sionista, Estatu terrorista» eta «No es una guerra, es un genocidio» leloak oihukatu dituzte, besteak beste.
Palestinaren aldeko manifestazioa Bilbon. #FreePalestin@naiz_info pic.twitter.com/OGpfy6KL8I
— Asier Robles (@asierrobles) May 15, 2021
«Gaur herri palestinarrak Nakbaren 73. urteurrena gogoratzen du. Israelgo Estatuaren okupazio, kolonizazio eta garbiketa etnikorako politiken hasiera markatu zuen eguna», gogoratu du manifestari batek bozgorailutik.
«Mundu berean gaude denok. Elkarrekin bizi gaitezke, anai-arrebak izan gaitezke», adierazi du manifestarietako batek,«bere etxea defendatzen duena ez dela terrorista», azpimarratu aurretik. Horren harira, beste batek gogorarazi du Seij Yarrahren (Jerusalen ekialdean) 28 familia baino gehiago haien etxetik kaleratuak izateko mehatxupean bizi direla. Israel estatuak kolono israeldarrei emango dizkie etxe horiek.
Manifestariek CAF euskal trenbide enpresak Jerusalemen eraikiko duen tranbia salatu dute. Izan ere, tranbia horrek kolonizatuak izan diren auzoetatik pasatuko dela adierazi dute. Lakuako Gobernua CAFeko akzioduna da, eta manifestariek nabarmendu dute tranbia hori «giza eskubideen aurka» dola, «Eusko Jaurlaritzak ukatu arren».
Juaniren atxiloketa
Health Work Committees (HWC) erakunde humanitarioko langile den Juana Ruiz Sanchezen (Juani Rishmawi ezizenez) atxiloketa salatu dute ere. Duela 35 urtetik Palestinan bizi den espainiar herritarra, apirilaren 13an Zisjordaniako Beith Sahur herrian atxilotu zuten, Belen hiritik gertu, eta une horretatik dago Israelgo Armadaren eskuetan. Manifestariek Juani eta preso palestinar guztien askatasuna eskatu dute.
Euskal erakunde publikoei eskatu diete Israelgo estatuarekiko «akordio ekonomiko, diplomatiko, kultural eta akademiko guztiak bertan behera utz ditzatela, Israelek nazioarteko zuzenbidea bete arte». Era berean euskal herritarrei dei egin diete Palestinarekiko elkartasuna aregotzeko.
Palestinako ereserkiarekin amaitu da Bilboko elkarretaratzea.
Iruñeko Udaletxe plazan eta Donostiako Bulebarrean ere protestak egin dira eguerdian 12.00etan. Gasteizen arratsaldean elkartzeko deia egin dute, 17.00etan, Bilbo plazan.
#Naqba-tik 73 urtera, Israelek Palestina odolusten jarraitzen duela salatzeko elkarretaratzea Iruñean. pic.twitter.com/DElHdSYQAt
— Ruben Pascual (@GARA_rpascual) May 15, 2021