Lehen erronkan huts egin du Gernika Errugbi Taldeak. Igoera faseko finalean galdu egin du La Vilaren zelaian (26-22) eta beraz, basurdeek bigarren aukera aprobetxatu behar dute Ohorezko Mailara igotzeko ametsa errealitate bihurtzeko. Independiente Santanderren aurka lehiatuko dira bi aste barru.
AMAIERA / FINAL
— Gernika Rugby Taldea (@GernikaRT) May 16, 2021
La Vila RC 26 - Gernika RT 22
Oso gitxigaitzik baña oingoan ezin izen da. Harro egoteko partidue mutillek! Bi aste barru beste aukera bat dekogu!! BURUEK GORA!!
Eskerrik asko zaleei
Felicidades @crlavila#aupaGRT pic.twitter.com/5dZhqmHjaK
Une oro markagailuan aurretik joan dira bizkaitarrak, lehen zati «zoragarria» egin dute –7-16 markagailua alde zutela joan dira atsedenaldira–. Aldageletatik bueltan 7-19raino urrundu dira baina baina azkenean, momentu erabakigarrienean, Alacanteko taldeak bere nagusitasuna erakutsi du markagailua iraulia eta gorengo mailaraino eramango duen emaitza lortzeko.
Hiru entsegu –horietariko bat amaierarako hiru minuturen faltan– eta azken defentsa onak eman dio garaipena etxeko taldeari. Bi urte beranduago itzuli da Ohorezko Mailara.
Bi aste barru Gernikak beste aukera bat izango du. Oraingo honetan Ohorezko Mailatik jaistea saihestu nahi duen Independiente Santander izango du aurkari. Gernikarrak 2018-2019. denboraldian jaitsi ziren gorengo mailatik eta aurten, fase erregularreko bi talde onenen artean lekua egin dutela ikusita, itzultzeko ametsa errealitate bilakatu nahi dute, Iker Olaeta kapitainak final honen atarian NAIZi onartu legez.
Ampo Ordizia, etxera
Ohorezko Mailari dagokionez, liga garaikurra lortzeko kanporaketak hasi dira asteburu honetan eta Ampo Ordizia lehenengoan kaleratua izan da. Bartzelonaren aurka 9-16 galdu dute ordiziarrek.
Ampo Ordiziak laugarren bukatu zuen lehehengo fasean eta bigarrenean ere, sei talde onenak elkarren artean lehiatu direnean, postu berean bukatu du. Bartzelona bere atzetik zegoen sailkapenean baina ezustekoa eman du Ordizian. Gainera, hasierako 6-0eko markagailua irauli dute katalanek.