Jon Ormazabal

Beñat Urretabizkaiak ez du Baikon jarraituko ekainetik aurrera

Bizkarreko lesio bat duen Ikaztegietako pilotariari hilabete honen amaieran bukatzen zaio Bilboko enpresarekin duen kontratua eta honek ez berritzeko erabakia hartu du.

Beñat Urretabizkaiak amaitutzat eman du bere pilotari profesional ibilbidea. (Jon URBE/FOKU)
Beñat Urretabizkaiak amaitutzat eman du bere pilotari profesional ibilbidea. (Jon URBE/FOKU)

Maiatzaren 30ean amaituko da Beñat Urretabizkaiaren ibilbidea pilota profesionalean, egun horretan amaitzen baitzaio Baikorekin duen kontratua eta Bilboko enpresak hau ez luzatzea erabaki baitu. Bizkarreko lesio bat dela eta –bi hernia ditu–, urtarrilaren 10etik partida bakarra jokatu ezinik dago Ikaztegietako pilotaria eta enpresak ohar batean adierazi duenez, maiatzaren 29an Labriten gainontzeko kide eta pilotazaleei agur egiteko modua izango du, hori bai, ez da zuriz jantzita arituko, oraindik min handiekin jarraitzen baitu.

Berriak ez omen du ezustean harrapatu Urretabizkaia. «Ikusten nuen, errealista izan beharra dago. Bigarren mailako pilotaria naiz eta egoera honek mundu guztiari eragin dio. Eta aparte lesio batekin nago, bost hilabete daramatzat eta nahikoa hobetu dut, baina ikusten dut ez naizela gai pilotan jarraitzeko», azaldu du Urretabizkaiak Euskadi Irratian.

Gauzak horrela, pentsatzekoa da enpresak bere orain arteko jarduna aldatzea pentsatzen ari direla, jenderik gabeko agur ekitaldi batek ez lukeelako zentzu handirik izango. Kontuan izan behar da egun horretan bertan Buruz Burukoaren finalerdi bat jokatzea dagoela aurreikusia eta pentsatzekoa da enpresak ateak irekitzea pentsatzen ari direla. Legez, Labriten 285 zale sartzeko aukera lukete azken hilabeteetan, baina enpresek nahigo izan dute partidak ateak itxita jokatzea.

29 urterekin utziko du pilota profesional Beñat Urretabizkaiak, duela hiru urte, profesionaletara jauzia egin ahal izateko aurrelari postua utzi eta atzean probatu behar izan zuen pilotariak. Jo handiko pilotaria izan arren, eskuek ez diote espero zuen bezala erantzun atzeko koadroetan eta ez du espero zitekeen ibilbiderik osatu