NAIZ

Ehun urte bete dituzten Iruñeko lokal berezien errolda egitea nahi du EH Bilduk

Iruñean ehun urte bete dituzten lokal berezien errolda premiaz egiteko eskatuko du EH Bilduk bihar Udaleko Presidentzia batzordean. 2019ko irailean gauza bera egiteko eskatu bazen ere, Enrique Mayaren taldeak ez duela ezer egin salatu du talde abertzaleak.

Comedias kaleko Roch ostatua. (EH BILDU)
Comedias kaleko Roch ostatua. (EH BILDU)


EH Bilduk, bihar Presidentzian eztabaidatuko den adierazpen baten bidez, salatu du Mayaren taldeak Iruñeko ehun urte bete dituzten lokal enblematikoak eta bereziak babestu eta zaintzeko lanak bertan behera utzi dituela. Adierazpenean koalizio subiranistak berak egindako ordenantza-proposamenaren zati bat berreskuratu du, eta Gobernu Estrategikoaren, Merkataritzaren eta Turismoaren arloari Iruñeko ehun urteko lokalen errolda foro berean eta hilabeteko epean aurkezteko eskatu dio.

Iruñeko Udalak 2019an hartu zuen konpromiso hori, EH Bilduk eskatuta, eta, urte eta erdi geroago, oraindik ez da gauzatu. «Garaia da Navarra Sumak herritarren gehiengoaren aginduak bete ditzan, eta are gehiago horrelako gai batean, denbora aurrera doan bitartean eta babesik ez dagoen bitartean, lokalak, saltokiak eta negozio ordezkaezinak betiko galtzen ari baitira», salatu du koalizioak.

EH Bilduren adierazpenak, ehun urte bete dituzten lokalen eta lokal berezien errolda osatzen denean, errolda hori Udal Planaren Ondare Eraikiaren Katalogoan sartzea eskatzen du, horien babes-maila zehazteko. Koalizio subiranistak aurreko legealdian arlo horretan hasitako lanekin jarraitzea aldarrikatu du, eta, zehazkiago, Establezimendu Emblematikoak eta Mendeurreneko Saltokiak Babesteko eta Sustatzeko Planaren bigarren eta hirugarren faseekin jarraitzea. Plan horrek lokal horietako bakoitzaren balio historikoaren araberako sailkapena eta babes-sistema bat arautzea planteatzen zuen.

«Lan honen helburua zen mota honetako saltoki eta establezimenduen garrantzia aitortzea, hiriko ondarearen ikuspegitik merkataritza enblematikoa eta mendeurrena babesten eta kontserbatzen lagunduko duten hainbat neurri bultzatuz», gogorarazten du adierazpenak.

«EH Bilduren udal taldetik ikusten dugu ezinbestekoa dela lan honetan aurrera egiten jarraitzea eta lehenbailehen amaitzea; izan ere, belaunaldien arteko errelebo faltaren, saltoki handien, on line erosketen eta, azkenik, pandemiaren ondorioz, Iruñeko tokiko merkataritzaren aberastasuna, nortasuna eta aniztasuna galtzen ari bait da», dio testuak.