NAIZ

Palestina, Kolonbia, Sahara eta Kurdistanen aldeko mobilizazioa deitu dute sindikatuek

Palestinak, Kolonbiak, Saharak eta Kurdistanek pairatzen dituzten erasoen kontrako mobilizazioa deitu dute ELA, LAB, CCOO-Euskadi, UGT-Euskadi, ESK, Steilas, EHNE Bizkaia, Etxalde eta Hiru sindikatuek igande honetarako Donostian.

Naqba Egunarekin bat Palestinaren kontrako erasoa salatzeko larunbatean Bilbon egin zen elkarretaratzea. (Monika DEL VALLE/FOKU)
Naqba Egunarekin bat Palestinaren kontrako erasoa salatzeko larunbatean Bilbon egin zen elkarretaratzea. (Monika DEL VALLE/FOKU)

Palestinan, Kolonbian, Saharan eta Kurdistanen gertatzen ari diren erasoak salatzeko mobilizazioa deitu dute iganderako (12.30, Bulebarrean) ELA, LAB, CCOO-Euskadi, UGT- Euskadi, ESK, Steilas, EHNE Bizkaia, Etxalde eta Hiru sindikatuek. Maiatzaren 11n sindikatu hauek Palestinaren aldeko manifestua ere aurkeztu zuten.

«Kapitalaren interesak defendatzeko indarkeria eta gatazka erabiltzen dituzten estatu hetero-patriarkal, klasista, arrazista eta militarizatuen aurrean gaude. Basakeria guzti honen aurrean, herriek mundu berri bat beharrezkoa izateaz gain posible dela aldarrikatu eta gure indarrak justiziaren eta askatasunaren alde batzen jarraituko dugula esaten dugu», aldarrikatu dute sindikatu hauek.

«Israelek, gaur egun, Palestinako herriaren aurkako bortizkeria eta kolonizazio makineria guztiarekin jarraitzen du. Jerusalemen 600 pertsona baino gehiago zauritu zituen indarkeriari Gazaren aurkako enegarren eraso militarra gehitu behar zaio. Errepresio estrategia honen testuinguruan 200 pertsona baino gehiago hil ditu Israelek Gazan, eta, zoritxarrez, kopuruak gora egiten jarraitzen du. Langile humanitarioak espetxeratu dituzte; hala nola, Health World Committees Palestinako osasun erakundean Proiektuen Koordinatzaile gisa lan egiten duen Juana Ruiz. Palestinako herriak greba orokorra deitu du gaurko, eta gure babes osoa ematen diogu», gogoratu dute.

«Kolonbian Ivan Duqueren Gobernuak herria bortizki erasotzen jarraitzen du. Apirilaren 28az geroztik, 47 pertsona hil dira ustez indar publikoaren ekintzen ondorioz; 16 pertsona genero indarkeriaren biktima izan dira indar publikoen eskuetan, 32 pertsonek begietako lesioak dituzte eta 32 suzko armekin zaurituak izan dira; 67 pertsona giza eskubideen defendatzaile erasotuak izan dira; 1.291 pertsona atxilotu dituzte legez kanpoko prozedura arbitrarioen bidez, eta tortura nahiz tratu ankerrak jasan dituzte, eta 548 pertsona ustez desagertu dira gizarte protestaren esparruan», salatu dute.

«Mendebaldeko Sahara, 2020ko azaroaren 13an, Marokok 1991tik indarrean dagoen su-etenerako Akordioa nahita urratuz Guerguerat-eko zerrenda inbaditu zuenetik gerra egoeran dago. Sultana Khaya ekintzaile sahararrak salatu duenez, paramilitar marokoarrak bere etxean sartu eta bera nahiz bere ahizpa bortxatu dituzte. Giza eskubideen urraketa larri hauek Marokoren okupazioari eta nazioarteko komunitatearen utzikeriari aurre egiten dion saharar herri baketsu bati inposaturiko gerra testuinguru batean gertatzen dira. Sindikatu sinatzaileok datozen egunetan gure herri eta hiriak zeharkatuko dituen saharar herriaren askatasunaren aldeko martxa babesten dugu», azaldu dute.

«Kurdistanek herri bezala biziraun ahal izateko erresistitzen eta borrokatzen jarraitzen du. Abdullah Öcalanek 22 urte baino gehiago daramatza preso. Turkiako estatuak Sinyarreko biztanleen bizitzak arriskuan jarriz herri kurdua erasotzen jarraitzen du, eta Turkiako Parlamentuko hirugarren indarra den Kurduen eskubideen aldeko Herrien Alderdi Demokratiko-ko (HDP) 108 militanteek, Kobane hiri kurduaren setioa salatzeagatik, 38 bizi osorako kartzela zigor eta 19.000 urtetako kartzela zigor eskariei egin behar diete aurre», diote.