Nerea Goti

1937ko bonbardaketan hil ziren heldu eta haur haien hainbat istorio bildu ditu Galdakaok

Galdakaon 1936ko gerran herriak bizi izan zuen bonbardaketa larriena oroitzeko ekitaldia egin dute asteazken honetan eguerdian. Hamasei herritar hil ziren orduan, haurrak haietako asko. Memoria piztuta, haur haien testigantza ezagunak eta berriak bildu ditu ekitaldiak.

Herritarren lore eskaintza, bonbardaketako biktimak oroitzen dituen monolitoan. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Herritarren lore eskaintza, bonbardaketako biktimak oroitzen dituen monolitoan. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Gaurkoa bezalako eguazten bat izan zen Francoren agindupeko hegazkinek Galdakao bonbardatu zuten 1937ko maiatzaren 19 hura. Sirena hotsek hegazkinen etorreraren berri eman zuten, baina herritar askok ez zuten Plazakoetxeko babeslekuan sartzeko astirik izan.

Egun horretan hamasei lagun hil ziren babeslekuaten inguruan, haur batzuk haien artean, baina ez zen izan udalerriak jasan zuen bonbardaketa bakarra. Burdin Hesian kokatuta, herria puntu estrategiko bat izan zen 1936ko gerran, Udalaren ekimenez hiriguneko gune ezberdinetan kokatu diren informazio panelek erakusten dutenez.

Eguerdian, sirena hotsekin abiatu da oroimen ekitaldia Udala atontzen ari den Plazakoetxeko babeslekutik metro eskas batzuetara. Bertan izandako biktimen izenak aipatu dituzte jarraian. Osasun egoera dela eta, ekitaldia ez da herritarren parte hartzera zabaldu, baina online jarraitzeko aukera eman dute.

Udal taldeetako ordezkarien ondoan, biktimen senitartekoek hartu dute parte lore eskaintzan, eta ekitaldiaren ostean historialari baten laguntzarekin babeslekura egin den bisitan.

Ekitaldiak ezagutzen ez ziren testigantza batzuk jasotzeko balio izan du. Izan ere, senitartekoen artean bonbardaketatik bizirik ateratako lagun batek bere istorioa kontatu du ekitaldiaren ostean. Bost urte zituen, eta bere besotik tiratu zuen herritar batek atera zuen hondakinen azpitik. Ahizpa nagusia, ama eta amama galdu zituen egun hartan. «Neba-arrebok bakarrik geratu ginen», kontatu dio NAIZi.

Iñigo Hernando alkateak gogoratu du hamarka izan zirela herriak aire bidez jasan zituen erasoak, eta gutxienez 40 lagun hil zirela zehaztu du, 27 bonbardaketen ondorioz eta hiru lurreko artilleriaren eraginez.

Mina forma duen aztarna

Memoria historikoaren berreskurapenaren beharraren inguruan, Hernandok nabarmendu du pasarte krudel horiek ezabatu ez den aztarna utzi dutela herrian, eta neurri handi batean min horiek bertan zeudela eratu dela gaurko Galdakao. «Horrek gure herriaren historia betiko aldatu zuen», adierazi du udal mandatariak.

Biktimen senitarteko bik hartu dute hitza ekitaldia ixteko. Moises Jugo bonbardaketan hil zen hamaika urteko haurraren anaiak eta ilobak.

Enriquek eta Itziarrek kontatu dutenez «haurtazarorik gabeko haurtzaroa» bizi izan zutela kontatzen omen zuten etxean. Biek nabarmendu dute urte askotan isilpean edo etxeko giroan soilik aipatzen ziren getakariak izan zirela. «Minean eta isiltasunean hazi ziren», azaldu dute, eta gogora ekarri dute bonbardaketan bizia salbatzea lortu zuen bere senide batek askotan errepikazten zuela «gerrarekin ez dago zoriontasunik».

1936ko gerrako biktimen omenezko aurreskua eta lore eskaintzaren ondoren, berreskuratzen ari den Tximelarreko babeslekuaren inguruko datuak eskaini ditu Ander Aperribai historialariak.