NAIZ

2020an 3.052 pertsona hil ziren EAEn covid-19aren eraginez, guztien %12,6, Eustaten arabera

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 24.237 heriotza izan ziren 2020. urtean, eta horietatik 3.052 covid-19ak eragin zituen, hau da, guztien %12,6. Heriotza guztietatik, 12.186 emakumeak eta 12.051 gizonak izan ziren, Eustat estatistika erakundeak jakinarazitako behin behineko datuen arabera.

Anbulantzia bat, Donostia Ospitaleko larrialdetara iristen. (Gorka RUBIO/FOKU)
Anbulantzia bat, Donostia Ospitaleko larrialdetara iristen. (Gorka RUBIO/FOKU)

Aurreko urtearekin alderatuta, heriotzen kopurua %12,4 hazi zen EAE osoan 2020an. Herrialdeka, heriotzak %19,3 gehitu ziren Araban, %12,7 Gipuzkoan eta %10,7 Bizkaian.

Iaz izandako heriotzen artean, 39 urtebetetik beherako haurrenak izan ziren, 2019an baino gutxiago, orduan 43 hil baitziren. Bestalde, 100 urte edo gehiagoko 332 pertsona hil ziren joan den urtean, 2019an baino 26 gehiago.

Horrela, 2020ko behin behineko datuekin, EAEko hazkunde begetatiboa negatiboa izan zen berriro, baina 2019an baino handiagoa, heriotzak jaiotzak baino 9.516 gehiago izan baitziren. Herrialdeka, Bizkaiak 5.933, Gipuzkoak 2.716 eta Arabak 867 biztanle galdu zituzten hori zela eta.

Bestalde, 3.052 heriotza gertatu ziren covid-19aren ondorioz, arrazoi nagusi gisa, guztirakoaren %12,6. Heriotza horiek bi taldetan sailkatzen dira: covid-19aren ondoriozko heriotzak, analisi espezifikoarekin egiaztatuak, 2.738 izan ziren, eta covid-19aren ondoriozko heriotza probableak 314 (analisi bidez egiaztatu gabeko kasuak, baina covid-19a da parte medikoaren heriotza kausa nagusia). Heriotza horien guztien %74,5 EAEko ospitaleetan gertatu ziren, eta %21,3 egoitza soziosanitarioetan.