NAIZ

Covidaren aurkako txertoen patenteak bertan behera uzteko eskatu du Europako Parlamentuak

Europako Parlamentuko batzarrak Indiak eta Hegoafrikak bultzatutako aldarrikapenarekin bat egin eta koronabirusaren kontrako txertoen patenteak behin-behinean baliogabetzeko eskatu dio Europako Batasunari, botika horiek jende guztiarengana iritsi daitezen.

Aldi baterako behintzat koronabirusari aurre egiteko txerto, lan talde eta tratamenduen jabetza intelektualerako eskubidea baliogabetzea eskatu du Europako Parlamentuak. (Apu GOMES / AFP)
Aldi baterako behintzat koronabirusari aurre egiteko txerto, lan talde eta tratamenduen jabetza intelektualerako eskubidea baliogabetzea eskatu du Europako Parlamentuak. (Apu GOMES / AFP)

Indiak eta Hegoafrikak abiatutako aldarrikapenari segituz, covid-19aren kontrako txertoen patenteak behin-behinean behintzat bertan behera uzteko eskaria egin dio Europako Parlamentuko batzarrak Europako Batasunari. Aldeko 293 boto, kontrako 284 eta 119 abstentziorekin atera da aurrera eskakizuna, Ezkerreko taldeak ostegun honetan onartu den hiesaren inguruko ebazpen bati aurkeztutako emendakin baten bidez.

«Garatze bidean diren herrialdeek» txertoak eskuratzeko «aukera berak izateko beharra» aipatzen da testuan, botika horiek jende guztiarengana azkar ailegatu daitezen. Horretarako Indiak eta Hegoafrikak Munduko Merkataritza Erakundearen (MME) aurrera eraman zuten egitasmoa babestu behar dela uste dute eurodiputatuek.

Botikei ezagutza konpartitzeko deia

Aldi baterako behintzat koronabirusari aurre egiteko txerto, lan talde eta tratamenduen jabetza intelektualerako eskubidea baliogabetzea eskatu du Europako Parlamentuak. Botikei, aldiz, beren ezagutza eta datuak partekatzeko deia egin die, Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) barrenean horretarako ezarrita dagoen bideari jarraituz.

Duela hilabete ildo bereko beste emendakin bat baztertu zuen batzarrak. Asteazkenean izandako eztabaida batean, Europako Batzordeko presidenteorde ekonomiko eta Merkataritza arduradunak, Valdis Dombrovskis-ek, aipatu zuen Bruselan «beste aukera batzuk ikertzeko irekiak» daudela, patenteak baliogabetzeko AEBen babesari erreferentzia eginez, baina argi utzi zuen EBrentzat txertoen ekoizpen- eta hornikuntza-ahalmena handitzea dela lehentasuna.