NAIZ

Irakasleen zaintza izango da ardatz nagusia Hik Hasiren Udako Topaketa Pedagogikoetan

Hik Hasi euskal heziketarako aldizkariak 25. urteurreneko Udako Topaketa Pedagogikoak aurkeztu ditu. Uztailaren 5ean, 6an eta 7an izango dira eta aurten irakasleen zaintzari aitortza berezia egingo diete.

Hik Hasiren Udako Topaketa Pedagogikoen aurkezpena. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Hik Hasiren Udako Topaketa Pedagogikoen aurkezpena. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Hik Hasi euskal heziketarako aldizkariak 25. Udako Topaketa Pedagogikoak aurkeztu ditu ostiral honetan, aurten irakasleen zaintza erdigunean jarriko dutenak. Ikastaro berriak dira aipatutako horiek, eta hain zuzen ere, aurtengo eskaintzaren ezaugarrietako bat, covid-19a eta zaintzaz gain, berrikuntza bera da, ikastaro berri ugari eskainiko baitituzte: ia erdia berriak izango dira.

EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko dekano Beñat Amenabarrek, Naiara Gorroño formatzaileak eta Hik Hasiko formazio arduradun Mikel Agirrezabalak eman duten Hik Hasiren 25. urteurrenek Udako Topaketa Pedagogikoen berri. Gaitegiaren ardatz garrantzitsuetako bat irakasleen zaintza izango da.

«Aurten errekonozimendu, aitortza eta eskertza berezia egin nahi diegu Euskal Herri luze zabaleko hezitzaileei. Ikaragarrizko lana egin dutelako, tentsio handiaren erdian eta exijentzia handiekin, haur eta nerabeak zaintzeko eta hezteko itzelezko lana egin dute ikasturte osoan, aurrekoan bezala. Horregatik, hainbat ikastarok pandemiak ekarri duen testuingurua izango dute ardatz edo zeharkako gai», adierazi du Mikel Agirrezabalak.

Topaketak uztailaren 5ean, 6an eta 7an izango direla eta uztailaren 5 arratsaldean 2. Hausnarketa kolektiboa egingo dutela iragarri dute. Izen-ematea zabalik dago Hik Hasiren webgunean ekainaren 15a arte. Kopuru mugatuak izango dira, neurri bereziengatik are mugatuagoak eta Hik Hasiren harpidedunek lehentasuna izango dute, baita prezio berezia ere.

Beñat Amenabar HEFAko dekanoak ikastaroak aurrez aurre egitea lortu izana albiste pozgarri gisa nabarmendu du, iaz bertan behera utzi behar izan baitziren, osasun egoeragatik.