Martxelo Diaz
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Xabier Montoia «peto-petoa» dator, loturarik gabeko ipuinetan lau urte eta gero

Ipuin sorta da ostiral honetan Xabier Montoiak aurkeztu duen ‘Taxiak ez dira inoiz gelditzen’ liburua. Lau urte zeramatzan Montoiak lanik argitaratu gabe. «Montoia peto-petoa datorkigu», nabarmendu du Josu Landak. Narrazio solteak dira, anitzak, eleberria izateko asmotik alde eginda.

Xabier Montoia liburu berriarekin Donostiako Alde Zaharreko arkupetan. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Xabier Montoia liburu berriarekin Donostiako Alde Zaharreko arkupetan. (Andoni CANELLADA/FOKU)

«Montoia peto-petoa datorkigu», definitu du Josu Landak ‘Taxiak ez dira inoiz gelditzen’  (Susa) narrazio liburua ostiral honetan Donostian egin duten aurkezpenean. Lau urte zeramatzan Xabier Montoia lanik argitaratu gabe. Bolada luzea. Izan ere, azken 24 urteotan lehen aldia da lau urte ematen dituela libururik argitaratu gabe.

«Itxaronaldiak merezi izan du», nabarmendu du Landak. Montoiaren 22. liburua da, eta zazpigarren narrazio-liburua. Eta lau urte pasa eta gero, Montoiazaleak badute zer irakurri.

Narrazio sorta

Narrazio sorta da ‘Taxiak ez dira inoiz gelditzen’, ez nobela. Hori zen Montoiaren asmoa lan hau egiterakoan. Umore beltzarekin batera, aniztasuna liburuaren ezaugarrietako bat dela nabarmendu du Landak, bertan denetariko egoerak fikzionatzen direlako. Montoia berak ere hasieran lehen eta azken ipuinak zirenak sortatik kendu ditu, narrazioa gehiegi borobiltzen zutelako, desiratzen ez zuen eleberriaren tankera hartuz.

Horrela, egoera ugari biltzen ditu Montoiak ipuin sorta honetan: Etortzen ez den taxian agertuko den amaren zain izeba-osabaren etxean maitemintzen den gaztetxoa. Geologia ikasle batek harriek sufritzen duten ala ez ideia planteatzen du. Barruko zaratatik ihes egiteko hippie komuna batera doanaren pasadizoa. Dealer baten harreman gatazkatsuak. Lagun talde batek mendekurako egiten dituen planak, gauzatuko diren ala ez jakin gabe, baina trakestasunean murgildurik. Eta abar.

Indefinizio horretan, narrazioetan ez da inolako aipurik istorioa noiz edo non gertatzen den jakiteko. Gauza argi bakarra Iruñea ez dela da, Opuseko Klinikara bidaia egin behar dutelako ipuin batean. Euskal Herria da, baina edozein hiri izan daiteke. Eta garaia ere ez dago argi.

Lotura minimoa

Dena den, bada ipuinen arteko lotura bat, minimoa bada ere. Bi emakume azaltzen dira guztietan. Batzuetan bat, besteetan bestea, noizean behin biak. Ane eta Maite. Eta ipuin guztiak lehen pertsonan idatzita daude, Ane edo Maiteren ikuspegitik. Atrebentzia den ala ez galdetu dio Landak Montoiari. Eta honek «topikazo» batekin erantzun: «Literatura askatasunaren lurraldea da».

Izan ere, Montoia «peto-peto» horrek «burutik pasatzen zaiona idazten du», gaurko aurkezpenean onartu duenez. Hasiera batean ez zuen pentsatu bi emakumeena, baina prozesuaren amaieran bi emakumeak, Ane eta Maite, hor zeuden.

Traizioa

Landak ere beste lotura bat topatu du, ipuinak «transbersalki lotzen dituen haria». «Montoiaren ibilbidean obsesioak nahiko konstanteak dira: traizio eta saldukeria, mendekua, jendearen gainbehera, infernurako jaitsiera», aipatu du. «Montoiaren mundu miresgarritzat» jo du Landa. «Traizioaren kontu hori kritika guztietan azaltzen da. Egia izango da, beraz. Baina nik ez diot neure buruari horretaz idatziko dudala esaten», erantzun dio Montoiak.

«Nik ez ditut pertsonaiak infernura bidaltzen, beraiek joaten dira. Irudi batetik abiatzen naiz, ez dut amaieran pentsatzen», azaldu du Montoiak. Hasierako ideia hori garatu egiten du, gauzak jarriz eta gauzak kenduz. «Pertsonaiek egiten dituzten gauzak harrigarriak dira niretzako ere», onartu du. Osaketa prozesuan «lapurtu egiten dut, handik eta hemendik gauzak hartuz, ikusi dudana, entzun dudana, irakurri dudana».

«Idazle morala»

Landaren arabera, Montoia «idazle morala» da, «balio moralen eta haien galerari buruzko hausnarketa» egiten baitu. «Zertan datza hori? Montoiaren liburuetan, pertsonaietan oso maiz norbere edo gizartearen ustezko kode moralaren apurketa bat ematen da. Transgresio deitu daiteken horrekin aurrez aurre jartzen ditu pertsonaiak. Maiz sexuarekin lotuak daude, sexuaren alderdi txungoarekin. Boterekeriarekin ere, ez soilik instituzio edo alderdiena, familia edo lantokietako ere. Inoiz ere ez da azaltzen salaketa moduan, literatura idazlea baita. Dilema moral edo etikoen aurrean jartzen du irakurlea. Gero, irakurleak jakingo du zer egin», adierazi du Landak.

Montoiarentzat, berriz, idazteko motibazioa gustatzen zaiolako da. «Ez da gauza transzendentala, ongi pasatzen dudalako idazten dut. Argitaratuko ez banu ere, idazten jarraituko nuke. Zenbaitek orri txuriari dioten beldurra ez da erraz ulertzen. Sufrikarioa bada, ez egin, ez idatzi. Masokista ez bazara, noski. Ni masokista xamara naiz, baina ez hainbeste».

Gozatzeko jarduera honek, idaztearenak, badu Montoian jatorri errebelde bat. «Aitarengatik hasi nintzen idazten poesia. Nire aitaren kontra», azaldu du. Lehen pentsatzen zuena eta orain pentsatzen duena desberdinak direla nabarmendu ondoren, nerabea zenean, 16 urterekin, aitak hamarretarako etxean izateko agindua ezartzen ziola kontatu du. Lagunei, ordea, beranduago uzten zioten. Eraman ezina egiten zitzaion egoera hori, eta errebeldiaz poesia idazten hasi zen. «Zure aitari euskal literaturak omenaldia egin beharko dio ba», azpimarratu du Landak.