Mikel Zubimendi
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

«Apartheid», hitz bat mila misil baino indartsuagoa denean

Israelgo eta nazioarteko giza eskubideen aldeko erakundeak «apartheid» hitza erabiltzen hasi dira. Munduko plaza askotan egin da ikusgarri, sektore eta mugimendu ugarik berenganatu dute, tabu izatetik komunikabide globalen editorialetara igaro da. Ez da kontu hutsala.

Los Angeles, California. (PATRICK T. FALLON / AFP)
Los Angeles, California. (PATRICK T. FALLON / AFP)

Supremazismoa, herri bat sistematikoki beste herri baten nagusi izatea bultzatzea, hori da Israelgo – B’Tselem kasurako– eta nazioarteko giza eskubideen aldeko hainbat taldek –Human Rigths Watch (HWRW)– egin duten salaketa: Israel apartheid estatu bat da. Diotenez, zaila da, ezinezkoa, lurralde hartan egun bat bizitzea herri bat eta bakar bat, herri judua, pribilegiatzeko den-dena egiten dela sentitzeke. Jordan ibaitik Mediterraneo itsasoraino bizi den jendeak –erdiak palestinarrak– bi errealitate bizi ditu eta bien arteko amildegiak dena betetzen du: airea, odola dario, nonahikoa da.

Lurrotan, pertsona batzuk jende dira eta beste batzuk jendilaje. Parekotasun demografikoa dago baina herri batek soilik ditu botere politikoa, lurraldearen baliabideak, eskubideak, askatasunak eta babesak, horien guztien jabe da. Ekialde Hurbileko demokrazia bakarra dela esaten da, horrela komertzializatzen da munduan, eta, ondoan, kolarekin itsatsita balego bezala, militarki okupatzen duen beste herri bat dauka. Gobernu bat dago denentzat, bakarra, eta printzipio bakar bat: zentimetro karratu bat bera ere ez egotea non palestinarrak eta juduk berdinak izango diren, lehen eta bigarren mailako izaten jarraitu behar dute, jendea eta jendilajea.

Ez da ez Hegoafrikako apartheida bezain itsusia, sofistikatuagoa da, ez dituzu hondartzetan «zuriak bakarrik» iragarkiak ikusiko. Baina azalaren kolorea ez da apartheid-aren oinarri material bakarra. Eufemismoak erabiltzen dira maiz. Israelek ikasi zuen Hegoafrikatik: aldarrikapen eta lege esplizituegiak ez dira onak, askoz hobea da praktika baztertzaileen pilaketa lasai, paziente eta graduala, nazioarteko komunitatea ez aztoratzeko-edo.

Ez da kontu berria. 1961ean esan zuen Hendrik Verwoerdek, Hegoafrikako apartheidaren arkitekto eta garaiko lehen ministroak, HRWk orain esaten duena: «Israel, Hegoafrika bezala, apartheid estatu bat da». Hegoafrikaren eta Israelen arteko harremana aspaldikoa da. Apartheidaren azken urteetaraino, Pretoriak lotura militar eta komertzial estuak zituen Tel Aviv-ekin. Hegoafrikako artxibo nazionalen arabera, Israelek eta apartheidaren erregimenak arma nuklearren inguruko ikerketa bateratua jorratu zuten, Afrikako hegoaldean egon ziren nazio askapenerako mugimenduen kontra batera borrokatu ziren, Israelgo enpresaburuek Hegoafrikakoei laguntza eman zieten boikotari iskin egiteko. Hegoafrikako apartheida desegiteko 1994an abiatu prozesuaren oinarri bat herrialdeak Israelekin zuen aliantza aldatzea izan zen.

Egun, 60 urte geroago, Israelen apartheidaren iradokizuna ez da guztiz desagertu, are gaurkotasun eta indar berria hartu du. Fayez Sayegh palestinar jatorriko akademiko estatubatuarrak 1965an idatzi zuen «Palestinan apartheida ezartzen» ari zirela. 1970eko hamarkadan Edward Saidek Israelen eta Palestinaren arteko harremana «egitezko apartheid, arpilatze eta desplazamendu prozesu espezifiko eta jarraitua» bezala ezaugarritu zuen. Pentsalari palestinar eta israeldar askok, Elia Zureik, Uri Davis, Leila Farsakh edo Ilan Pappe bezalakoak, apartheid horren azterketa sakonak egin zituzten. Desmond Tutu edo Ronnie Kasrils bezalako hegoafrikarrek Israelek bizi izan zituzten esperientziak gogoratzen zizkiela aipatu zuten.

«Apartheid» hitza erabiltzea eskandalagarria da Israelen. Genozidio baten errautsetatik sortu zen demokrazia bat afrikanerren erregimen arrazistarekin aldaratzea jasangaitza da. Eta are Israeleko giza eskubideen erakunde handienak edo HRW bezalakoek egitea. Zaila da «antisemitak» diren akusazioa sinesgarri egitea. Baina errealitatea da, gero eta jende gehiagok, gero eta jende gazteagoak, munduko bazter guztietan, hitz horrekin deskribatzen duela errealitatea. “Haaretz” egunkari israeldar aurrerazalean bertan, Gideon Levik kazetariak «iraultzailetzat» jo zuen hitz hori erabiltzeko ausardia eta bere herrikideak errealitatea aitortzera, «apartheid estatu batean bizi garela aitortzera» deitu zituen.

Apartheida, bestalde, krimen global bat da, gizateriaren aurkakoa, Nazioarteko Zigor Auzitegiak epaitua. Apartheida ezartzen duen estatua zigortu egin behar dela dio nazioarteko zuzenbideak eta Nazio Batuen Erakundeko kide guztiek egoera ilegal hori ezin dute aitortu, ezta lagundu ere. Horrek kokagune ilegaletako produktuak debekatzea eskatzen du, eta eragina dauka harreman diplomatiko, ekonomiko eta politikoetan.

Hitzek, erretorikak, garrantzia handia dute hemen. Ez dira hitz berdinak «gatazka» eta «okupazio militar», ezta «kolonialismo» eta «apartheid» ere. Ideologia ezberdinak adierazten dituzte, marko legal eta mental ezberdinak, eta beraz, israeldar eta palestinarrentzat obligazio ezberdinak.

Iragana traumaz eta injustiziez beterik dago. Orainak injustizia handiagoak ekarri ditu. Etorkizunak errotik behar du ezberdina, supremazismorik gabea, justiziarekin eta gizatasun partekatuarekin konpromiso betean eraikia. Apartheida denari horrela deitzea ez da desesperatuen ekintza, inondik ere, argitasun moral handikoa da, esperantzarako bidean urratsa. Errealitatea ikusi eta barkamena eskatu gabe izendatzea, etorkizun justu baten oinarrian dago. Ez dago jakiterik sabaia non dagoen eta noiz hautsiko den, baina arrakalak gero eta ikusgarriagoak dira..