NAIZ

Egiari Zorrek Txirritarekin gertatu zena argitu eta aitortzearen aldeko ekitaldia egin du

45 urte igaro dira Bernardo Bidaola Atxega ‘Txirrita’ tolosarra Sara eta Etxalar artean desagertu eta hainbat egunetara hilik agertu zenetik. Baina oraindik ez dago argi zer gertatu zitzaion. Egiari Zor Fundazioak ekitaldia egin du, «egia jakin eta Estatuaren biktimak aitortzeko garaia delako».

Makina bat herritar elkartu da Tolosan, Txirritaren omenez eta egia argitara ateratzearen alde Egiari Zor Fundazioak antolatutako ekitaldian. (Idoia ZABALETA/FOKU)
Makina bat herritar elkartu da Tolosan, Txirritaren omenez eta egia argitara ateratzearen alde Egiari Zor Fundazioak antolatutako ekitaldian. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Egiari Zor Fundazioak ekitaldia egin du igande honetan Tolosako Euskal Pizkunde plazan, hain justu bertako Bernardo Bidaola Atxega ‘Txirrita’ hilik agertu zela 45 urte pasatu direnean. «Txirritarena bezalako eskubide urraketak behingoz ofizialki aitortzea beharrezkoa da etorkizuneko bizikidetza eraikitzeko», nabarmendu du.

Lau hamarkadatik gora igaro dira militante gaztea Sara eta Etxalar arteko mugan desagertu eta hainbat egunetara hilik topatu zutenetik. Garaian poliziaren bertsioak Txirritak buruan tiroa jota bere buruaz beste egin zuela aditzera eman bazuen ere, 2018an egindako autopsiak agerian utzi zuen ez zela hala izan. Hortaz, urte luzez egindako galdera bizi-bizi dago oraindik: «Zer gertatu zen Txirritarekin?». Erantzukizunik ere ez du inork hartu.

Ekitaldian, Egiari Zorrek Estatuari eta berau sostengatzen duten indar politikoei dei egin die «ezkutuan mantendu duten informazioa desklasifikatu dezaten eta behingoz dagozkien ardurak beren gain hartu ditzaten».

Euskal Herriko instituzioei ere zuzendu zaie, udalei, Foru Aldundiei, eta Lakuako eta Nafarroako gobernuei: «Urratsak ematea beharrezkoa da ofizialki aitortzeko Txirrita Estatuaren biolentziak hil zuela, horretarako nahikoa froga daudelako».

«Gure geografian mota askotako indarkeriak elkarbizi izan dira, min eta sufrimendu handia sorrarazi dutenak. Zorionez, indarkeriaren biktima batzuek zegokien aitortza jaso dute dagoeneko. Aldiz, ez da horrelakorik egon Estatu aparatuek praktikara eramandako indarkeriek kaltetutakoentzat», adierazi du Eneko Etxeberri fundazioko kideak bere hitzaldian.

«Gaurkoan Txirrita dugu gogoan Tolosako Euskal Pizkunde plaza honetan, bera bizi izan zen auzoan bertan. Baina, tamalez, ehundaka dira, Txirritaren moduan, Estatuak baliatutako indarkeria anitzen ondorioz bizitza galdu duten pertsonak».

Horregatik, aldarrikatu du «ezinezkoa dela etorkizuneko elkarbizitza demokratikoa eraikitzea heriotza horiek, eskubide urraketa larri horiek aintzat hartzen ez baditugu, aitortzen eta erreparatzen ez baditugu».

Ipar Euskal Herrian babestu zen

Txirrita Lizartzan jaio zen, baina hamalau urterekin Tolosara joan zen bizitzera familiarekin batera, ekitaldia egin den plazaren ingurura, hain zuzen ere. Pilota, mendia eta bertsoak izan zituen afizio.

1974an Guardia Zibilak sarekada batean atxilotu zuen, soldadutzatik baimenarekin etorrita zegoen orduan. Egun gutxira aske utzi zuten, baina laster Gipuzkoatik ihes egin eta Iparraldean babestu behar izan zuen bere burua berriro atxilotu ez zezaten.

Suizidioaren zantzurik ez

1976ko apirilaren 24an Guardia Zibilak Txirrita eta beste hiru militante Etxalar inguruan topatu zituen, muga zeharkatzera zihoaztenean. Bik ihes egitea lortu zuten. Beste bi, berriz, 22 urteko Txirrita tarteko, zauritu eta atxilotu egin zituzten. Iturri ofizialek, hala ere, pertsona bakar baten atxiloketaren berri eman zuten. Ez zegoen, hortaz, Txirritaren berririk.

Iñaki Egañak sinatutako erreportajean jasotzen denez, hainbat bilaketa egin ziren, baina denak alferrik. Hilabete bat baino gehiago pasatu zenean, maiatzaren 28an, Bidaolaren gorpua agertu zen Sarako baso batean, aurretik sarri miatutako inguru berean. Barne Ministerio espainiarrak berehala esan zuen gazteak bere buruaz beste egin zuela. Eta bertsio horri eutsi dio gaur egunera arte.

Baina 2018an, gorpuari bigarren autopsia bat egin ziotenean, besteak beste Paco Etxeberriarekin, ez zuten suizidioaren inongo zantzurik ikusi. Bala-zulo bakarra zuen gorpuak orpoan, eta hori ezin zen heriotzaren erantzule izan. Horrez gain, mediku forentseak heriotza hilabete lehenago gertatu zenaren adierazleak ere topatu zituen gorpuan.

Hainbat galdera airean

«Hortaz, zer gertatu zen Txirritarekin? Modu estraofizialean atxilotu zuten? Horrela izan bazen, zenbat denbora pasa zuen Guardia Zibilaren eskuetan? Non eduki zuten hilda agertu zen bitarte luze horretan? Nork utzi zuen gorpua leku hartan?». Galdera horiek oraindik airean daudela eta benetan zer gertatu zen jakiteko ordua dela aldarrikatu du Egiari Zorrek.