NAIZ

Emakume eta Pilota batzorde berria aurkeztu du Nafarroako Federazioak

Zazpi emakumek osatzen dute eta bere helburua emakumeek jokamolde desberdinetan gehiago parte hartzea eta federazioaren kudeaketa lanetan ere emakumeen presentzia sustatzea izango da. Hasteko, jaialdi berezia antolatu dute ostiralean Labriten.

Federazioko ordezkariak eta hainbat pilotari, gaur Labriten egindako aurkezpen ekitaldian (Jagoba MANTEROLA / FOKU)
Federazioko ordezkariak eta hainbat pilotari, gaur Labriten egindako aurkezpen ekitaldian (Jagoba MANTEROLA / FOKU)

Nafarroako Esku Pilota Federazioak (NEPF) abian ipini berri duen Emakume eta Pilota Batzordea gaur aurkeztu dute Labriten. Helburua emakumeek jokamolde desberdinetan gehiago parte har dezaten lan egitea da, eta federazioaren kudeaketa lanetan ere emakumeen presentzia sustatzea.

Batzordea zazpi emakumek osatzen dute: Andrea Lusarreta, Yolanda Dufur, Nerea Ariz, Eider Tarraka, Marina Rebilla, Aitziber Rodriguez eta Irati igoa. Gaurko aurkezpenean, Lusarreta izan da datozen lau urteetan batzordearen helburu nagusiak aipatu dituena, eta ekitaldia baliatu du bezperan aurkeztu zen Ados Pilota emakumezkoen klub berriari bere babesa adierazteko.

Gaur egun 227 emakume omen daude pilotan federatuta Nafarroan, eta batzorde berriak beste bultzada bat eman nahi duen arren, gogoratu du federazioak aspalditik egiten duela lan pilota emakumeen artean zabaltzeko. Aipatu dituen ekintzen artean ikastetxeetan eta klubetan egindako sustapen-programak, antolatzen dituzten emakumeen campusa eta Nafarroako txapelketak, jokamolde desberdinetako Nafarroako emakumeen selekzioak eta aurrera eramaten dituzten jaialdiak leudeke.

Javier Conde Zandueta presidenteak ere Nafarroako Federazioak emakumearen alde apustu garbia egiten duela esan du eta hori argi ikusten dela lortutako kirol emaitzetan, adibide moduan Espainiako Txapelketan eskuratutako garaipen eta lorpenak jarriz.

Jaialdi berezia ostiral honetan Labriten

Ekintza horiei beste bat gehituko zaio ostiral honetan. Izan ere, Labriten ostiralero antolatzen diren afizionatuen pilota jaialdien barnean, ostiral honetakoak emakumeak izango ditu protagonista. Emakume pilotariek lau neurketa jokatuko dituzte lau jokamolde desberdinetan.

Zesta puntan Carcavilla-Lyubenov eta Elia-Revilla bikoteak neurtuko dira; eskuz pilota goxoarekin Ibarrola-Lasa eta Zabaleta-Oskoz; paleta gomaz Espinal-Igoa eta Murillo-Ardanaz izango dira nor baino nor; eta eskuz baina pilota mistoarekin Aldaregia-Ruiz de Larramendi eta Arrieta-Elizalde.

Jaialdia 17.00etan hasiko da eta sarrera dohainik izango da, 285 pertsonako gehienezko edukiera bete arte.