NAIZ

Bretainia, Katalunia, Okzitania eta Euskal Herriko hizkuntza bulegoetatik mezua Macroni

Bretainia, Katalunia, Okzitania eta Ipar Euskal Herriko hizkuntza erakundeetako arduradunek gutun irekia plazaratu dute gaur iluntzean. Frantziar presidenteari dei solemnea egin diote Konstituzioaren 2. artikulua aldatzeko lege-proposamena lehenbailehen proposatu dezan.

Antton Curutcharry, Euskararen Erakunde Publikoko arduraduna da gutunaren sinatzaileetako bat. (Guillaume FAUVEAU)
Antton Curutcharry, Euskararen Erakunde Publikoko arduraduna da gutunaren sinatzaileetako bat. (Guillaume FAUVEAU)

«Haserre gaude, ez dugu ulertzen, ez dugu onartzen», adierazi dute tokiko hizkuntzen garapenaren ardura daukaten lau erakunde publikoetako ordezkariek.

Charline Clavau, Okzitanieraren Erakunde Publikoaren presidentea; Carole Delga, Katalanaren Erakunde Publikoaren presidentea; Lena Louarn, Bretoieraren Erakunde Publikoaren presidentea eta Euskararen Erakunde Publikoko buru Antton Curutcharry dira, hurrenez hurren, frantses presidenteari zuzenduriko eskutitzaren izenpetzaile.

Konstituzioaren 2. artikulua «frantsesa ingelesetik babesteko idatzi zela» oroitarazi ondoren Molac legearen harira frantses Kontseilu Konstituzionalak emandako ebazpenak «aurrekaririk gabeko hondamendi» gisara definitu dute Bretainia, Catalunya, Okzitania eta Ipar Euskal Herriko hizkuntza erakundeetako arduradunek.

Oroitarazi dutenez «duela 50 urte baino gehiago, elkarteen murgiltze sailek, gure haurren murgiltze eskolaratzea daramate eta haur arras elebidunak ekoizten dituzte, frantsesa eta tokiko hizkuntza menderatzen dituztenak».

Ikastoletan soilik ez azkeneko 20 urtetan sare katoliko zein publikoan martxan emandako esperimentazio sistemek eman duten emaitza nabarmendu dute gutunean aipaturiko lau erakundeeako ordezkariek, Emmanuel Macroni galdera zehatza eginez: «Murgiltze ereduko irakaskuntzak, bi hizkuntzak, frantsesa eta tokikoa, transmititzeko, eta hiztun elebidun orekatu eta eleaniztasunerako gai direnak ekoizteko duen eraginkortasuna frogatu duen une berean, Konstituzio Kontseiluaren erabakiak, lorpen horien gelditzera jin liteke?».

Kontseilu Konstituzionalaren ebazpenak ekar dezakeen «gibelatze eta deseirekitzea» kudeatzeko prest ez direla erran dute argiki lau hizkuntza bulegoetako buruek.

«Eskualde-hizkuntzen alorrean, ez aitzinatzeak gibel egitea erran nahi duela» nabarmendu ostean «gibel egitea gure hizkuntzak kondenatzea delako ez dugu onartuko gure erakundeak, gibelkatze zentzugabe eta kontra-eraginkor baten antolamenduaren eta kudeaketaren gunea bilaka daitezen» oharrarazi dute.

Esperientziak erakutsi duela murgiltze bidezko irakaskuntzaren arrakasta behin eta berriro mahaigaineratu ondoren Konstituzioaren 2. artikuluak irakaskuntza hori ezinezko egite duela agerian jarri dute.

Finean dei solemne luzatu diote Eliseoko maizterrarri: «Errepublikako Presidente jauna: proposa ezazu urgentziazko lege-proiektu konstituzional bat, Konstituzioaren 2. artikulua aldatzeko helburua duena».