NAIZ

18 urtetik gorakoen txertaketa zabaltzeko bezperetan, aise igo da eragin tasa Zuberoan

60tik gora kasu zenbatu dira biztanlego aski apala duten Zuberoako 30 herritan. Horrek eragin tasa emendatzea eragin du herrialdean. Ipar Euskal Herri mailan egoera egonkortzen den bitartean, 18 urtetik gorako jendeak maiatzaren 30etik goiti txertoa hartzeko hitzordua eskatu ahal du gaurdanik.

Adinaren irizpidea kenduta txertaketa azkartzea espero dute osasun agintariek. Irudian txertatze zentro bat, Bidaxunen. (Guillaume FAUVEAU)
Adinaren irizpidea kenduta txertaketa azkartzea espero dute osasun agintariek. Irudian txertatze zentro bat, Bidaxunen. (Guillaume FAUVEAU)

Oloroe-Donamariako Suprefeturak antolaturik, tokiko eragileekin eginiko bilera batean aztertu dute azken egunotan Zuberoan covid-19ak eragindako pandemiak izan duen bilakaera «kezkagarria».

30 bat herritan 60tik gora kasu agertu dira. Zifra gordinak eskuetan egoerak ez du hain larria ematen, baina behin eragin tasari begiratuta oso bestelakoa da irudia. Matematika kontua baizik ez da. Izan ere, 100.000 biztanleko 450eko intzidentzia tasa izatera heldu da demografia ahulena duen euskal herrialdea.

«Populazioari loturik ainitz da, baina herri bakoitzeko batez beste ‘soilik’ bi kasu izatea erran nahi du. Ezin dugu kluster edo agerraldi bati buruz mintzatu, geografikoki kasu batzuk bestetik isolatuak direlako», aztertu dute osasun adituek.

Hala eta guztiz ere egoera kontrolpean ezartzeko neurriak agintzeko prest azaldu da Estatuaren delegazioa.

Auzapezekin izandako bilkuran, Estatuko ordezkariek neurri sanitarioak ez errespetatu izanari –baita kontaktu kasuak ez jakinarazteari ere– egotzi diote emendatzea, Euskal Irratiek zabaldu duten informazioaren arabera.

Bilera berri bat heldu den ekainaren 16an

Bestalde, Zuberoko auzapezek engaiamendua hartu dute herritarrei zuhurtziaz joka dezaten deia zabaltzeko. Hala ere, aipaturiko bilkura baliatu dute alkateek txertaketa sistemak sortzen dituen arazoak mahaigaineratzeko, beraien esanetan esperotako emaitzarik ez baitira lortzen ari.

Ekainaren 16an beste bilkura bat eginen dute auzapezek eta Suprefeturako ordezkariek.

Ordurako populazio orori zabalduko zaio txertoa hartzeko aukera. Txertaketaren aitzinamenduak lagundu behar luke pandemia menpean hartzeko orduan.

Hain zuzen, gaurdanik, 18 eta 50 urte arteko herritar guztiek hitzordua har dezakete Interneteko plataformen bidez. Heldu den astelehenean zabalduko da adin guztietako jendeari txertaketa frantziar Estatuan bezala baita Ipar Euskal Herrian ere.

Maiatzaren 25ean emandako datuen arabera Ipar Euskal Herria barne duen Pirinio Atlantikoen departamenduan populazioaren %42,3k dagoeneko txertoaren dosi bat jaso du.