Apirilaren 28tik, protestak hasi ziren egunetik, maiatzaren 26ra bitarte, Temblores gobernuz kanpoko erakundeak Grita plataformaren bidez 3.155 polizia-biolentzia egoera erregistratu ditu. Epe horretan, manifestazioen testuinguruan, 60 pertsona hil dituzte –43 hilketa Indar Publikoari leporatzen dizkiote eta beste 18 ikertzen ari da Temblores; non eta nola gertatu ziren, testuingurua, metodologia eta ustezko egilea–, 955ek biolentzia fisikoa pairatu dute, 46 lagunek begietan zauriak izan dituzte eta 1.388 atxiloketa arbitrario izan dira, Tembloresek jakinarazi duenez. Era berean, poliziaren edo militarren eskuetan sexu biolentzia pairatzeagatik 22 salaketa jaso ditu eta Poliziak suzko armekin 165 tiro gin dituela salatu du.
Eskubide urraketa horiek ikertzeko, maiatzaren 14an Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarrak Kolonbiara joan ahal izateko egin zuen bisita eskaera onartzea exijitu dio Ivan Duqueren Gobernu uribistari. Astelehenean bertan presidenteorde eta Atzerri ministroa den Martha Lucia Ramirezek esan zuen lehenengo denbora utzi behar zaiela Kolonbiako kontrol organoei salaketak ikertzeko eta beren lana egiteko, eta ondoren erabakiko dutela ea Batzordearen bisita beharrezkoa den ala ez.
Sare sozialetan, baina, Duque presidenteari gogorarazi zioten 2019. urtean Giza Eskubideen Gorte Interamerikarraren saioen irekieran, Barranquillan, Nazioarteko Zigor Gorteak Venezuelan gertatzen ari ziren ustezko krimenak ikertu behar zituela esan zuela, bere hitzetan, «egunero giza eskubideak zapaltzen dituen diktadura bihurtu baita eta Gorteak venezuelarren eskubideen defentsa bere gain hartu behar du inpunitateari amaiera emateko».
Batzorde Interamerikarra
Atzerri ministroak adierazpen horiek egin eta hurrengo egunean, Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarrak bigarren komunikatu bat kaleratu zuen, maiatzaren 14koa baino askoz luzeagoa eta zorrotzagoa. Gobernu kolonbiarrari hainbat eskaera berresten dizkio, horien artean, herrialdera joateko baimena; protesta eskubidea bermatzea eta poliziaren edo militarren gehiegizko indarra saihesteko neurriak hartzea eta gertatu diren indarkeria kasuak ikertzea.
Estatuak Batzordeari igorritako txostenen arabera, apirilaren 28tik gutxienez 9.623 protesta egon dira 794 herritan. Batzordeak nabarmendu duenez, gutxienez 1.038 manifestaziotan hildakoak, desagerpenak, zaurituak eta sexu erasoak egon dira Indar Publikoen aldetik –Batzordeak 87 jasotzen ditu–. Maiatzaren 12an nerabe batek ustez bere buruaz beste egin zuen Popayanen kaletik zihoala mugikorrarekin grabatzeagatik polizia batzuek atxilotu eta bortxatu egin zutela salatu ostean.
Espresuki Lucas Villas gaztearen heriotza –maiatzaren 5ean Pereiran zortzi tiro jaso zituen mobilizazio batean zegoela–; Sebastian Quinterorena –maiatzaren 15ean hil zen Popayanen nahasmena eta zorabioa eragiteko granada baten kolpea jaso ostean–; eta Jhon Erik Larrahondorena –Calin hil zen hilaren 23an suzko arma batengatik– aipatzen ditu Batzordeak giza eskubideen urraketen adibide gisa.
Oso larritzat jotzen du 132 pertsonaren desagerpena. «Kezkagarria da egunak pasatu ahala pertsona horiek desagertuta jarraitzea, are gehiago, batzuk hilda azaldu direla jakinda, Cristian Torres liderra kasu, hilaren 14an hilik aurkitu baitzuten Leivan, Nariñon».
Manifestazioen lehenengo lerroan egon izan diren zenbait gazteren gorpuak aurkitu dituzte egunotan. Caliko Siloe auzoko bi manifestari Palmirara doan errepidearen albo batean hilik aurkitu zituzten. Auto istripu batean hil zirela esan zuten agintariek hasieran, baina bertsio hori segituan gezurtatu zuten lagunek, baita Fiskaltzak berak ere.
Telesur kateari eginiko adierazpenetan, Carlos Sierra gaztearen lagun batek Estatuak hil egin zuela salatu zuen. «Positibo faltsu bezala aurkeztu dute. Carlosek, kalera atera garen milaka gazteok bezala, ezin izan zituen ikasketak jarraitu baliabide faltagatik. Bukaera arte borrokatu zuen pertsona bat izan zen, Kolonbia hobeago batekin amesten zuen», adierazi zuen. Departamendua zeharkatzen duen Cauca ibaian beste gorpu batzuk aurkitu dituzte.
Zibil armatuen erasoak
21N Talde Juridiko Humanitarioak, Justizia eta Duintasuna Korporazioak eta Justizia eta Bakea Batzorde Intereklesialak ohartarazi dutenez, maiatzaren 14an, Calitik 40 minutura dauden Guacari, Buga eta Yambo landa eremuetan hobi komunak egon daitezkeela jakinarazi zieten. Horietara Calin atxilotu eta senide nahiz lagunek desagertutzat eman dituzten gazteen gorpuak eramaten ari diren susmoa zabaldu da azken asteetan. Hilketa estrajudizial horien zenbait lekuko osasun etxeetan aurkitu dituzte zaurituta eta erabat beldurtuta ikusi eta bizi izan zutenarengatik.
Testigantza horien arabera, poliziaren babesa omen duten eta armatuta dauden zibilak Caliko oso esklusiboa den Ciudad Jardin auzoko etxe bat erabiltzen ari dira «atxilotutako» gazteak eramateko, eta ondoren haien gorpuak kristalak polarizatuta dituzten kamionetetan ateratzen dituzte.
Etxe mota horiek Kolonbian «casas de pique» izenarekin ezagutzen dira eta paramilitarrak eta gaizkile taldeak 2014an halakoak erabiltzen hasi ziren Buenaventuran (Caucako bailaran, Pazifikoan) pertsonak torturatu, zatikatu eta desagerrarazteko.
Hobi komunak ote dauden berehala ikertzea eta Desagertutako Pertsonen Bilaketa Unitatearen esku-hartzea exijitu dute aipaturiko taldeek.
Manifestarien estigmatizazioa
Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarrak kezkagarritzat jo du halaber manifestariak eta bereziki talde etnikoak estigmatizatzea –presidenteak blokeoak egiten dituztenak «bandalo terroristak» direla esan du behin baino gehiagotan–. Adibide gisa, hilaren 9an, Caliko sarreran, armatuta zeuden zibilak minga indigenaren kontra tiroka hasi zirela gogoratu du eta indigenen kontra zabaldutako mezuak nabarmendu ditu. «Zibilek errepresio ekintzetan esku hartzea eta manifestarien kontra tiro egitea bereziki larria da», ondorioztatu du. Horregatik guztiagatik, Duqueri bisitaren garrantzia berretsi dio: «Giza eskubideen egoerari buruzko balorazio objektibo bat egiteko elementu guztiak izan behar ditugu eta horretarako beharrezkotzat jotzen dugu Kolonbiara joatea», azaldu du.
Ekintzaile baten kanporaketa
Asteartean, Bogotako aireportutik Juan Grabois ekintzaile argentinarra kanporatu zuten agintariek. Abokatua, unibertsitateko irakaslea eta Baztertutako Langileen Mugimenduko (MTEko) kideari Kolonbian sartzea debekatu zioten. Nazioarteko behaketa eta elkartasun talde batekin zihoan, giza eskubideen urraketak ikertzeko asmoz. «Dokumentazioa eta ekipajea atxiki dizkidate. Poliziaz inguratuta Limara doan hegazkin batean sartu naute. Latinoamerikarako aldaketa garaiak dira. Ez da erraza izango, baina esnatu gara. Agur Kolonbia, eutsi!», idatzi zuen bere Twitter kontuan Graboisek. 2019an Alberto Fernandez presidentearen alde egin zuen hauteskunde kanpainan. Misioa osatzen duten gainontzeko 19 argentinarrak arazorik gabe sartu ziren.
Argentinako Atzerri ministroak, Felipe Solak, Graboisen kanporaketa gaitzetsi zuen.
Kolonbiako Migrazio arduradunek pasaportea epez kanpo zuela eta Migrazioko begiraleenganako errespetu falta argudiatu zuten sarbidea debekatzeko. «Kolonbiara sartzea behin eta berriz exijitu zuen, horretarako eskubidea zuela, gonbidatuta zegoela eta ibilbide luzeko pertsona bat dela esanez. Gure lankide bati zertan lagundu ez zuela eta bahiketa bat zela ere esan zuen. Atzerritar honen errespetu falta nabaria izan zen, eta horrelako jarrerak eta presioak ez ditugu onartzen», esan zuen Migrazio bulegoak.
Graboisekin batera zihoan Maria Elena Navarrok erabaki horrekin Gobernuak behatzaileen lana oztopatu besterik ez zuela nahi plazaratu zuen.
Behin Limara iritsita Graboisek berak Twitterren bidez zabaldu duen bideo batean, «nortasun agiria eta pasaportea epean» dituela nabarmendu du; «gezurra da Gobernu kolonbiarrak esandakoa».
«Eskerrik asko, nirekin arduratu zareten guztioi, elkartasuna adierazteaz gain, Argentinako misioak jasan duen eraso hau salatzeagatik. Kolonbiako gazteak, kaleko herritarrak, pobreak askoz ere urraketa okerrago eta larriagoak pairatzen ari dira. Gure ordezkaritzak estatu krimenak ikertzea du helburu», esan du. Kolonbian dauden bitartean, ordezkarien segurtasun fisikoa bermatzea eskatu du: «Ikusi dugu Gobernuak ez dituela ez kolonbiarren ez atzerritarren eskubideak errespetatzen».