Frantses Estatua ez da aldatu; Euskal Herria, ordea, bai
Estatu frantsesak murgiltze ereduaren kontra egin du, bortizki. Hauspoa behar duten hizkuntzak kaltetu ditu Kontseilu Konstituzionalaren erabakiak. Gertatutakoari urratsez urrats jarraituz gero, Estatuak erraietan, barru-barruan, itsatsita duen izaera ukatzailea ageri da. Beste behin ere.
Babesa behar dute gutxitutako hizkuntzek. Frantsesak ez du inolako arriskurik. Eta horregatik, hain zuzen ere, proposatu eta onartu zen Paul Molac diputatu bretoiak bultzatutako legea. ‘Eskualdeko hizkuntzen ondarea babesteko eta sustatzeko’ legea apirilaren 8an onartu zuen Frantziako Asanblea Nazionalak. Senatuak abenduan bozkatu zuen testu bera izanik, legea promulgatu eta berehala indarrean jarri ahal zen. Egun historikotzat jo zuten hizkuntza gutxituen biziraupenaren alde lan egiten duten guztiek, eta zehazki euskararen eta euskarazko irakaskuntzaren alde jardun dutenek ere bai. Aurrera begira jartzeko tenorea markatu zuen.
247 boz izan zituen alde ‘Molac legeak’, eta soilik 76 kontra. Macron presidentearen taldeko zenbaitek ere taldeko irizpidearen kontra bozkatu eta legearen alde egin zuten. Baina, antza, demokratikoki hain garbia eta nabarmena izan zen alde horren gainetik badaude beste indar batzuk, eta fite eta gogor mugitu ziren.
Mugimendu iluna
Jean-Michel Blanquer Hezkuntza ministroak hauspotu zuen mugimendua, eta 61 diputatuk helegitea jarri zioten legeari. Ezohiko mugimendu iluna izan zen, hedabideetan agertu diren zenbait detailek azaltzen dutenez. Artikulu jakin bati jarri zioten helegitea, baina errekurtsoak legea osorik behatzea ahalbidetu zion Kontseilu Konstituzionalari, eta hortik etorri da murgiltze ereduaren kontrako erasoa. Hamarkada askotako atzerapausoa izan da.
Macron Errepublikako presidentearen jarrera ere zinez adierazgarria izan da. Azken egunotan hitzez, sare sozialen bitartez, hizkuntzen aldeko mezua zabaldu duen arren, bere ekintzek argi bezain garbi azalarazi dute bere benetako gogoa. Legea onartu zenean ez zuen onartutakoa berehala izenpetu; egunak pasatzen utzi, eta horrela, aipatu helegitea aurkezteko tarte zabala eskaini zuen. Kontseiluaren erabakiaren ostean, aldiz, berehala sinatu du legea, berau berrikusteko egon zitezkeen aukerak itxiz.
Euskararentzat, bistan da, egoera gaiztotu egin da, eta hezkuntzaren garapena kaltetuko du gertatutakoak. Kaltea noraino iritsiko ote den eta zer puntutaraino egin ahalko ote zaion aurre ikusteko dago. Nolanahi ere, defentsiban jarri du euskarazko irakaskuntza, beste zerbaitek behar zuenean izan erronka.
Frantziako Estatua ez da aldatu, ez horixe; berean segitzen du. Mespretxua irizpide, hertsi eta gotor. Ipar Euskal Herrian, ordea, azken hamarkadan gauzak asko aldatu dira, onerako; eta indar harremana ere oso bestelakoa da. Euskararen eta beste zenbait herri aldarrikapenen alde, bertako gizarte zibilaren, eragile politiko zein sozialen eta erakundeen nahia eta gogoa nabaria da. Gerra deklaraziotzat jo dute Paristik etorritako azkena, eta hitz horiek, berez, esanahi politiko sakona dute. Herri nortasunaren seinale. •