Bi urte beranduago, Bizkaia Gernika Errugbi Taldea Ohorezko Mailara itzuli da. Hurrengo denboraldian gorengo mailan jokatuko du talde bizkaitarrak larunbat honetan Santanderreko Independiente taldea garaitu ostean (21-34).
Kantabriako taldea Ohorezko Mailako azken aurreko sailkatua izan da eta jaitsiera saihesteko bidean maila errekuperatu nahi zuen Gernikarekin egin du topo. Gernikarrek lehen aukeran galdu egin zuten, La Vilaren aurka jokatuko finalean, hain zuzen ere. Basurdeek, baina, ez dute kale egin bigarren aukera honetan eta hainbeste desiatutako igoera erdietsi dute.
Zaleen berotasuna ere eskertu dute gernikarrek, Valladolideko Pepe Rojo estadiora hurbiltzeko aukera izan baitute zenbait zaletuk. Gertukoenen babesa hauspo hartuta, lehenengo zati oso ona egin du Gernikako taldeak. Bi entsegu egin ditu eta 6-27 markagailua alde zutela hartu dute aldageletarako bidea.
Bigarren zatian defentsan tinko egotea egokitu zaio Bizkaia Gernikari. Jakitun izan dira eta gogor estutu dituzte hortzak Independienteren entseguak saihestu asmoz. Tiago Romerok 50. minutuan eta Finlay Sharpek 70. minutuan egindako entseguek emozio apur bat jarri diote neurketari baina edozein ezusteko iritsi aurretik Gernikako Albertus De Bod-ek erabakigarria izan den entsegua egin du.
Azken minutuetako Independienteren esfortzua kasik alperrikakoa izan da jada Gernikak poltsikoratuta baitzeukan gorengo mailan jokatzeko txartela.