Asier Aiestaran

Iñaki Artola da Buruz Buruko lehen finalista Rezusta mendean hartu ondoren (16-22)

Alegiarrak min handia egin dio Bergarako ezkerrari zabalean, bai sakez (bost tanto) eta baita piloteoan ere, eta bere lehen final handia jokatuko du maila nagusian. Rezustak ez du aurrekoetan bezain beste asmatu eta ezingo du atzelarien ohorea defendatu txapelaren lehian.

Iñaki Artolak amorruz ospatu du finalerako txartela (Idoia ZABALETA / FOKU)
Iñaki Artolak amorruz ospatu du finalerako txartela (Idoia ZABALETA / FOKU)

Iñaki Artola da aurtengo Buruz Buruko Txapelketaren lehen finalista. Alegiako aurrelariak 16-22 menderatu du Beñat Rezusta Iruñeko Labrit pilotalekuan eta bere aurreneko final handia jokatuko du maila nagusian.

Aurreko neurketa guztietan erakutsitako zuzentasun eta sendotasun berdina erakutsiz –aurrekanporaketa jokatu behar izan zuen–, Artola gailendu egin zaio Rezustari piloteoan, baina alde erabakigarriena sakean egon da. Alegiarrak oso ongi asmatu du zabalera sakatuz Rezustari min egiten (bost tanto sartu dizkio sakez), eta bergararrak aldiz ez dio behar besteko zukurik atera lehen jokaldiari.

Sakearekin bakarrik ez, piloteoan ere gakoetako bat Artolak pilota zabaltzen asmatzea izan da. Norgehiagokaren lehen erdian kosta egin zaio Artolari zulo hori aurkitzea, baina bigarren zatian Rezustak arazoak izan ditu zabaletik itzuli beharreko pilotekin.

Ia beti aurretik

Neurketa oso parekatua izan den arren, egia da Artola izan dela markagailuan ia beti agindu duena. Sakearekin min eginez, 1-5 aurreratu da alegiarra (tarte horretan jada bi tanto zituen eginak sakez) baina Rezusta gai izan da markagailua irauli eta 7-6 agintzera pasatzeko.

Rezustaren une onenak izan dira, aurreko bi kanporaketetan egindako jokoa gogora ekarriz eta aurrean asko arriskatu eta tanto ederrak eginez: 3-5ekoa ormabiko eder batekin, 5-6koa dejadaz, 6-6koa pilota bildu eta bihurrituz, 7-6koa atzean…

Baina Mikel anaia botileroak Iñaki Artolari esan dion moduan, denak ezin asmatu Rezustak ere, eta halaxe izan da. Hurrengo jokaldietan arriskatzen jarraitu du atzelariak, tanto batzuetan gehiegi ere bai agian, eta hutsak pilatzen joan da hortik aurrera.

Artola 10-13 aurreratu da lehenik, sakez egindako bosgarren tantoarekin, eta hurrengo takadan 12-18 alde egin dio, bigarren atsedenaldi luzera abantaila oso erosoarekin iritsiz.

Rezustak lanean jarraitu du, ez du inoiz amore eman, baina gaur ez du aurrekoetan bezain beste asmatu. 15-18koarekin, adibidez, eta dena alde zuela, pilotakada ezker orman gora joan zaio, Artolari hark behar zuen arnasa emanez 22ra heltzeko.

«Aurrera pauso bat eman dut»

Garaipena lortu bezain pronto Iñaki Artolak egin dituen bi garrasiek argi erakutsi dute alegiarraren poza finalera sailkatu ondoren. «Baneukan gogoa horrelako zerbait lortzeko. Ez da aitzakia, baina nire ibilbidean geldialdi asko izan ditut. Iaz ere ustez oso ongi nengoen baina azkenean ezin izan nuen jokatu. Ez nuen uste aurtengoa aukerarik onena zenik, sasoiz agian ez nintzen horren ongi ikusten, baina uste dut aurrera pauso bat eman dudala», adierazi du amaieran.

Partidari buruz, sakearen garrantzia nabarmendu du. «Aurreko partidetan ere sakearekin ongi asmatu dut, baina banekien orain arte egindako sake mota horrek gaur ez zuela balio, Rezustak ezkerrez arazorik gabe errestatzen duelako. Erdi-erdira sakatzen saiatu naiz, berak gustora ez errestatzeko behintzat, eta uste dut asmatu dudala horretan», aztertu du.

Beñat Rezustak, bere aldetik, ez du oso pozik amaitu egindako lanarekin. «Borroka egin dut, saiatu naiz, baina agian gehiegi arriskatu dut une batzuetan, eta batez ere aurrez zuloak ireki gabe. Gaur hori kostatu zait gehien agian, ez sakearekin eta ez piloteoan ez naiz eroso egon eta ez dut lortu zuloak irekitzea», aitortu du.

FITXA

Pilotakadak: 257. Partidaren iraupena: 53 minutu eta 49 segundu. Markagailua: 1-0, 1-5, 3-5, 3-6, 7-6, 7-10, 10-10, 10-13, 11-13, 11-14, 12-14, 12-18, 15-18, 15-20, 16-20 eta 16-22. Sakez: 5 Artolak. Jokoan eginak: 13 Rezustak eta 8 Artolak. Galdutakoak: 9 Rezustak eta 3 Artolak. Gertaerak: Iruñeko Labrit pilotalekua, ateak itxita. Jokin Etxaniz izan zen Rezustaren botileroa eta Mikel anaia Artolarena. Partida aurretik, pilota utzi behar izan duen Beñat Urretabizkaiak omenalditxo bat jaso zuen. Lehen sakea, gorri.