Arraun denboraldiko liga nagusiak hasteko egun gutxi geratzen diren honetan, Lekeitioko ikurrina bezalakoak test oso fidagarriak izaten dira traineru bakoitzaren sasoia neurtzeko eta Hondarribiak, mutiletan, eta Oriok, nesketan, puntu oso onean daudela erakutsi dute gaur Bizkaiko kostaldeko uretan.
Azpiko itsasoak eta haizeak baldintzatutako estropadan, hirugarren txandan Donostiarrak egindako denborak garaipenetik gertu izan zitekeela ematen bazuen ere, bandera laugarren eta azken txandan egon da jokoan, hein batean haizeak ere behera egin duelako.
Eta azken txanda horretan, hasi eta buka, Hondarribia nagusi izan da, lehen paladatik denborarik onenak ezarriz. Lehen ziabogan gauzak estu izan dira eta Orio, Zierbena eta Bermeo gertu izan dituzte Bidasoakoek. Bigarren txanpan Bermeo izan da Hondarribiari hobekien eutsi diona, nahiz eta aldea bost segundotara igo duten berdeek. Hirugarren ziabogan aldea igo dute Ama Guadalupekoa ontzikokoek eta azken txanpa nahikoa aldearekin amaitu ahal izan dute 21:25.08. Urdaibairi luze egin zaio azken luze hori eta atzetik etorrita Zierbenak aurre hartu dio, bigarren amaituz, garaileengandik bost segundotara amaituz. Urdaibai hirugarren izan da 13 segundotara eta Donostiarra izan da laugarren 13 segundotako atzerapenarekin.
Orio, hasi eta buka
Nesketan, badirudi Oriok ez duela iaz izandako nagusitasuna galtzeko inolako asmorik eta izandako hiru txandetan aritutako beste hamar taldeei alde handiz nagusitu zaie. 11:38,50eko denborarekin, garaipen erosoa eskuratu dute, Donostiarra –9 segundu gehiago behar izan ditute– eta Hondarribiaren aurretik –ia 14 segundotara–.