NAIZ

EAEn Covid Ziurtagiri Digitala bihartik aurrera eskuragarri izango dela dio Sagarduik

Programa pilotuan parte hartzen badu ere, Lakuako Gobernuak bihartik aurrera eskuragarri jarriko du Europar Batasunare Covid Ziurtagiri Digitala eskuratzeko aukera Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarrentzat. Horrela azaldu du gaur Gotzone Sagardui kontseilariak.

Gotzone Sagardui (eskubian), Lakuan egin duten agerraldian. (IREKIA)
Gotzone Sagardui (eskubian), Lakuan egin duten agerraldian. (IREKIA)

Lakuako Gobernuko Gotzone Sagardui Osasun sailburuak jakitera eman duenez, nahiz eta EAE programa pilotuan parte ez hartu, Europar Batasunaren Covid Ziurtagiri Digitala eskuratzeko aukera izango da asteazken honetatik aurrera. Nafarroan ere prest dago.

Hala, asteazken honetan Osakidetzaren webgunean Covid Ziurtagiri Digitalari buruzko informazioa argitaratuko dutela eta hori lortzeko esteka bat gaituko dutela azaldu du Sagarduik.

Sagarduik azpimarratu duenez, Europar Batasuneko herrialde baterako bidaia erraztea helburu duen dokumentu zibila da, «ez da helburu sanitarioa duen dokumentua».

Hiru ziurtagiri mota daude: txertaketa-ziurtagiria, berreskuratze-ziurtagiria eta proba negatiboaren ziurtagiria; eta, oraingoz, sinadura digitaleko tresna batekin baino ezingo dira lehenengo biak eskuratu.

Sailburuak adierazi duenez, uztailaren 1ean sartuko da indarrean, eta data horretara arte informazioa eta ziurtagiria lortzeko prozesua eguneratzen joango dira. «Lehentasuna ziurtagiriaren irisgarritasuna hobetzea da», esan du.

Bestalde, Osasun sailburuak koronabirusak EAEn duen eraginari buruzko datuak baloratu ditu; eta adierazi du esperantzazko datuak direla, baina zuhurtziarekin jokatu behar dela, oraindik alturak baitira.

Txertaketari dagokionez, Sagardui sailburuak jakinarazi du EAEn miloi bat pertsona baino gehiagok dutela gutxienez covid-19aren aurkako txerto bat. «Bagoaz aurrerantza, apurka apurka», esan du. Dagoeneko, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 1.003.740 dosi eman dira eta euskal gizartearen %34k txertaketa-jarraibide osoa dauka. Gainera, azaldu du atzo Osakidetzak 49 urteko herritarrak txertatzeari ekin zion. «Ikusten duzuenez esperantzaz ikus dezakegu etorkizuna», nabarmendu du.