Azken egunetan bolo-bolo zebilen sare sozialetan eta inork gutxik zekien zehazki zer zen Laba izeneko proiektu hori. Gaur, baina, argi pixka bat bota dute itzal horien gainean. «Iruñeko euskaldunon komunitatearentzako elkargunea sortzera goaz, non eta hiriaren bihotzean, Gaztelu plazan. Bazterretik erdigunera eraman nahi dugu euskara», azaldu dute.
Ideia sinple batekin jartzen da martxan proiektu hau. «Iruñean bizi gara eta euskaraz bizi nahi dugu, euskaraz bizi gara». Eta horretarako erabilera anitzeko espazio bat eraikitzeko asmoa plazaratu dute. «Hiriari aurrez aurre mintzatu, hiriari eman, eta hiritik hartu». Izan ere, arkupeak babestutako lokal bat izanen da, baina baita plazara irekitako gunea ere.
Euskara eta euskaldunen eta euskarara hurbildu nahi duen ororentzako elkargune bat, bertako euskarazko kultur emanaldi ugari eta kalitatezkoentzako tamainako oholtza bat, sorkuntza produktuetarako saltokia eta baita kafetegia ere. «Amesteko, proiektu berriak gauzatzeko sare zabal bat. Zer behar dugu euskaldunok? Nola eginen dugu, norekin, noiz? Eguneroko beharretatik hasita ideiarik zoroenetaraino; esperimentatu eta egin, erori eta berriro altxa, ikasi eta egin. Hori guztia ere izan nahi du Labak».
«Baina espaziotik harago doa ideia», azaldu dute. «Izan dadila irradiazio gune, proiektu berrietarako abiapuntu, eta harremanetarako aitzaki. Bildu gaitzala, baina batez ere zabaldu. Krater bat irekitzera goaz, barreiatu dadin euskara hiri osora».
Eta proiektua martxan jartzeko herritarren laguntza eskatu dute, 30.000 euro lortzeko erronka jarri dute eta Itsulapikoa atariaren bitartez. «Baina ez dizugu sosa bakarrik eskatuko: partaide aktiboak ere behar ditugu, ideiak, proposamenak, eta proiektuak, etengabe birasmatzen den gunea izan dadin. Izan dadin esperientzia kolektibo bat, bizipen bat, gune bat baino gehiago. Ederragoa da dena auzolanean. Energia eratu dugu urteetan. Eta lurpean borborka ari da magma hori. Eztanda egiteko unea da».