NAIZ

1936ko eskubide urraketen informazioa eskatu die herritarrei Hondarribiko Udalak

1936ko gerra eta ondoren izan ziren giza eskubideei buruzko informazioa eta materiala eskatu die herritarrei Hondarribiko Udalak, erakusketa bat antolatzeko helburuarekin. Udalean ordezkatuta dauden alderdi guztiek sostengatzen dute ekimen hau.

Hondarribiko Udalaren ekimena aurkeztu dute gaur. (HONDARRIBIKO UDALA)
Hondarribiko Udalaren ekimena aurkeztu dute gaur. (HONDARRIBIKO UDALA)

Hondarribiko Udaleko Bizikidetza Batzordeak, alderdi guztien ordezkaritza duenak, Memoria Historikoarekin loturiko ekimen baten berri eman du, baita herritarren parte-hartzea eskatu ere. 1936ko gerra eta ondoren izandako giza eskubideen urraketen informazioa eta materiala bildu nahi dituzte.

Hartara, prentsaurreko bat eman da gaur Udaletxeko Areto Nagusian, eta han izan dira Maria Serrano (EAJ), Aitzol Arroyo (Abotsanitz) eta Iosu Alvarez (PSE). EH BILDUko Xabier Isasik ezin izan du bertaratu agenda arazoak direla eta.

Maiatzaren 8an 1936ko Gerraren eta Diktaduraren ondorioz erbesteraturiko biktimak oroitu eta omentzeko eguna izan zen. Abuztuaren 30ean, aldiz, Derrigorrezko Desagertzeen Biktimen Nazioarteko Eguna izango da.

Bi data hauek oinarri harturik, Hondarribiko Udalak gertakizun hauen inguruko gogoeta sustatu nahi du aurten, 1936ko Gerraren hasieraren 85. urteurrena beteko dela kontuan izanik. 1936ko uztaileko estatu kolpe saiakeraren ondorengo gerran gertaturiko Giza Eskubideen urraketak ezagutu nahi dira. Hondarribitarren bizipenak eta ondorioetara hurbildu nahi ditu eta bide batez, egoera haiek pairatu izan zituzten hondarribitarrei aitortza egitea.

Horretarako, hainbat ekimen antolatzen hasiak gara eta herritarren laguntza ezinbestekoa dugu. Hondarribitarren bizipenetan eta pairaturiko giza eskubideen urraketetan oinarrituriko erakusketa bat antolatu nahi dute eta horretarako orduko dokumentu, argazki ala objektuak jaso nahi dituzte. Garai hura gogorarazteko elementuen bila dabiltza, erakusketa ahalik eta aberats eta hurbilena antolatzeko.

Objektu, argazki edota dokumentuak maileguan uzteko prest dauden herritarrak, 685720032 telefonora dei dezakete. Abuztuaren 30etik irailean lehen astera egingo da erakusketa behin amaituta, mailegu guztiak haien jabeei itzuliko zaizkie.