Entrevue
Eneritz Zabaleta
Zuzenbide Publikoan Doktorea

«Kontseilu Konstituzionalaren oharrak Konstituzioa aldatzeko bide politikoa zaildu du»

Kontseilu Konstituzionalak maiatzean murgiltze eredua konstituzioaren kontrakoa zela ebatzi eta gero, aste honetan ohar ofizial baten bitartez erabaki hori eskola publikoei soilik dagokiela zehaztu du. Egoera berri honen interpretazio politiko eta legala egin du Eneritz Zabaletak.

Eneritz Zabaleta Zuzenbide Publikoko doktorea. (JAGOBA MANTEROLA)
Eneritz Zabaleta Zuzenbide Publikoko doktorea. (JAGOBA MANTEROLA)

Asteazken honetan, Kontseilu Konstituzionalak euskara eta Estatu frantseseko beste hizkuntza gutxituen inguruan sorpresa berri bat ekarri du; maiatzaren 21ean murgiltze eredua antikonstituzionala dela erran bazuen, orain eskola publikoetan soilik dela Konstituzioaren kontrakoa aditzera eman du ohar ofizial baten bitartez. Seaska eta bere pareko eskolentzat berri ona da, baina ziurgabetasun juridikoa ez du kentzen.

Zein balio juridiko du ohar ofizial honek?
Balio moral eta ofiziala dauka, zeren eta epaileak berak argitzen du nola irakurri behar den bere epaia, baina balio juridikoa epaiak dauka. Hala ere, interesgarria da, batzuetan Kontseilu Konstituzionalaren epaian oinarrituta egon daitekeelako Seaskaren edo Diwanen kontra auzi bat, baina orduan epaileek begiratzen dute ohar hori. Edo Ministerioak nahi baditu neurri batzuk hartu, oharra oroitarazten ahal zaio ere.

Nola interpretatzen duzu oharra?
Komentario horretan erran duelarik irakaskuntza publikoari soilik aplikatzen zaiola, zentzu batean pixka bat aldatu du bere erabakiaren zentzua. Teorian erraten dugu ohar horretan azaltzen duela bere erabakia, baina hor urrunago joan da, epaiak gauza bat erraten du, eta oharrean pixka bat bere kontrakoa. Nolabait erabili du bere oharra deliberoa gozatzeko, hori nire iritzia da.

Zer da zehazki Kontseilu Konstituzionalak atera duen ohar ofizial hori juridikoki?
Berez, Kontseilu Konstituzionalak bere epaia kaleratu eta aste batzuetara ateratzen du komentario bat, eta bertan esplikatzen du bere erabakia zein arautan oinarritu den, bere argumentazioa garatzen du, eta esplikatzen du ere ze zentzu ematen dion idatzi duenari.

Hori egiten dute Frantzian badutelako printzipio bat epaiak behar direla izan ahalik eta laburrenak, eta horrek eragiten du askotan argumentazioak ez direla ongi ulertzen. Adibidez, Espainian, argumentazio guztiak argitzen dituzte epaian.

Konstituzionalaren erabakiaren ondorioz, 140 parlamentarik Konstituzioa aldatzea eskatu dute. Ohar horrekin nola ikusten duzu egoera?
Iniziatiba horrek bazuen indar politiko bat murgiltzearen debeku hori orokorra zenean, baina orain komentario horrekin zailagoa izango da Konstituzioa aldaraztea, politikoki behintzat. Askorentzat murgiltze eredua irakaskuntza publikoan debekatzea ez delako hain larria, lehentasuna zen, Seaska, Diwan, Calandreta eta horrelakoak juridikoki segurtatzea.

Adibidez, Macron presidenteak erabakiaren ondoren mezua idatzi zuenean, bakarrik sare pribatu horiek aipatu zituen. Gero ere, Jean Castex lehen ministroak gaia aztertu eta lantzeko bi diputatu izendatu dituenean, haien misioa bakarrik da Seaska eta horrelakoen egoera juridikoari buruzkoa. Murgiltzea eskola publikoan aski polemikoa da Frantzian, eta komentario horrekin Konstituzioa aldatzea, politikoki behintzat, zaildu du.

Nik ikusten dut beharbada proposatuko dutela lege bat Seaska bezalakoei errekonozimendua emateko, baina horri mugatuta, eta eskola publikoan egiteari atea ixtea.

Eskola pribatua aipatzen delarik, beti Seaska aipatzen dugu, baina Ipar Euskal Herrian 20 eskola pribatu katolikotan ere murgiltze eredua proposatu dute haur hezkuntzan. Beraiek ere oharraren babespean gelditzen dira.
Bai, gauza da, orain arte, eskola katolikoen eredua asimilatua izan dela eskola publikoan egiten denari, baita Hezkunde Nazionaletik ere; ikusi beharko da zer erabakitzen duten. Baita Euskal Haziak guraso elkarteak pusatzen duen murgiltze eredua, Seaskak bezala.

Eskola katolikoek murgiltzearekiko hartuko luketen erabakiak irakurketa politikoa izan dezakeela esan daiteke, beraz.
Legalki, ez dute bortxaz aukerarik, zeren eta legalki Seaskaren eredua ez da inon errekonozitua, ez du funtzio legalik Frantzian. Seaskak egin zuen bere metodoa, baina legalki ez da inon definitzen murgiltzea legedian. Eskola giristinoan, segitu dute araudian zegoena, haien eskoletan euskara sartzeko, horregatik beti segitu dute eskola publikoan egiten zena.

Nahi badute oinarri legalik gabe sartu, egin dezakete, edo lehen ministroak gaia lantzeko ezarri dituen bi parlamentariek errekonozimendu legal bat ematen badiote murgiltzeari eskola pribatuei mugatuz, hor bai base legal bat egongo litzateke.

Murgiltzea eskola katolikoetan ematea Ipar Euskal Herrian bakarrik gertatzen da, horregatik ez da aipatzen.

Kontseilu Konstituzionalaren lehen erabakia ezagutu zelarik ahots anitz altxatu ziren horren kontra, eta horien artean sarritan nabarmendu da Konstituzionalak murgiltzearen gai korapilatsuan sartzea erabaki zuela, nahiz eta kontrako zentzuan aukera anitz izan. Konstituzionalaren erabakia 61 diputatuk finantzaketari buruzko artikulu zehatz bati egindako helegite bati erantzuna izan zen, eta epaitegiak artikulu horri buruz soilik deliberatu beharrean, lege osoari begiratu zion. Bestalde, helegitea aurkeztu zutenen artean, diputatu batzuek publikoki adierazi zuten engainatu egin zituztela eta ez zutela sinatu zuten testuarekin bat egiten, hori dela eta atzera egiteko arrazoi indartsua bazegoen. Eta azkenik, Konstituzioaren 2. artikulua 1998an aldatu zelarik, eta ‘Errepublikaren hizkuntza frantsesa’ dela erabaki zenean parte hartu zuten parlamentariek adierazi dute esaldi horrekin ingelesaren kontra egin nahi zutela, eta ez eskualdeetako hizkuntzen kontra.
Hori argi da, erraten ari zaren horregatik epaia atera zelarik erran nuen, nahiko gogorra zela.

Bera bakarrik sartu da, eta historikoki oso koherentea izan da Kontseilu Konstituzionala, beti izan baita oso despektiboa euskara bezalako hizkuntzekiko. Berak aukeratu zuen, tradizio jakobino politiko batean oinarrituz.

Erraten dugu beste interpretazio batzuk egiteko badela tokia Konstituzioan, baina Kontseiluak ez badu aldatu nahi, orduan Konstituzioa aldatu behar da.