Azken urteotan, Hego Koreako zinema nazioarteko jaialdi guztietan dago, eta zinema garaikideko erreferente bihurtu da; alabaina, zinematografia hartako historiak ezezagun samarra izaten jarraitzen du mendebaldarrentzat; are gehiago, Hego Koreako zinemari dagokionez, 90eko hamarkadatik aurrera ekoitzitako tituluak baino ez ditugu ezagutzen normalean.
Hau dela eta, Donostia Zinemaldiak eta Madrileko Zinematekak, Euskadiko Filmategiarekin eta Centro Cultural Coreanorekin lankidetzan, ‘Loreak infernuan. Koreako zinemaren urrezko aroa’ atzerabegirakoa antolatuko dute. Pandemia dela-eta iaz bertan behera gelditu zen zikloak 50. eta 60. hamarkadetako hamar film erakutsiko ditu eta liburu monografiko bat ere landuko da.
Jaialdia irailean
Donostia Zinemaldiko proiekzioaren ondoren, atzera begirako zikloa Espainiako Zinematekaren Doré zinema-aretoan ikusi ahalko da urrian eta azaroan.
Gainera, irailaren 10etik 30era bitartean, Koreako Kultur Festibala izango da Donostian; besteak beste, ikuskizunak, kontzertuak, erakusketak, ipuin kontalariak eta jardunaldi gastronomikoak egongo dira. 2018. urtetik Estatuko hainbat hiritan antolatzen den Koreako Kultur Zentroaren ekimenaren helburua Asiako herrialde honen kultura ezagutaraztea da.
Donostiako Udalarekin elkarlanean antolatuta, ekimena hiriko hainbat tokitan egingo da eta Koreako kultura Donostian inoiz baino gehiago ikustea lortuko du jaialdiak.
50. eta 60. hamarkadetako filmak
Zikloa Koreako urrezko aroan ardaztuta egongo da, zeinetan publiko handiak eskatzen zuen zinema popularra ekoizteko gai izan zen industria zinematografiko bat garatu baitzen Hego Korean, gerraren ondoren herrialde hartako egoera ekonomikoa estua bazen ere, eta Park Chung-hee-ren diktadura militarrak ezarritako kontrola gorabehera.
Hala, zuzendari ugariren karrerak finkatu ziren, horien estilo eta ikusminak askotarikoak zirela: batzuek garatzeko bidean zen gizarte moderno bat irudikatzen zuten, eta beste batzuek, ordea, garai hartako bizimodua gogorra zela salatzen zuten.
Hautaketa 50. eta 60. hamarkadetan ekoitzitako hamar filmez osatuta dago, eta bi helburu ditu: batetik, hegokorear zinema klasiko horren ordezkari garrantzitsuentzat jo daitezkeen zinemagileen taldea aldarrikatzea; eta, bestetik, garai hartako genero ohikoenen panorama bat marraztea, horietako batzuk amerikar zineman inspiratuta eta tokiko errealitatera eraman zirenak, eta beste batzuk, ordea, erabat autoktonoak zirenak.
Zikloa osatzen duten filmen artean, garai hartako entzutetsuenetako batzuk ditugu: ‘Hanyeo / The Housemaid’ (1960) Kim Ki-young-ena, Hego Koreako zinemaren historiako maisulantzat hartua; Hego Koreako gerraosteko bizimoduaren kronika gogor eta errealistak, hala nola ‘Ji-okhwa / The Flower in Hell’ (1958) eta ‘Obaltan / Aimless Bullet’ (1961); eta ‘Gwiro / Homebound’ (1967), ‘Angae / Mist’ (1967) eta ‘Hyu-il / A Day Off’ (1968) melodrama klasikoak.
Beste genero batzuetako filmak ere izango dira, hala nola film noir-eko ‘Geom-eun meori / Black Hair’ (1964), ‘Ma-ui gyedan / The Devil’s Stairway’ (1964) thrillerra edota ‘Maenbal-ui cheongchun / The Barefooted Young’ (1964), gazteentzako zinema ordezkatzen duena.
‘Dumangang-a jal itgeora / Farewell Duman River’ (1962), bestalde, genero autoktono baten adierazgarri da: mantxuriar westernaren adierazgarri, hain zuzen; Ameriketako westernean inspiratutako baina Mantxurian kokatutako abenturazko pelikulak ziren genero horretakoak.