Jon Ormazabal
Kirol-erredaktorea, pilotan espezializatua / redactor deportivo, especialista de pelota
Entrevue
Erik Jaka
Egungo Buruz Buruko txapelduna

«Txapelketako onena Jokin Altuna izan da, alde handiz gainera»

Historian lehen aldiz, Buruz Buruko txapeldunak ezin izan du gerriko gorria kantxan defendatu. Bihotzeko gaitz batek lapurtu zion aukera hori, baina, zorionez, osatzen ari da eta gutxiago geratzen zaio kantxetara itzultzeko.

Erik Jaka Buruz Buruko txapelarekin. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)
Erik Jaka Buruz Buruko txapelarekin. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Iker Irribarriarekin batera, lizartzarra izan da aurtengo Buruz Burukoaren hutsunerik nabarmena. Bere osasun egoeraz eta horren ondo ezagutzen dituen Jokin Altuna, Beñat Rezusta eta Iñaki Artola finalisten inguruan mintzatu da luze eta zabal.

Hasteko, nahitaezko galdera: nola zaude?

Ondo, pixkanaka aurrerapausoak ematen; batez ere, lehen hilabetea nahiko gogorra, nahiko luzea, ze geldi-geldirik egon behar izan nuen. Lehen bi asteetan etxetik irten ere ez ia-ia eta gero paseotxo batzuk eta ematen hasita. Sentsazioak gero eta hobeak dira, gero eta botika gutxiago hartzen ditut. Ea aurki martxa pixka bat hartzen dugun, azken proba horietan dena normal ikusten duten eta entrenamenduak normaltasunez egiterik hastea dudan.

Zerbait egiten hasi zara?

Bai, aste honetan hasi naiz pixka-pixka bat gehixeago mugitzen, korrika pixka bat egiten, ariketaren bat edo beste ere bai, baina momentuz oso intentsitate baxuan. Hurrengo hilabetearen hasieran egingo ditut berriro probak eta, emaitzak onak badira, ea normaltasunarekin entrenatzen hasten naizen.

Ea azken proba horietan dena normal ikusten duten eta entrenamenduak normaltasunez egiterik dudan

A zer sustoa.

Bai, tira, ez da ezer larria, %100ean osatzekoa da eta garrantzitsuena hori da. Azkenean ondo osatu, berriz ere sasoi ona hartu, eta ea udan partida batzuk jokatzeko aukera dugun.

Halakoak sekula ez dira une egokian heltzen, baina uneak eta uneak daude...

Beste bat curriculumerako, baina, bueno, azkenean hau baino gauza okerragoak pasa ditugu, askoz ere, garrantzitsuena da osasun aldetik erabat osatzeko modukoa dela %100ean eta horrekin geratzen naiz. Pena da nire Baikoko debuta hain okerra izatea, txapela ezin defendatu izatea, baina honek aurrera jarraitzen du, ondo bueltatuko naiz eta hurrengo urteetan txapelketak hor egongo dira.

Ematen du azkenaldian badela halako maldizio bat, inork ezin duela bi aldiz jarraian irabazi.

Bai, azkena Aimar izango zen eta azken urteetan ez du inork errepikatu. Nire aldetik pena handiena daukat ezin izan dudala kantxan defendatu txapel hori, baina hurrengo urtean irabaziko banu niretzat bi segidan irabaztearen parekoa izango litzateke.

Azken hilabeteetan gauza asko pasatu zaizkizu; bi final, txapel bat, enpresa aldaketa... atseden pixka bat ere agian gaizki ez.

Baina aukeratzen ez dituzun patxada hauek ez dira gustura hartzen. Bi aste jai izan banitu eta oporretan joan banintz, nik uste orduan, bai, burua deskantsatuko nuela, baina orain arduraz bizi behar izan dut dena, oso kontuz ibili beharra izan dut, lehen bi hilabete horietan, batez ere. Ahalik eta geldien egoteko ez duzu bizitza normala egiten, buruan hori duzu une oro eta deskonektatzea zaila da.

NBAko garairik onena tokatu zaizu behintzat.

Egia esan, ia partida denak ikusi ditut, etxean egon behar horrekin. Ez naiz zuzenean ikusten geratu, baina etxean aplikaziorekin aukera daukat emaitzak jakin gabe ikusteko eta partida asko ari naiz ikusten eta oso interesgarri dago. Ea hor ere final eder bat ikusten dugun.

Artolarena ere ez da ba unerik onenean etorri; zuk ere sentituko zenuen zerbait, biek ere nahiko zorte txarra izandakoak zarete biak.

Bai, dudarik gabe, lesio bera ere bizi izan dut, gainera. Azkenean momentu onik ez dago lesionatzeko eta bai niri eta bai Artolari sarri pasatzen ari zaizkigu halakoak gure kirol ibilbide honetan, baina, tira, Iñakik berak esan duen bezala, final bat galdu du baina beste gauza asko eraman ditu. Eta nik uste esperientzia hauek horixe dutela, kirol aldetik kentzen dizute, kasu honetan Iñakiri finala, baina halakoak bizitzen jakin beharra dago, asko ikasten da eta nik uste bai bera eta bai ni, bakoitza bere esperientziatik, indartzen joan garela, eta hala jarraituko dugu.

Iñakik berak esan duen bezala, final bat galdu du baina beste gauza asko eraman ditu. Bai bera bai ni, bakoitza bere esperientziatik, indartzen joan gara eta hala jarraituko dugu

Alde horretatik, ispilu ere izan zaitezke berarentzat, saiatuaren saiatuz gauzak lortzen direla.

Dudarik gabe, bakoitzak bere kirol ibilbidea egiten du, baina adibide batzuk badaude, nahiz eta lesio larriak pasa, nahiz momentu txarrak pasa, ba horrek ez zaituela frenatu behar, guztiz kontrakoa. Ahal baduzu, horietatik indartsuago irteten saiatu beharra dago. Ni bizi guztian hori egiten saiatu naiz eta ziur Iñaki honetatik ere indartsuago irtengo dela.

Kanpotik nola ikusi duzu Buruz Buruko txapelketa?

Nahiko lasai. Txapelketa, egia esan, nahiko interesgarri joan da. Emaitza batzuk bai izan dira nahiko nabarmenak eta segituan hautsi direnak, baina nik uste txapelketako pilotaririk onena Jokin izan dela, diferentzia handiarekin, gainera. Oso-oso ondo ikusi dut; txispa handiarekin, ideia argiekin eta joko puntu oso onean iritsi da. Artola ere oso ondo heldu da, baina iruditzen zait alde handiagoak markatu dituela Jokinek. Baina gero beti esaten dena, partida batera edozer pasa daiteke, baina zoritxarrez Artola ez da partida horretan egongo.

Beñaten kasuan, jende asko agian ezustean hartuko du, baina ni ez, inondik inora. Afizionatuetan elkarrekin asko jokatu genuen batera, kontra ere bai, debuta ere batera egin genuen eta banekien Beñatek buruz buru ze maila ematea daukan. Aurten, gainera, txapelketa prestatzeko denbora izan du eta, nik uste, atzelarietan bereziki, hori asko antzematen dela. Oso suelto ikusi dut kantxan, pilota ondo ateratzen zaio eskutik, errematatzen aurrelari asko bezalako artista da eta nik uste final oso irekia izango dela. Jendeak, normala den bezala, Jokin hartuko du faborito garbitzat, baina ezin da despistatu inongo momentutan.

Bakoitzak partida bere terrenora eraman nahiko du...

Normala den bezala, Beñat kolpearekin hausten saiatuko da, baina beti esandakoa, partida bat irabazi nahi baduzu, kolpearekin bakarrik ez duzu irabaziko eta, berdin, erasora bakarrik jokatuta ere ez. Nik uste dut biek gauza asko ondo egin beharko dituztela irabazi nahi badute. Beñatek jo ondo egin beharko du, sakatu ere bai, bukatu ere egin beharko du, ze jota bakarrik ez dago irabazterik, eta Jokinek ere sake-errematearekin bakarrik ez du partida irabaziko. Berak ere Beñati mina egin beharko dio abiadurarekin eta pilota atzera jota.

Jokinek berak, eta bere inguruko askok ere, esaten dute asko aldatu dela zure aurkako finala galdu zuenetik. Hala da?

Bueno, ez dakit; hori berak erantzun beharreko galdera da. Nik nahiko antzeko ikusi dut urtean zehar entrenatzen aritu garenean. Aurten, egia esan, ez dugu beste urteetan adina topo egin entrenamenduetan, ze txapelketa oso desberdin joan zaigu, Binakakoa, batez ere. Beraiek oso ondo hasi ziren, gu oso gaizki, gero dinamika aldatu zen eta play-off horretan elkarren aurka jokatu genuen partida hori. Gero ni buru-belarri Buruz Burukoa prestatzen hasi nintzen eta bera, aldiz, Binakako finalerdi hori. Aldatu den edo ez, hori berak jakingo du, esperientziek ikasgaiak ematen dituzte eta posible da txapelketa hartan bizitakoarekin gauza batzuk ikasi izana, nik ikasi nituen bezalaxe.

Argi dagoena da, finalean gertatzen dena gertatzen dela, txapela buru onean utziko duzula.

Buruz Buruko txapela irabazi dutenen artean nik uste buru txarrik ez dagoela. Azkenean halako txapelketa bat irabazteko gauza asko egin behar dira ondo eta kasualitateak ez dira izaten halakoetan. Txapela guztien atzean lan handia egoten da; ez, gainera, urtebete edo bi urteko lana; aurretik urte askoan egindakoa izaten da. Eta aurten, bai Jokinek irabazten badu edo Beñatek irabazita, lan horri esker izango da.