Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad
Entrevue
Asier Odriozola Otamendi
«El vals de Amaya» euskal operari buruzko tesiaren egilea

«Euskal operaren eta musika espainolaren arteko harremana nahiko estua izan zen»

Historian doktorea da Asier Odriozola. 29 urte beteko ditu datorren hilabetean. Giza Zientziak ikasi zituen Deustuko Unibertsitatean, Bilbon, eta gero Bartzelonara joan zen «Munduko Historia» masterra egitera, Pompeu Fabra Unibertsitatean. Euskal operari buruzko tesiarekin notarik altuena lortu du.

Asier Odriozola Otamendi, XIX eta XX. mendeen arteko euskal operaren inguruko tesiaren egilea. (Maialen ANDRES/FOKU)
Asier Odriozola Otamendi, XIX eta XX. mendeen arteko euskal operaren inguruko tesiaren egilea. (Maialen ANDRES/FOKU)

Doktore tesia egiteko gaiaren aukeraketak badu misterio puntu bat... Asier “Amaya” operak oinarri duen nobelako pertsonaia maltzur bat izateaz gain, ikertzailea jaio eta hazi zen herriak, orain berriro bizileku duenak, Giuseppe Verdiren obra baten izena du, “Ernani”.

Asier Odriozola Otamendik notarik altuena lortu du Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitatean “El vals de Amaya. Regionalismo, ópera vasca y música española, 1879-1920” tesiarekin. «Lasaitu ederra» hartu du, «asko luzatu» baitzaio ikerketa prozesua eta nekatuta gainditu baitu azken malda.

Musika beti egon da bere bizitzako egunerokotasunean; txikitatik joan da musika eskolara, etxean ere presente izan du eta Hernaniko bandan jotzen du. Ikertzeko aukera sortu zitzaionean, ohartu zen ez zela lan handirik euskal operaren inguruan eta ekarpen bat egin zezakeela. XIX. eta XX. mendeen arteko garaia «oso interesgarria» iruditzen zaio, aldaketa sozioekonomiko eta kultural garrantzitsuak gertatu zirelako. Musika eta testuingurua batu ditu.

Odriozolak azaldu duenez, hiru helburu nagusi izan ditu: «Musikak gizartean zer-nolako eragina izan zuen eta eragile politiko eta kulturalek euskalduntasuna sortu eta sustatzeko zein funtzio eman zioten ikustea; euskal operaren eta musikaren sorkuntza prozesuan atzerriko mugimendu eta ideiek zer eragin izan zuten aztertzea, interesgunea Parisen kokatuz batez ere; eta, azkenik, euskal operak musika espainolaren baitan zuen lekua ikustea».

Kataluniaren eragina

Ikerlariaren arabera, historiaren funtzioetako bat iragana ikertzea da, eta sarri, gaur egungo gertakizunek perspektibak finkatzen laguntzen dute. «Katalunian bizi izan naiz eta nik uste bertako azken hamarkadako prozesuak eragina izan duela nire ikerketan, agian ez hainbeste ideietan baina bai galderetan». Adibidez, izenburuan elkarrekin agertzen diren “euskal opera” eta “musika espainiarra” terminoek kontrajarriak eman dezakete, baina iraganean ez zen berdin ikusten. Zergatik?

Tesian dioen bezala, gaurko arazoen soluzio zehatza ez da duela mende bateko musikaren ikerketatik aterako. Hala eta guztiz ere, nortasun kolektiboen aldakortasun eta artifizialtasunaren gaineko pistak ematen ahal ditu. Eta, bide horretatik, itxuraz denboraz kanpokoak eta etereoak izan arren, funtsean hain mundutarrak diren ideien erabilgarritasun, balio eta etorkizunaz hausnartzera gonbidatu. Izan ere, «funtsean aurkitzen diren dinamikak, atzean dauden prozesuak, normalean ez dira gehiegi aldatzen».

Kixoteren antzera

Kulturaren historiaren saiakera moduan idatzitako lanaren sarreran kontatzen duenez, doktore tesi bat egiteak Kixoteren antzera ibiltzea dakar. Une errepikaezinak ere ematen dizkizu, beti oroituko dituzunak eta emozio bizikoak. Gauzak ez direla ongi ateratzen ari sinetsiz urte batzuk eman eta gero, azkenean ezinezkoa posible egiten dela deskubritzen duzu.

Bost urte eman ditu Odriozolak ikertzen. «Ziurgabetasun orokor baten testuinguruan, irauten duen segurtasun bakar bat dagoela dirudi: betikotzen den prekaritate bat, ikertzailerik erromantikoena gogogabetzen duena», adierazten du tesian.

Aitortu duenez, «oso prozesu gorabeheratsua» izan da. «Lehendabiziko hiru urteetan nire kontu ibili nintzen lanean: finantzaketa bila, ikerketan, gaian kokatzen... galduta. Oso tipikoa izaten da. Aurrera egin eta gaia definituago nuenean, ia bukatua nuenean, dirulaguntza bat iritsi zen. Horrek kanpoko artxiboak ikusi eta idazketari azken bultzada emateko aukera ekarri zidan».
Leku ugaritan ibili da: Errenteriako Eresbilen eta Donostiako Koldo Mitxelenan denbora dezente eman du, baita Madril, Bartzelona eta Pariseko liburutegi eta artxiboetan ere.

«Letretako tesia egiten dugunon lan egiteko modua oso bakartia da eta arazo ugari topatzen ditugu. Ez dakizu nola enfokatu gaia, ez dakizu materiala nola laburbildu; bitartean bizitzak ere bere bueltak ematen ditu, eta proiektua aurrera eraman behar duzu. Hori orekatzea ez da erraza. Batzuetan liburutegietan lasaitasun pixka bat topatzen duzunean ezustean ideiak etortzen zaizkizu, baina ordu asko eman behar dituzu», agertu du.

Guk ematen diogu esanahia

Obraren izenburua, “Amayaren balsa”, ez da metafora xaloa. «Euskal operaren inguruan zeuden ideia, erreakzio eta pertsonaiak irudikatu nahi izan ditut horrekin, ez Euskal Herrian kokatuta bakarrik; atzerritik asko edaten zuten eta euskal opera kanpora ere eraman zen».

“Amaya”-ren kasuan, hasierako obra nobela bat zela kontuan izanda, eta Guridiren opera horren egokitzapen bat, moldatze horretan jada mezua eta ideia batzuk aldatzen dira, beste formatu bat ematen zaio. “Amaya”-k bere bals berezia dantzatzen du, mugak zeharkatzen dituzten lorratzak marraztuz, jendea erakarriz eta uxatuz.

Nola lortu zituen kontrako sentsibilitateen txaloak, testuinguru ezberdinetan gainera? «Iruditzen zaigu musikak baduela izaera berezi bat, baina arazoa guk dugu; musika musika da, guk ematen diogu esanahia. Musika berdina izan arren, entzuleriaren eta testuinguru historikoaren arabera erreakzio ezberdinak pizten ditu. Uste izaten ahal dugu hemen ez duela funtzionatuko eta kanpoan baietz, eta gero uste genuenaren alderantzizkoa gertatzen da. Bitxia da».

Hiru ondorio nagusi

Lehen aipatu ditugun hiru helburuekin lotuta, hiru ondorio nagusi atera ditu Asier Odriozolak: «Batetik, euskal musikak euskal nortasun bat sortzeko prozesuan lagundu zuen. Indar handia eduki zuen horretan. Bestetik, atzerriko eraginak orain arte ez dira hainbeste ikusi edo aztertu, eta oso nabarmenak izan zirela erakusten saiatu naiz, batez ere euskal musika modernizatzeko, euskal opera diseinatzeko eta musikalki forma emateko. Hirugarrenik, euskal opera eta musika espainolaren arteko harremana nahiko estua izan zen».

«Euskal operaren sustatzaile nagusiek ez zuten arazorik ikusten bi kontzeptuen bateragarritasuna aldarrikatzeko. Bateragarritasunik ez zegoela aipatzen zutenak kritikako sektore batekoak ziren, euskal opera estetikoki beste bide batetik zihoalako eta musika espainolak, beraien ustez, beste bide batetik jarraitu behar zuelako».

«XIX. eta XX. mendeen artean Espainiaren irudikapena Andaluzia zen, eta estereotipo horren aurka egitea zaila zen Espainian eta Euskal Herrian. Euskal operako ideologo nagusiek modelo hori gogor kritikatzen zuten, ez Espainiaren aurka egiteagatik, baizik eta ikusten zutelako Estatuko gainontzeko irudikapenek ez zutela hainbesteko lekurik».

Testuinguru historikoek anitz markatzen dute eta horrek interesa piztu zion ikertzaileari. «‘Amaya’ aztertzean ‘ABC’-n opera espainola kontsideratzen zutela ikusi nuenean, pentsatu nuen: ‘Nola da posible? Euskal musika da-eta’». Arakatu ondotik ohartu zen ñabardurak daudela eta gaur egun kontrajarriak iruditzen zaizkigun ideiak ez zirela beti hala.

Pariseko arrakasta

Paris kultur hiriburu nagusia izan zen Europan, abangoardiak bertan sortu ziren, eta interesgarria iruditu zaio hernaniarrari arreta jarri eta, jakinik euskal musika han ibili zela, garaiko kritikarien iritzia jakitea.

«Euskalduntasun bat ematen zioten. Hasieran ez hainbeste; bai gerora. Oihartzun pixka bat eduki zuen, euskal musika bezala errekonozitu zuten».
Sekulako arrakasta izan zuen Estatu frantsesean “Ramuntcho” (1897) Pierre Lotiren nobelak, 1908an operara eraman zenak. Ipar Euskal Herria ezagutarazi zuen hiriguneetan, eta ikaragarrizko turismoa eragin zuen. «Paristar asko joango dira jauregitxo eta txaletak egitera. Paradoxikoa da: autentiko horren bila doaz, baina beraien txaletekin modernizatzen eta aldatzen ari dira».

Bartzelonan ere maitatua izan zen euskal opera eta musika. «XX. mende hasieran elkar truke batzuk izan ziren Euskal Herriko eta Kataluniako abesbatzen artean, eta azpimarratu nahi nuke bertako eta hango abesbatzek beren indar artistikoa aldarrikatu nahi zutela, herri musikak ardatz hartuta. Harreman bat sortu zuten eta hala elkar errekonozitzen zuten».

Gaur egun

Ikerlariak erranen luke gaur egun ez dagoela jada euskal operarik. «Entzuten den musika sinfonikoa eta klasikoa ez da gaurkoa, baizik eta duela ez dakit zenbat urtetakoa. Entzuleriarekin dagoen arazo bat da hori, jendeari normalean ez zaizkiolako obra garaikideak gehiegi gustatzen. Operarekin antzeko zerbait gertatzen da. Ikertu ditudan euskal opera batzuk oraindik egiten dira; duela bi urte ‘Mendi-mendiyan’ egin zen Donostian, ‘Mirentxu’ ere bai Madrilen. Noizbehinka egiten dira gauzak, baina ez dira garaikideak», azaldu du.

«Beken baldintzak ez dira oso onak»

Asier Odriozolari ikerketan jarraitzea gustatuko litzaioke, baina aukera gutxi ikusten ditu horretarako. «Ikerketa bekak lortzen saiatu beharko nuke eta baldintzak ez dira erakargarriak. Bestela, irakaskuntzan sartzeko asmoa daukat». Dioenez, ikertzaile gehienak bat etorriko dira lan honetarako finantzaketa gehiago behar dela baieztatzean.

«Kanpora joatera bultzatzen zaituzte, eta ondo dago, baina baldintzak ez dira oso onak. Adibidez, Eusko Jaurlaritzak doktorego ondoko bekak eskaintzen ditu. Udaran ateratzen dira eta ez dute emaitza esaten urte bukaera arte. Abenduan esaten dute emango dizuten ala ez, eta urtarrilerako kanpora joan behar duzu: pisua bilatu eta beste nonbait zerotik hasi. Ondo dago kanpora joatea, baina ez da erraza hilabete batean zerotik hastea ez dakit non. Nire kasuan, urte batzuk egin ditut kanpoan eta jada etxera bueltatzeko gogoa neukan», aitortu du Historian doktoreak.