Mende erdia euskaraz hezten
Hasierako urteetako zailtasunei aurre eginez, Laudio Ikastolak urtez urte egin du ibilbidea hezkuntza sistema hobetzen, euskara sustatzen eta garai berrietara egokitzen.
Franco diktadorearen garaian sortutako gainerako ikastolen gisara, Laudio Ikastolak ere oztopo politiko, legal, ekonomiko eta tekniko ugari gainditu behar izan zituen haren bideari ganoraz ekiteko. Trabak gorabehera, aurrera egin zuen eta kooperatiba bat eratu zuten herri horretako hainbat familiak, eta hala, hogei ikaslerekin hasi zuten ikastolaren ibilbidea 1971-1972 ikasturtean.
Hastapena, esan bezala, gogorra eta erronkaz beterikoa izan zen; besteak beste, irakasleria kontratatu, bideragarritasun ekonomikoa planifikatu eta babes legala bermatzeko urratsak egin behar izan zituzten. Bestalde, urtez urte areagotzen zihoan ikasle kopuruarentzat egoitza egoki bat eraiki eta zabaldu behar izan zuten 1979-1980 ikasturtean zehar; gaur egun Laudio ikastolak duen egoitza, alegia.
Jaio zen unetik bertatik ikastolaren jardunak herri ekimenarekin lotura gertukoa bezain estua izan du. Horren erakusle argia da Laudion bertan 1972an antolatu zen lehen Olentzero jaia. Ekitaldi hark oihartzun handia izan zuen Arabako herri ugaritan, kultura euskalduna ikusgai bihurtzeko erreferentea bihurtu baitzen. Ikastolaren ekimen horretaz gainera, ikastolaren jarduna sustatzeko taberna bat ireki zuten Laudioko plazan bertan, eta horrek ere sekulako bultzada eman zion bai ikastolari berari, baina baita eskualdeko eta inguruko euskalgintzari ere.
Bosgarren edizioa herrian
Ahanzturan eroriko ez den eta ikastolaren historian mugarria izan zen beste data bat 1983a izan zen. Urte hartan ospatu zen Laudion Araba Euskaraz festa erraldoia, eta ikastolen eta euskararen aldeko aldarria zabaltzeaz gainera, urte hartako abuztuan jazotako uholde larriek utzitako kalteak ordaintzeko baliatu zuten ekitaldi hartan batutako diruaren zati handi bat.
Aurtengoa, beraz, ez da inola ere Laudio Ikastolak antolatzen duen lehen Araba Euskaraz. Izan ere, arestian aipaturiko 1983koaz gainera, 1993an “Etorkizuna euskaraz” lelopean, “Txikia zainduz handitu” aldarriarekin 2000. urtean, eta “Bagare” lemapean 2011n ere egin dituzte euskararen aldeko festa erraldoiak. Aurtengoa, beraz, bosgarren edizioa izango dute herrian, eta ziur ez dela azkena izango.
Bestetik, aipatzekoa da Laudio Ikastolak 1991. urtean jarri zuela martxan Laudio Txiki, eta hala bi urteko haurrentzako zenbait gela zabaldu zituzten Ugarteko izeneko egoitzan. Ordutik hona milaka eta milaka izan dira bertan euskaraz hazi eta hezi diren umeak. Handik bi urtera, berriz, lau urteko haurrentzako Eleanitz proiektua abiatu zuten euskal hiztun eleaniztunak hezteko helburuarekin. Helburu hori bete ahal izateko, euskara, gaztelania, ingelesa eta frantsesaren irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuak marko metodologiko eta curriculum komun baten baitan bildu ziren.
Integrala eta euskalduna
Euskal Autonomia Erkidegoko Eskola Publikoaren 1993ko legeak ikastolen mugimenduaren baitan tirabira eta haustura ugari eragin bazituen ere, Amurrioko Aresketa eta Aiarako Etxaurren ikastolekin batera, Bigarren Hezkuntzarako Aiara Lizeoa eskualdeko ikastola sortzeko partaide aktibo izan zen Laudio Ikastola. Aipatu proiektu hori aurrera atera ez zen arren, gaur egun batxilergoko ikasketak burutzeko aukera ematen die Laudio Ikastolak bertako eta inguruko herrietako ikasleei.
Hala, Laudio Ikastolak urtez urte egin du ibilbidea, beti hezkuntzaren kalitatea hobetzeko asmoz. Gaur egun Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa eskaintzen dute. Esan beharra dago, bestalde, ikastolak urte asko daramatzala hezkuntza eraldatzen, euskara sustatzen eta hezkuntza sistema hobetzen. Horregatik, 2015ean euren Hezkuntza Proiektua berritu zuten, herriari, ikasleei eta gurasoei XXI. mendeko hezkuntza eskaintzeko asmoz.
Garai berrietara egokitzen
Gaur egungo gizartean bizi eta pertsona bezala garatuko diren gizakiak, euskaldunak, kritikoak, autonomoak, sortzaileak, eta oro har anitzak ditu helburu Laudio Ikastolak. Hala, euren Hezkuntza Proiektuan hizkuntzen tratamendu integratua islatzea berebizikoa da. Gainera, partaidetza eta lankidetza ditu oinarri eta, besteak beste, tolerantzia, errespetua, talde lana, ideia trukaketa, kudeaketa demokratikoa eta inplikazioa ditu balio goren gisa.
Zentzu horretan, hezkuntza ekitatiboa sustatu eta garatzen dute Laudio Ikastolan, non ikasleek gizabanako desberdinak, sexu, arraza edota erlijio anitzetakoak, errespetatzen ikasten duten. Gainera, inklusibotasuna ere ardatz dute, bazterketa jokabideak arbuiatuz eta ikasle-guraso zein langile aniztasunari begirunea edukiz.
Azkenik, esan beharra dago ikastolaren beste ezaugarri nagusia haren izaera berritzailea dela. Izan ere, arestian aipaturiko Hezkuntza Proiektuan protagonismo berezia daukate teknologia berriek. Azken hauek ikasle eta familien eskura jartzen dira une oro eta metodologia berritzaileak ere ikastolaren beharretara egokitzen dira. Era berean, jasangarritasunaren kontzeptua indartzea da beste xedeetako bat, ikasle guztiek natura eta ama lurra errespetatzen ikas dezaten, baita hura gozatu eta maitatzen ere.