IDK Euskotrenek Stephanie Madden hegal-pibot estatubatuarra fitxatu du eta azken honekin amaitutzat jo ditu datorren denboraldiari begira egin beharreko fitxaketak. Yurena Diaz, Maria España, Joy Adams, Cristina Soriano, Alex Harden, Andrijana Cvitkovic eta Laura Corneliusekin batera, hurrengo sasoirako fitxaketa guztiak lotutzat jo ditu talde donostiarrak Madden lotu ondoren.
33 urte ditu jokalari estatubatuarrak, 1,85 metro neurtzen ditu eta aurrez ere Donostian ibilitakoa da. Hain zuzen, 2012/13 denboraldian UPV-Ibaeta zeritzon taldean aritu zen –egungo IDK Euskotren, noski–, eta Azu Muguruzaren aginduetara, Emakumeen 2 Ligan parte hartu zuen. Hain zuzen, denboraldi hartan bertan lortu zuten gipuzkoarrek Emakumeen Ligara igotzea, Arantxa Novo buru zela. Maddenek batez beste 14,1 puntu, 9,8 errebote eta 16,6ko balorazioa lortu zuen. Are gehiago, Caceresgo final handiako jokalaririk onena izan zen, 26 puntu eta 14 errebote lortuta.
Ez zen hura izan Stephanie Maddenen aurreneko urtea Europan, ezta azkena ere. Langstongo Unibertsitatean ikasi ondoren, Danimarkako Sasu taldean egin zuen Europan debuta, 2011/12 denboraldian. Donostian urtebetez egon ostean, Suitzan ez zuen zorterik izan eta handik Israelera joan zen. Han bi urte oparo egin ondotik, 14 puntu eta 11 errebote lortuz batez beste, Alemaniako Gruner Stern Keltern taldera joan zen.
Hurrengo urteetan TK Hannover (2016/17), Slavia Praga (2017/18) eta Valosun KP Brno (2018/19) taldeetabn ibili ondoren, 2019/2020 denboraldian Turkiako Canik Belediye taldera joan zen, pasa den martxora arte. Turkiako Ligako bigarren erreboteatzaile onena izan da eta zazpigarrena, ohostitako baloi kopurua aintzat hartuta.
Donostiara itzuli aurreko bere azken taldea Greziako Tesalonikako Paok izan da, eta 28,3 puntu eta 12 errebote lortu ditu batez beste.