NAIZ

Kudeaketako lanpostuak arautzera zigortu du epaitegiak Haurreskolak Partzuergoa

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Haurreskolak Partzuergo Publikoa zigortu du Kudeaketako lanpostuak arautzera. Epaia ahalik eta lasterren betetzea eskatu du LAB sindikatuak eta lan hitzarmen berriaren negoziazioan langileen baldintzak hobetzeko borrokan jarraituko duela ziurtatu du.

 Haurreskoeleteko langileen mobilizazio eta greba LABek deituta 2019an. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)
Haurreskoeleteko langileen mobilizazio eta greba LABek deituta 2019an. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

LAB sindikatuak ohar baten bidez jakinarazi duenez, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Lan arloko salak Haurreskolak Partzuergo Publikoa zigortu du Kudeaketako lanpostuak arautzera. 2018ko martxoaren 6an LABekin sinaturiko akordioaren lehenengo atala dela nabarmendu du sindikatuak; «beraz, partzialki onartzen du aurkeztutako demanda».

«Partzuergoko kudeaketa alorreko lanpostuak arautu beharra ikusita, beharrezkoa deritzogu lanpostu zerrendetan islatzea, beraien funtzioak adostuz. Beraz, gaur egun, kudeaketa arloan dauden lanpostuak, lanpostu zerrendan arautuko dira, funtzioak zehaztuz (...) Lan Eskaintza Publikoaren egutegia eta baldintzak sindikatuekin negoziatuko dira», dio artikuluak. Era berean, LABek dioenez, kudeaketako langileen ordezkoen eta barne promozioen araudiak negoziatu beharko lirateke, adosturiko egutegi, metodologia eta prozedura baten bidez.

Sindikatu abertzaleak azaldu duenez, alde sozialetik LABek soilik sinatutako 2018ko akordioaren lehenengo artikuluan kudeaketa lanpostuak erregularizazioaren aldeko hautua egin zuen, eta artikulu hau garatze bidean aurreakordioa sinatu zuen 2020an, hau ere LABek soilik. «Azken honetan kudeaketako langileen barne sustapenen araudia eta ordezkoen araudia adostu ziren. Haurreskolak Partzuergoak, ordea, ez du bata ez bestea bete, ezta ahaleginik egin ere beste bide batetik adostasunetara heltzeko», zehaztu du.

Bitartean, 2019ko otsailean, indarrean dagoen eta barematu beharko den kudeaketako langileen lan poltsak irekitzeko akordioa lortu zuen LABek, ordezkapenak betetzeko zegoen arazoa konponduz.

«2003tik erregularizaziorik gabe»

2003an sortu zen Haurreskolak Partzuergoa eta, LABek salatu duenez, ordutik kudeaketako langileen lanpostuen kopurua handitzen joan da «inongo erregularizaziorik egin gabe, lanpostuen zerrenda sortu gabe, alegia». Sindikatuak «negoziazioaren bidea lehenetsi» badu ere, epaitegietara jo zuen.

«Administrazioaren utzikeria, fede txarra eta egin diguten iruzurrak epaitegian bukatu du. Gainera, gai honekiko gainontzeko sindikatuen jarrerak ez du lagundu bidean; gerora mahaietan akordioaren eta aurreakordioaren defentsa egin badute ere, epaiketan ez zirela agertu esan behar dugu».

Orain EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak arrazoia eman dio LABi eta «ahalik eta lasterren» zigorra betetzea eskatu du sindikatuak.

«Kontsolidazio prozesua izan dadin ekarpenak egiten jarraituko dugu, eta lan hitzarmen berriaren negoziazioan langileen baldintzak hobetzeko borrokan jarraituko dugu. Era berean, lanpostuen kategoria eta soldaten ekiparazioa gauzatzea eskatuko dugu. Bide batez, zoriondu egin nahi ditugu kudeaketako lankideak. Bidea luzea izan da eta borrokan jarraituko dugu, adierazi du LABek.