Andres OSA «SAKONA»
Entrevue
Julen GABIRONDO
Segalaria

«Egur mordoa ebaki dut entrenamenduetan, aizkora exijentzia handiko kirola da»

Julen Gabirondo 32 urteko gazte animotsua da eta berak aitortu digu larunbatean Xabier Zalduaren aurka jokatuko duen apustua bere bizitzako handiena dela. Prestakuntza lanean zazpi edo zortzi hilabete buru-belarri daramatzala ere esan digu osaba Joxeren jarraitzaile lehialak.

Julen Gabirondo, aizkora eta sega eskuetan hartuta (NAIZ)
Julen Gabirondo, aizkora eta sega eskuetan hartuta (NAIZ)

Leitzako Martin Borda baserriko belazeetan jokatuko da larunbatean, 17.30etan hasita, Julen Gabirondo eta Xabier Zalduaren arteko apustu handia. Bi orduko lana izango dute; aurrena aizkoran bakoitzak 20 kana-erdiko moztu beharko ditu eta, bi ordu osatzeko gelditzen den denbora, segarako erabiliko dute. Kilo gehien mozten dituena izango da garailea eta alde bakoitzak 6.000 euro ipiniko ditu jokoan.

Xabier Zaldua aizkolaria da eta lan horretan ahalik eta abantaila handiena ateratzea izango da bere helburua. Julen Gabirondo, aldiz, segalaria da eta egurra mozten ahalik eta denbora gutxien galdu nahiko du. Apustua hasiera batean Azpeitiko Añota sagardotegiaren inguruetan zen egitekoa, baina azkenean Leitzara lekualdatu dute jendeak zuzenean bertatik bertara ikuskizunaz gozatu ahal izateko. Eguraldi aparta espero da eta bete-beteko desafioa ikusteko parada izango da. 

Aspaldian ez dira mota honetako desafio gehiegi ikusten. Nola sortu zen zuek bion artean apustu hau jokatzeko ideia?

Hasierako pausoak apur bat gerturatzeko izan ziren. Ni aizkora kontuak inoiz serio samar aztertu gabe nengoen eta arlo horretan zer pentsatua eta kezka banuen. Aurreneko bileran kana-erdikoak denak nik nire gustukoak eramatea planteatu nion Zalduari. Horretan ez zegoen adostasunik eta beste egun beterako gelditu ginen. Bigarren batzarrean planteatu genuen 32  kana-erdiko nik eramatea eta 8 Zalduak. Adostasun batera iritsi ginen eta korapiloa askatu genuen desafioa jokatzeko.

Bi orduko lana ez da txantxetako lana. Zer moduz joan dira entrenamendu saioak?

Egia benetan gordina da. Hilabete mordoa, jai eta astegun, egur mordoa ebaki eta segan ere tamainan eutsi behar. Gogorra da. Baina ardurak konplitzeko hartzen dira. Sakrifizio handia hartu dut desafioa irabazteko asmotan. Barruan daramat apustu hau eta enbor pila ebaki dut; aizkora exijentzia handia duen kirola da. Teknika aldetik akats gutxi egin beharrekoa. Zerbait lortu nahi badut aizkora dantzatu beharrean aurkitu naiz. Dena dela, esan behar dut aurkariaren martxari itsu-itsuan jarraitzen ez naizela ibiliko, kalterako izaten baita.

Belarra aurkitzeko arazorik izan duzu denbora horretan?

Ni neu moldatu naiz. Baina arazoak sortzen dira. Denboraldi zehatza izaten da belarra sartzeko sasoia eta sarritan presaka egin beharrekoa. Segadorak gero eta egokiagoak datoz eta derrepentean egin behar izaten dira itxaron gabe. Sega gero eta gutxiago ikusten den erreminta da. Galtzen ari da, tamalez.

Sega da zure arlo indartsua, eta aizkora Zalduarena. Aurkariaz zer diozu?

Hitz gutxitan agertuko dut: Xabier kirolari ona izateaz aparte prestakuntza lanak zehaztasun osoz egiten dituen gizona da. Duen guztia ematen du beti eta horrelako langintzan ez da makur geldituko. Fisikoki iraupen handiko kirolaria da.