NAIZ

Alavesek Logroñes izango du arerio denboraldi aurreko lehen lagunartekoan

Logroñes taldea izango da Alavesen lehen aurkaria 2021-2022 denboraldira begirako denboraldi aurrean. Uztailaren 5ean hasiko dira lanean babazorroak eta 14an Ibaian neurtuko dituzte indarrak Errioxako taldearen aurka. Honen ondoren eta uztail bukaera bitartean, lau lagunarteko jokatuko dituzte. 

Tomas Pina eta Martin Agirregabiria, entrenamendu saio batean. (@ALAVES)
Tomas Pina eta Martin Agirregabiria, entrenamendu saio batean. (@ALAVES)

Egunez egun denboraldi aurrean jokatu beharreko neurketa bakoitzaren berri ematen dago Alaves eta hauen ordena atzekoz aurrera iragarri du. Hala, jokatuko duen lehen lagunartekoaren berri eman du ostiral honetan. Logroñes izango du arerio uztailaren 14an Ibaia kirol instalakuntzetan. 

Javi Callejaren taldeak uztailaren 5ean hasiko ditu 2021-2022 denboraldira prestatzeko lanak eta hamar egunera, bere lehen norgehiagoka jokatuko du. Ondoren, hiru egun beranduago, Bigarren Mailara igo berri den Amorebieta izango du aurkari

Denboraldi aurrearen hirugarren eta laugarren astean Realaren (uztailaren 24an) eta Mirandesen (uztailaren 28an, Guardiako torneoan) aurka neurtuko ditu indarrak, denboraldi aurreko egonaldian zentratu aurretik. 

Uztailaren bukaeran La Mangara abiatuko dira babazorroak bertan, denboraldi aurreko egonalditxoa burutzeko. Oraingoz, lagunarteko bakarra iragarri du Alavesek, Elx taldearen aurkakoa, alegia. 

Uztaileko hilabetea zehaztuta, denboraldia hasi aurretiko lehen bi asteko plangintza zehazten joango da Gasteizko taldea. Gogoratu behar da, liga abuztuaren 14-15 asteburuan abiatuko dela. 

Hiru fitxaketa

Prestaketa lanen plangintzarekin batera, taldea osatzeko lanetan ere murgilduta dago Alaves. Oraingoz, hiru fitxaketen berri eman du. Carlos Isaac Gasteizera itzuliko da denboraldi bat Albaceten utzita jokatu ostean, Toni Moya Atletico Madrileko bigarren taldetik iritsi da eta ostegun honetan bertan iragarri zen Taichi Hararen fitxaketa, NK Istra talde kroaziarretik datorrena. Japoniarrak 2023. urtera arte sinatu du klub babazorroarekin