Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Bakarrizketak pantaila txikian: bai ala ez?

Stand-up, monologo edo bakarrizketaren funtsa eta oinarria zuzenekoak izaten dira eta batez ere bertan egoten den publikoa, noski. Azkenaldian ordea, plataforma digital ugaritan zuzeneko saio hauek zintzilikatu dituzte geure etxeko sofatik eta pantaila txikiaren bidez ikusteko.

Bakarrizketak, ezinbestean zuzenean eta publikoarekin?
Bakarrizketak, ezinbestean zuzenean eta publikoarekin?

Bo Burnham: Inside

NETFLIX

Covid-19aren pandemiaren etorrerak, eta bereziki konfinamenduak, sortzaile asko ohiturak aldatzera ez ezik, beren lana berrasmatzera bultzatu ditu. Hori da 30 urteko Bo Burnham umoregile, musikari, aktore eta zinemagile estatubatuarrak ikus-entzunezko sailkaezin baina zoragarri honekin egin duena.

Dena den, “Bo Burnham: Inside” izeneko lana konfinamenduan jaio den ikus-entzunezkorik onena zergatik den azaldu aurretik, Bo Burnham nor den azaldu behar dut. 2006an, Burnhamek bi abesti grabatu zituen bere kabuz eta YouTuben zintzilikatu zituen familiarekin partekatzeko. Berehala egin ziren ezagun eta biralizatzen hasi ziren. Ikustaldi kopurua igo ahala, eta jarraitzaileak lortu, bakarka, gitarra edo piano digitalaren laguntzaz, Burnhamek “komedia musikal pubeszentea” izeneko abestiak eta bideoak kaleratzen jarraitu zuen.

“The Boston Globe” egunkariaren hitzetan, «aldi berean osasuntsu eta aztoratzaile, intimoa, erokeria moduko batean nabigatzen duena», Burnhamek supremazismo zuriari, ezintasunei, Helen Kellerren homosexualitateari eta gai askori buruzko abestiak idatzi eta kaleratu zituen. Bideo guztiak etxean egin zituen. Burnhamen emanaldiek arraza, generoa, giza sexualitatea, sexua eta erlijioa bezalako gaiak jorratzen dituzte. YouTubeko lehen izarretakotzat har daiteke, beraz.

Arrakasta horri esker, 2008an Londresen, Comedy Central-eko The World Stands Up taldearen emanaldi batean parte hartu zuen eta lau diskoko kontratu bat sinatu zuen Comedy Central Records-ekin. Hortik antzokietako biren mundura jauzi egin zuen, telesailetara (“Zach Stone Is Gonna Be Famous” sortu zuen) eta baita zinemara ere (“Eight Grade” zuzendu du adibidez). Bere ideiak hain dira harrigarriak eta originalak, Chris Rock edo Jerrod Carmichael bezalako artistek kontratatu zutela bere stand-up showak zuzentzeko. Bere komedia estilo bereziak letra sarkastikoz betetako abestiekin uztartuz, eta teknikoki guztia muturreraino zukutzeko gaitasuna eta talentua duela erakutsiz, figura berdingabe bat bilakatu duten arte.

Tira, umoregile hau apur bat hobeto ezagutu ostean, murgil gaitezen Netflixerako estreinatu berri duen “Inside” saio berezi-sailkaezin honetan. Arrazoi du saioaren hasieran, «ongi etorri, dena delako honetara» dioenean, ordu eta erdiko metrajearen ondoren, benetan zaila delako genero batekin etiketatzea, baita diziplina batekin ere; Stand-up komediaren kutsua duen performance abangoardista? Bideoklip sorta zirikatzailea? Itxialdian egindako ikus-entzunezko sailkaezina? Argi daukadan gauza bakarra da harribitxi bat dela, hasieran esan dudan moduan konfinamenduan jaio den obrarik pertsonalena, bereziena eta ziurrenik onena.

Ikus-entzunezko saiakera bat da, hondoa jo dugunean umoreak jokatzen duen (jokatu duen eta jokatuko duen) rolari buruzkoa, komediak beti dramarekin izango duen harreman delikatuari buruzkoa, eta barreak beti negarrarekin izango duena.

Barregarria eta itogarria

Itxialdiari buruzko hausnarketa bat da, barregarria eta itogarria aldi berean. Burnham gazte zuri, hetero eta pribilegiatuaren lekuan kokatzen da, autoparodiatzeko, zuzentasun politikoaren, sare sozialen eztandaren eta batez ere une oro eta etengabe iritzia emateko tentazioaren garaian (Jeff Bezosen aholkuei iseka egiten dien, sexting-a, sare sozialak, lan esplotazioa, paranoia, bakardadeak sortzen dituen miseriak, traumak edo lagunen seme-alabak sartzen ditu hasieratik jokoan). Netflixeko ikuskizun honetan oso presente dago hasieratik erabateko bakardadean 30 urte betetzen dituen gizon baten osasun mentalaren haustura, «mundua amaitzen den bitartean». Era berean, fobia eta izu une horiek, kantu burutsuetan islatzen saiatzen da, ekoizpenak irauten dituen ia 90 minutuetan ikuskizunaren maila inoiz jaisten ez dutenak. Hain arrakastatsua izan da sortu duen abesti zerrenda, laster disko bat aterako dela. Spotify-n ere entzungai dauzkazue abestiak. Ia hiru milioi entzunaldi lortu dituzte.

Mezu zorrotz, probokatzaile eta zirikatzaile horien artean eta ia guztia berak bakarrik sortu duen arren, oso deigarria iruditu zait lanak duen taxuketa teknikoa. Argien erabilera, adibidez, bikaina da, harrigarria da hain elementu gutxirekin zer-nolako gaitasuna duen argiarekin jolasteko eta sekuentzia desberdinak sortzeko. Musika eta letrak ere bikaintasun maila nabarmenekoak dira eta, nola ez, gela horren erabilera izugarria iruditu zait.

Stand-up komedia gustuko izan ala ez, eta nahiz eta formatua bera deigarria ez iruditu, biziki gomendatzen dizut harribitxi honi aukera bat ematea. Garai tristeenetan dibertigarria izaten saiatzeari buruzko obra indartsu bat delako, intimoa, sarkastikoa, ausarta eta batez ere oso zintzoa.

Formatuaren zentzuaz

Sarreran jaurti dudan galdera erantzuten amaitu nahiko nuke gaurko testua; ea zentzurik ba ote duen formatu honek telebistan, alegia. Gomendatu dizuedan lan bereziaren tankerakoak badira nire erantzuna argia da: bai, noski. Espresuki era honetan kontsumitzeko sortua izan delako eta horretako beharrezkoa diren erreminta guztiak ezin hobeto zukutu dituztelako. Bakarrizketa tradizionalaren kutsua duten lanekin aldiz, zalantza ugari pizten dira nire barnean.

Egia da AEBetako edo nazioarteko emanaldiak ikusi nahi baditugu adibidez, irtenbiderik errazena, erosoena eta batez ere merkeena hauxe dela. Baina zeure etxetik gertu horrelako zuzeneko batez gozatzeko aukera baduzu, utzi telebista alde batera eta joan zaitez bi aldiz pentsatu gabe. “Gaztezulo” aldizkarirako Jon Plazaolari egindako elkarrizketan esan zidan moduan, «bakarrizketak telebistan ez zaizkit inoiz gustatu, nire ustez bakarrizketen tokiak tabernak, kafe antzokiak edo gaztetxeak dira».