Tolosaldea, Kaiku eta Busturialdea izan dira eguneko hiru irabazleak igandeko arraun jarduna hartu duten Pasaia eta Elantxobeko uretan.
Tolosaldeak denboraldiko bigarren garaipena lortu du gaur Pasaiako IX. Ikurrina bereganatuz eta horri esker ETE Ligako lehen postuan kokatu da berriz ere 32 punturekin. Gipuzkoarrek lehia estua izan dute gaurko estropadan ere Deusturekin, eta bizkaitarrak azkenean bigarren izan dira lau segundora. Tolosaldearen denbora 11:02.47 izan da eta Deusturena 11:06.97. Sailkapen nagusian ere aldea puntu bakarrekoa da, 32 gipuzkoarrentzat eta 31 bizkaitarrentzat.
Atzetik datozenen artean, berriz, jada alde txiki batzuk irekitzen hasi dira. Hibaika hirugarren izan da gaur, San Juan laugarren eta Zumaia bosgarren, eta sailkapen nagusian ere postu horiek finkatu dituzte 26, 23 eta 21na punturekin.
Gaurko talde irabazlea hauxe izan da: Uxue Zuriarrain, Uxune Urkia, Naroa Becerril, Irati Hernandez, Malen Oyarzabal, Eider Barba, Ane Egües, Janire Izagirre, Irati Liceaga, Mireia Vicente, Naroa Leonet, Arene Portularrume eta Itsaso Aizpurua, Aiora Sorozabal patroi zutela.
Kaikuren aurrenekoa
KAE1 Ligako estropadari dagokionez Kaikuk bere lehen garaipena eskuratu du Pasaian, V. Adegi - Fabrika Bandera bereganatuz, eta orain arteko hiru estropadatan hiru irabazle desberdin izan ditu maila honek.
Sestaoko traineruak lehia benetan estua izan du San Pedrorekin, eta luzearen arabera aldeak gora edo behera egiten zuen nabarmen. Baina gora-behera askoren ostean, azken luzean pare-parean amaitu dute bi ontziek eta Kaiku bi segundogatik nagusitu da.
Pasaiarrek ezin irabaziaren pena izango zuten, baina argi dago erregulartasuna mantentzen dutela eta horri esker sailkapen nagusiko lehen postuan jarraituko dute 36 punturekin. Kaiku bigarren dago 34rekin, baina hirugarrenarekiko jada alde polita ireki dute, Getaria hirugarren baitago 30ekin, sei puntura.
Getariarrek bosgarren postuarekin konformatu behar izan dute gaur, Deustuk eta San Juanek aurrea hartu baitiete. Eta eguneko beste galtzaile nagusia Pedreña izan da, zortzigarren postuan amaitu ondoren. Sailkapen nagusian ere nabaritu dute galera hori eta bosgarren geratu dira, ohorezko txandatik kanpo.
Kaikuren ontzian aritu direnak, hauexek: Ruben Alvarez-Pedrosa, Iñaki Elorrieta, Adrian Miramon, Leandro Salvagno, Jagoba Gonzalez, Jaime Lara, Joaquin Montero, Xabier Mielgo, Alexandru Tacu, Miguel Angel Ruiz, Daniel Garcia, Beñat Apraiz eta Oscar Gomez, Gorka Varela patro zela.
ETE eta KAE1 Ligako ontziek Donibane Lohizunen izango dute hurrengo hitzordua datorren larunbat arratsaldean, emakumezkoak 16.30etan hasita eta gizonezkoak 17.30etatik aurrera.
Itsasoa mugituta Elantxoben
Azkenik, KAE2 Ligak Elantxoben izan du oso baldintza zailetan jokatu den estropada eta garaipena Busturialdea etxeko traineruarentzat izan da 21:41.45eko denborarekin. Bizkaitarrek sekulako aldeak atera dizkiete bigarren izan den Mutrikuri, 20 segundo, eta hirugarren amaitu duen Portugaleteri, 33 segundo.
Sailkapen nagusian Portugalete da lider 17 punturekin, baina aldeak oso txikiak dira oraindik. Handitzeko aukera datorren larunbatean Mutrikun izango dute 17.00etatik aurrera.
Busturialdeko ontziko partaideak ere aipatuko ditugu: Joseba Arevalo, Aimar Martija, Jon Aingeru Dominguez, Iker Goikoetxea, Mamdou Sarr, Urko Barrena, Jon Aberasturi, Eneko Atutxa, Jon Urizar, Ekaitz Badiola, Jon Canabal, Iñigo Martinez de Alegria eta Zigor Perez, Asier Arego patroi zutela.