Maite Ubiria
Aktualitateko erredaktorea, Ipar Euskal Herrian espezializatua / Redactora de actualidad, especializada en Ipar Euskal Herria
Entrevue
Iker Elizalde
Departamendu kontseilaria (EH Bai)

«Gauden tokian gaudelarik jendearen egunerokotasuna hobetuko duen herria bizkortzea dugu xede»

«Nireganatzen ari naiz oraindik egokitu zaidan ardura berria» aitortu dio NAIZi Iker Elizaldek. Urruñako Annie Poveda zerrenda kidearekin batera ondoko sei urteetan departamendu kontseilari gisa jardunen du, Pauen. Ipar Euskal Herriak erabakitzeko gaitasuna bereganatu dezan lan eginen dute.

Iker Elizalde, joan zen igandean, botoa ematen, Hendaian. (Nahia GARAT)
Iker Elizalde, joan zen igandean, botoa ematen, Hendaian. (Nahia GARAT)

Jendea hurbiltzen zaio kalean. Zorionak ematera, hitz batzuk trukatzera. Berriki zendu zen herrigintzako «partisano» batek, Txema Egigurenek, asmatutako ‘Nik Hendaia maite dut’ leloa idatzita duen tixerta darama jaka azpian. Ondoko sei urteetan Hendaia-Hegoko Euskal Itsasertzea kantonamendua ordezkatzearekin batera ezkerraren ikusmoldea eta egitasmoak defendatzea egokituko zaio, oraingoan Pauen bere egoitza duen Nafarroako Parlamentuan. Annie Poveda, Urruñako erizaina eta hautagai bikotea bere ondoan duela «herritarren beharrak lehen lerroak ematea» dutela xede azaldu dio NAIZi Iker Elizaldek.

Hauteskundeen emaitzak ikusita, bi itzulien artean zuenganatu dituzuen sostengu berriek zer pentsa ematen dute. Urtzen hasi da izotz-hesia ?
Kanpaina honekin abiatu ginenean ez genuen inondik inora pentsatu Annie Poveda eta biok hilabete bat beranduago kontseilari departamentalak bilakatuko ginetik. Azkeneko urteetan eginiko lanari segida emanez kanpainan zehar departamenduak dituen gaitasunen arabera gure egitasmoak azaldu ditugu. Herriko eragileekin, herritarrekin, harremanak sendotu ditugu. Entzun dugu eta hitza hartu dugu. Elkar trukaketa hori aipatzen duzun boto bilakaera azaltzeko gakoetako bat izan daiteke. Lurraldeari loturiko proiektua bat mamitzea posible dela erakutsi dugu, jendeak dituen kezkak eta ikusmoldeak errespetatuz.

Iragan urtean egin ziren herriko bozetan ezkerreko abertzaleek ardurak hartu zituzten kantonamenduaren bi herritan. Hendaian, berriz, PSko udal gobernuarekin aliantzak garatu dituzte azkeneko hamarkedan.
Herriko bozetan aitzinamendu handia izan genuen gure kantonamenduan. Urruñak auzapez abertzalea du eta Biriatun abertzaleen ekarpenarekin osatu da udal gobernu berria, bi kasutan aspalditik agintean zegoen eskuinari irabazita. Esaten genuena betetzen hasteko orduan ez dugu denborarik galdu. Nire irudipena da hitzetatik ekintzetara pasatzeko erakutsi dugun nahikeria, engaiamendua, zintzotasuna, oso agerikoa bilakatu dela jendarentzat. Herritarrek ahal izan dute egiaztatu aldaketa sakonak egunerokotasunean gauza tipiak zuzentzen heltzen direla. Igandean urrats berri bat eman dugu.

Ez goaz konfrontazio hutsa egitera, bagoaz aukeratu gaituzten herritarren egunerokoa hobetu daitezkeen politikak defenditzera. Horretan prest gira edoizeinekin adostasunak egiteko

Biriatun boto kopurua bikoiztu zenuten, baina Annie Poveda urruñarrarekin batera aurkeztu zinen heinean kantonamenduko bigarren herri horretatik heldutako sostengua nabarmendu beharra dago.
Jendearen bizitza hobetzea eta gure herriak biziaraztea. Annie Povedak gizarte justuago, humanoago, feministago bat eraikitzearen alde azaldu duen konpromisoa nahi nuke nabarmendu. Bai, bereziki harro gaude biok kantonamenduaren baitan lorturiko emaitza horiekin. Elkarteek, militanteek, hautetsiek egunero egiten duten lanak uzta eman du. Askotan ardurak dituztenek kritikak jasotzen dituzte, edo oztopoak atzemanen dituzte. Horrendako garrantzia handia du herritarrek botoaren bidez ibilbide horri buruz duten ikusmoldea azaltzea. Bozka hauetan ikusi dugu ezkerreko abertzaleok egiten dugun lana preziatua dela, eta jakin badakigu lan hori gabe gaur ez ginatekela gauden tokian. Arlo sozialean edo kulturalean garatzen den ekimen bakoitzak harri berri bat jartzen du bidean. Oraingoan guri dagokigu, besteak beste, Ipar Euskal Herrian erakundetzearen alde, gure lurraldearen garapenaren alde lan egitea, Pauen ere.

Departamendu mailan euskal ezkerraren ordezkari bakarrak izanen zarete. Ordezkaritza non eta PSren gotorleku izan den Hendaian lortuta. Nola azaldu bilakaera hori ?
Hainbat hesi gainditzen joan gira. Duela hogei urte gaur hemen egingo ginela pentsatzea ameskeria bazen, baina poliki poliki, eguneko lana eta borrokari esker, erreferenteak bilakatu gara ezkerreko abertzaleak. Jendartearen oso esparru ezberdinetatik heldu zaizkigu bidelagun berriak, eta baloreen gaineko konfiantza harremana joan gara denon artean eraikitzen. Anitzetan jendea ez da guztiz ados gurekin baina aitortzen digu gure engaiamenduak bururaino eramateko dugun erabateko determinazioa. Heldu da une bat non hori bereziki baloratua izan da. Faktore anitz badira, baina iruditzen zait horrek azaltzen duela neurri batean ezkerrak bizi duen egoera ikusita hainbatek orain urrats egin izana EH Bai erreferente gisa hautatzeko.

Ezkerra aipatzen duzula, zuen kanpainan zehar eremu ideologiko horren gaineko eztabaidak edota nortasun auziak alde batera utzita, departamenduak dituen baliabideak aintzat hartuta hobetsi nahi dituzuen egitasmoak azaltzeari eman diozue lehentasuna.
Horretan entseatu gara. Ez da hauteskunde hauetan asmatu dugun zerbait. Ez da estrategia bat ere ez. Zintzoki sinesten dugu ideia eta proiektuen gainean ahal direla adostasun berriak eratu eta lankidetzarako eramuak zabaldu. Horrek ez du esan nahi alde batera jarri dugula Ipar Euskal Herriaren erakundetzearen alde defendatzen dugun proiektua, sinpleki jendeari azaldu diogu gure ustez denon bizimodua hobeagoa egiteko aukerak ematen dituela lurraldearen araberako garapen horrek.

Ipar Euskal Herrian lurralde kolektibitatea eratzea ezinbestekoa da, herriaren beharrak betetzeko bidean ahalmen hobeagoak eskaintzen dituelako. Beharrezkoa bada urrats berriak irudikatzea. Hori defendatzera goaz Pauera

Erakundetze prozesuan urrats berriak emateko urgentzia aipatu duzue, baina zaila ikusten da galdera horri Paueko Kontseiluan galdera ematea.
Jarraitzen dugu pentsatzen Ipar Euskal Herrian lurralde kolektibitatea eratzea ezinbestekoa dela, herriaren beharrak betetzeko bidean ahalmen hobeagoak eskaintzen dituelako. Beharrezkoa bada urrats berriak irudikatzea. Hori defendatzera bagoaz Pauera. Nola jardunen dugu bertan? Jendearen premiak erantzuteko politika publiko ausartagoak plantan ematearen alde lan eginez. Gure kantonamenduan, Hendaia herrian bereziki, herritar anitz ditugu behar sozial handiak dituztela. Horiei begira proiektu sakon bat ematea izan da gure lehentasuna eta horixe bera bultzatuko dugu Pauko kontseiluan.

Izan ere hautetsi bi dituzue. Aliantzak beharko dituzue egitasmo horiek aurrera eramateko.
Bi mailatan planteatzen dugu gure jarduera. Aliantza iraunkorrik ez dugu bilatuko ez dugulako partekatzen proiektu orokor bar nagusitu den zentro-eskuinaren gehiengoarekin. Gure oposizio lana egiten dugu hor. Baina bada bigarren plano bat. Eskualde bateko ordezkariak garen heinean gure herritarren beharrak beste era batera hartuak izateko jardunen dugu. Interes partidistak badira, hori ezin da ukatu, baina horrez gain badira egitasmoak, proiektuak. Ez goaz konfrontazio hutsa egitera, bagoaz aukeratu gaituzten herritarren egunerokoa hobetu daitezkeen politikak defenditzera. Horretan prest gira edozeinekin adostasunak lantzera.

Eskarmentua duzue diferenteen arteko lan amakomuna garatzen.
Hendaiako Herriko Etxean lehenik eta Euskal Elkargoan ondoren badut esperientzia pixka bat. Gero bada norberaren nortasuna. Ados ez garenean argiki erranen dugu, eta interes orokorreko auziak direlarik, orain arte egin dugun bezala, arduraz jokatuko dugu.

Departamendua desagerrarazi. Hori zen sinpleki esanda, abertzaleen asmoa 2015an. Orain Pauetik euskal lurralde kolektibitatea ahal den eta fite eratzeko egitasmoa babestu nahi duzuela azaldu duzue. Jatorrizko kontraesana bada.
2015ean beste testuinguruan ginen, departamenduak baztertzeko joera bazen. Ez da gertatu, baina badugu Euskal Elkargo bat, eta herritarrek gero eta ardura gehiago eman digute.

Jadanik nireganatzen ari naiz oraindik ere funtzio berria. Hala ere, badakigu nondik gatozen, eskarmentua hartu dugu gure eremuan, delako Herriko Etxean delako herri arteko egituretan edo berriki Euskal Elkargoan. Hori da abiapuntua, baina badakigu aldaketak bultzatzeko behar dela pausuz pausu joan, eta indarrak bildu. Gauden tokian gaudelarik herritarren egunerokoa hobetzeko lan eginen dugu. Horrek eramaten gaitu Pauera. Eta horrekin batera Ipar Euskal Herriak gaur gaurkoz dituen eskumenetatik harago erabakigune garrantzitsu bat behar duela eratu defendatuko dugu. Horren gibelean zer da ? Bada, Euskal Herrian ahalik eta bizitzaren arlo gehienetan erabakiak nahi ditugula hartu. Hori da gure asmoa. Behar den tokian defendatuko duguna. Gaitasun bat erakusten ari gara kudeatzeko, politika egiteko, eta jendea entzuteko. Errespetu horrekin jokatuz hesiak hautsi eta bide berriak ahal ditugu zabaldu, mugarik gabe, Euskal Herri osoan.