Arrainak ura bezala, guk kultura
Arrainak ura bezala, pertsonak kultura behar du. Bizitzari zentzua ematea, harreman onak izatea, pozik eta aseta sentitzea osasun adierazle garrantzitsuak dira. Kultura mesedegarria da osasun fisiko eta mentalerako. Ez da uste bat, ikerketa zorrotzek mahai gainean jarritako ondorioa da.
Askotan hala jaso izan den arren, Darwinek ez zuen esan indartsuenek irauten dutela, ondoen egokitzen direnek baizik. Zehaztapen horrekin abiatu zuen gogoeta Arkaitz Zubirik, UPV/EHUko irakasle eta ikertzaileak, asteon Miramarren izan den “Pandemia garaiko kulturgintza: egoera eta erronkak” ikastaroan.
Eta Darwinen ideien gaineko zuzenketak argi izpi bat pausatzen du euskal kulturaren bizkarraldean, nabaria delako ez dela indartsuena. Ondoen egokitzen dena izan daiteke, ordea.
Darwinen ideiak argitzen saiatu zen Kropotkin eta burla egin omen zioten horregatik. «Bizirauteko elkarrekiko laguntza zeinen garrantzitsua zen nabarmendu zuen Kropotkinek eta gizakiok aurrerapen handienak egin ditugu elkarrekiko laguntza hori ondo garatu dugunean», esan zuen Zubirik.
Zuhaitz bat hazteko ezinbestekoa da basoa. Eta horrela frogatu zen 1977an “Nature” aldizkarian argitaratutako ikerketa batean. Horren arabera, baso jakin batzuetan zuhaitzek lur azpian elkar lotzen dituzten sareak dituzte eta horien bitartez karbonoa partekatzen dute. Alegia, batzuek besteen beharra daukate bizitzeko, aurrera egiteko, beste bizidun askoren pare.
«Gizakiok elkarri laguntzeko gaitasuna badaukagu. Baina hori gerta dadin hainbat baldintza gertatu behar dira. Horietako bat da gure bizitzaren zentzua eraikitzea, gure bizitzek berez ez daukatelako esanahi bat edo zentzu bat. Eta eraikitzen dugun zentzuaren arabera, bizitza hobea edo okerragoa izango da».
Zubirik Erik eta Joan Erikson ikertzaileak ere aipatu zituen bere gogoetan. Sigmund Freudek zehaztutako bost etapei beste lau gehitu zizkieten. Horietako bat: Integritatea vs desesperazioa. «Horren arabera, gizakia bere bizitzako momentu batean bere ibilbideari buruz hausnartzera iristen da. Nolakoa izan da nire bizitza eta nolakoa da orain? Segun nolakoa den, integritatea edo desesperazioa sentitzen du. Horrek esan nahi du egin dugunari edo egiten dugunari ematen diogun zentzuaren arabera, hobeto edo okerrago sentitzen garela. Eta horrek ondorio oso indartsuak dauzka egunerokotasunean, bai osasun mentalean eta bai osasun fisikoan».
Mundu mailan puntako ikerketa ugari daude ongizate horren inguruan. Horien arabera, harreman onak ez izatea oso faktore arriskutsua da osasunarentzat, tabakismoaren, obesitatearen edo poluzioaren pare. Harvard Unibertsitatean ere ikerketa zorrotza egiten ari dira 1937. urteaz geroztik. Bertan bizitza on bat izateko gehien eragiten duten faktoreak zeintzuk diren ikertzen dute. «Gaur egun nabarmentzen duten ondorio nagusietakoa da osasunerako faktore garrantzitsuenetako bat –gene onak izatea baino gehiago– harreman onak izatea dela».
Pentsa, puntako ikerketa horien arabera, 50 urteko pertsona batek 80 urte dituenean zer-nolako osasuna izango duen aurreikusteko kolesterol maila baino adierazle esanguratsuagoa da zer-nolako asetasun maila duen eta zer-nolako harremanak dituen.
Eta horretan guztian, asetasun mailan, harreman onetan, bizitzaren zentzuan, kulturak parte handia dauka. «Ikerketa ugari daude esaten dutenak kultura mesedegarria dela osasun fisikorako eta mentalerako. Beraz, kultura ez da kontsumorako gai soil bat, ez da entretenimendu soilerako gauza bat, askoz gehiago da». Zubiriren esanean, kulturak osasunean daukan eragina ulertzeko, garrantzitsua da kulturaren rol soziala nola aldatu den ulertzea, «ikaragarri aldatu da mendeetan zehar».
Aro Modernoaren aurreko garaian kulturak sekulako garrantzia zeukan integrazio soziala sustatzeko. «Kulturak, arteek, ederra, ona eta egia zena ordezkatzen zuten, hori zen asmoa. Modernitatearekin hori asko aldatzen da. Esfera horiek –ederra, egia eta ona– bereizi egin ziren eta espezialistak sortu ziren. Horrek askatasun handiagoa ekarri zuen artistarentzat, nahi zuena egiteko askatasun handiagoa eskuratu zuen».
Askatasuna irabaztearekin batera etorri zen deskonexioa, akaso parte ilunxeagoa. Eta garai batean kulturak egiten zuen zementazio lana ahuldu egin zen. Noski, zementazioa ona bezain txarra izan daiteke, segun eta zementuak non harrapatzen zaituen. «Deskonexioarekin gerta daiteke bizitzaren zentzua galtzea eta anomia agertu daiteke: bizitzeko gogo falta, isolamendua».
Artearen beste esferekiko –ederra, egia, ona– erabateko deskonexioa gertatzen denean, kulturak egiten zuen integrazio sozialerako bultzadarekin zer gertatzen da? Kulturak Aro Modernoaren aurreko garaian zeukan integrazio sozialerako bistako bultzada ez da hain nabaria akaso. Baina garbi dago kultura ez dela kontsumorako gaia bakarrik eta jasotzen dugun kulturak gure mundu ikuskeran eragina daukala. Kulturak jendartea josten jarraitzen du, integrazio sozialerako tresna izaten jarraitzen du, lehen bezala orain «egia, ederra eta ona» zer den definitzen jarraitzen du. Film batean zein pertsonaia gustatzen zaigu eta zein ez? Eta zergatik? «Gauza horiek ikasi egiten dira, eta neurri handi batean kulturaren bidez ikasten dira».
Zubirik garbi dauka: «Arrainentzako ura bezala da guretzat kultura. Kontua da ura zerk osatzen duen». Kulturaz inguratuta bizi gara, filmez, abestiz, askotariko sorkuntzez inguratuta bizi gara, horiek dira gure bizitzaren soinu banda eta horiek denek eragina daukate gure mundu ikuskeran.
«Kontua ez da bakarrik zein kultur adierazpide iristen zaizkigun, baizik eta zer harrera egiten diegun horiei. Jateko orduan ere badakigu gustatzen zaizkigun elikagai guztiak ez direla osasuntsuak. Kulturarekin, berdin. Baina garrantzitsua da horren jakitun izatea».
Kultura, elkar konektatzeko
Zubirik adibide praktiko bat ekarri zuen mahai gainera, «ondo egindako gauzen» adibide modura. Bartzelonan bada 1978an sortutako helduentzako eskola bat, La Verneda-Sant Marti auzoan. Bertako bizilagunek sortu zuten. «Garai hartan auzoan alfabetatu gabekoen kopurua oso handia zen, batez ere emakumeen artean. Eraikin handi bat hartu eta eskolak antolatzen hasi ziren».
Eskola horretan martxan jarri zituzten «solasaldi literario dialogikoak» izenekoak. «Ez da edozein solasaldi mota literatura oinarri hartuta. Formatu jakina dauka. Mundu mailan onenetakotzat hartzen diren liburuak hartu eta partekatu egiten dituzte modu jakin batean: errespetuz eta berdintasuneko elkarrizketen bitartez. Garrantzitsua da hori».
Ekimen hori izan da Harvard Unibertsitateko aldizkarian aipatua izan den Estatu espainoleko lehen ekimena. Datu esanguratsua.
Modernizazio prozesuak arriskuak dituen arren –deskonexioa eta anomia, adibidez–, aukerak ere dezente ditu, batez ere arrisku horiei buelta ematen asmatzen bada.
«Nola? Jendea antola dadila eta kultura bere egin dezala. Erabil dezala kultura bere bizitzarekin lotzeko eta bere bizitza hobea bihurtzeko. Hori egiten dute Bartzelonako eskola horretan. Literatura erabiltzen dute elkarrekin konektatuta egoteko. Pentsa, medikuek osasun mentaleko arazoak dituzten pazienteei eskola horretara joateko aholkatzen diete, badakitelako osasungarria dela».
Askotariko herritarrak batzen dira La Verneda-Santa Martiko helduen eskolan eta horrek ere bistara ekartzen du errealitate interesgarria. «Profil guztietako jendea batzen da. Ikasketarik ez dutenek ere parte hartzen dute eta iraunkortasunez eginez gero, aukera dute alfabetatzeko».
Aditu batzuen arabera, kultur sozializazioa familiaren baitan eta etxean gauzatzen da eta horrek baldintzatzen ditu bizitza osoko kultur gustuak eta zaletasunak. «Badakigu ezetz. Umetan gertatzen den kultur sozializazioa garrantzitsua da, baina hori bezain garrantzitsua da bizitzan zehar beste espazioetan gertatzen den kultur sozializazio guztia. Eta garrantzitsua da horrek zenbateko iraunkortasuna eta intentsitatea duen. Horrek aukera ematen dio pertsonari baliabideak lortzeko kulturaren espazio horretan».
La Verneda-Sant Martiko helduen eskolan asmatu dute, gainera, itxialdi gogorrenean eusten eta bizirik mantentzen. «Pandemian ekimena mantentzea lortu dute. Helduen eskola bati buruz ari gara, gehienak adin handiko pertsonak dira eta espazio horretan elkartzen ziren. Online egitea lortu zuten, nahiz eta gehienek ez zuten sekula bideodei bat egin aurretik. Baina elkartasun sare horri esker lortu zuten guztiek parte hartzea».
Lorpena handia izan da. «Itxialdi handiaren garaian isolamenduari iskin egitea lortu zuten eta kultura bere egitea. Batzuetan eliteentzako bakarrik den kultura, literatura solasaldi horietan bere egitea lortu zuten eta horri esker elkar konektatuta egotea».
Kultura, osasunaren mesedetan. Osasun larrialdirako espresuki sortutako adituen mahaitik aparte geratutako kultura, herritarren bizitzak hobetzeko ukendu. Kultura, osasungarri eta sendagarri.