NAIZ

Emakumeen aurkako sexu indarkeria kasuak komunikatzeko erari buruzko gida bat egin du Emakundek

‘Berdintasunezko komunikazio baterako baliabideak eta esperientziak’ jardunaldia egin da asteazken honetan, Emakunderen komunikazio eta publizitate ez-sexistarako Begira Sarearen jardueren barruan. Bertan, hedabideei emakumeen aurkako sexu indarkeria nola komunikatu azaltzen duen gida aurkeztu dute.

Emakumeen aurkako indarkeriari buruz dugun ikuspuntuak fokua alde batean edo bestean jartzera garamatzala azaltzen du gidak.
Emakumeen aurkako indarkeriari buruz dugun ikuspuntuak fokua alde batean edo bestean jartzera garamatzala azaltzen du gidak.

‘Emakumeen aurkako sexu-indarkeria nola komunikatu’ gida aurkeztu du Emakunderen Begira sareak, hedabideentzat prestatua. Izaskun Landaida erakundeko zuzendariak adierazi duenez, helburua da «komunikabideek kontuan hartzea sexu indarkeriari buruzko informazioek emakumeengan eta, oro har, gizartean duten eragina, eta aurreiritziak eta estereotipoak detektatzea informazio askotan, horiek saihesteko».

Gogorarazi du sareak azken hiru urteak daramatzala emakumeen komunikabideetan eta publizitatean nola lantzen den begiratzen. «Publizitatearen kasuan, emakumeen aurkako indarkeriaren jatorrian dauden rolen eta estereotipoen sorreran duen eragina aztertu da; eta komunikabideen kasuan, azken urte honetan, sexu indarkeria kasuetako informazio tratamendua eta tratamendu hori genero ikuspegiarekin nola egin behar den landu da».

Landaidak komunikabideen lanaren garrantzia azpimarratu du: «Balioen aldaketa lortzeko funtsezko eragileak zarete. Eragin handia duzue gizartean eta, beraz, zuen erantzukizuna garrantzitsua da».

«Hausnarketarako tresna»

150 pertsona baino gehiagok parte hartu dute asteazken honetan egin den jardunaldi telematikoan. ‘Berdintasunezko komunikazio baterako baliabideak eta esperientziak’ izenburua izan du Emakunderen komunikazio eta publizitate ez-sexistarako Begira Sarearen jardueren baitan egin den ekitaldiak.

Bertan, Norma Vazquez emakumeen aurkako indarkerian adituak «hausnarketarako tresna» gisa deskribatu du gida, eta gertaerak beste ikuspegi batetik konta daitezkeela azpimarratu du, sexu indarkeriaren errealitatea eta informazio horiek emakumeengan duten eragina kontuan hartuta. Izan ere, nabarmendu duenez, «azken urteotan, #MeToo bezalako mugimenduak agertu zirenetik, inoiz baino argiago ikusi da biktimek luzaroan bizi izan duten isiltasuna; erruduntasuna eta lotsa bizi izan dituzte», eta hori kontuan hartu behar da informazioen tratamenduari ekiteko orduan.

Sortzen-eko zuzendaria eta psikologoa den Vazquezek erantsi du aintzat hartu behar dela muturreko indarkeria sexuala sufritu gabe ere «emakume guztiek jasaten dutela indarkeria sexuala». Adierazi duenez, «gertaerek beti dute narratiba bat, eta, beraz, gidak abiapuntutzat hartzen du sexu indarkeriari buruz dugun ikuspegiak fokua alde batean edo bestean jartzera garamatzala».

Gida Emakunderen webgunean dago eskuragarri, euskaraz eta gaztelaniaz.