Teta&Teta elkartearen ‘A las olvidadas’ (ahantziei) gogoetarako ekimen bat da. Hezitzaileen Eskolarekin eta Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean, preso dauden emakumeei kultura hurbiltzea du xede, beren errealitatetik aldentzen laguntzen dieten liburuak emanez. Bide batez, kartzela sisteman baztertua dagoen emakumeen kolektiboa ikusgarri egiten da.
«Feminista, kulturala, solidarioa, poetikoa eta, batez ere, eraldatzailea, espetxe barrenean eta kanpoan». Hala definitzen dute proiektua sustatzaileek. Egiten dutena da liburuak biltzea soilik, hauek eskainiak egon behar dute, ematen dituzten pertsonek kartzelan dauden emakumeak babesteko mezuak idazten dituzte.
Egitasmo hau Iruñeko espetxera ailegatu da asteazken honetan eta bertako 23 emakume presok liburuak jaso dituzte. Hezitzaileen Eskolako Gizarte Integrazioko bigarren mailako ikasleak Teta&Teta elkartearekin harremanetan jarri ziren Martxoaren 8aren testuinguruan eta liburuak eta hauek eman eta eskainiko zituzten pertsonak bilatu zituzten.
Eskaintzak, ekimenaren funtsa
Ekimenaren bultzatzaileek nabarmendu dutenez, eskaintzak dira funtsa. «Besarkada dira, ‘zugan sinesten dut’ esatea, ‘kanpoan itxarongo dizut’. Norbaitek eurengan pentsatu duen froga dira. Espetxeak gizatasuna kentzen du eta eskaintzak gizatasun pixar bat bueltatzen dute nolabait», esplikatu dute. «Hemen kanpoan gogoeta egiten laguntzen badute, barrenean adoretu egiten dute».
Ekintzaren ahalmen eraldatzaileak kartzelako hormak zeharkatzen dituela gaineratu dute, estereotipoak puskatzen baititu, eta hausnartzen eta enpatia pizten lagundu.
Iruñeko 23 emakume presoek, liburuak jasotzeaz gain, kultur ekitaldi batean parte hartzeko aukera izan dute. Ajo Micropoetisaren errezitaldiaz eta Tuchi artistak zuzenean egindako ilustrazioez gozatu dute.