NAIZ

Hernaniko Udalak baheketa masiboa eskatu du, baina Lakuak ez du beharrezkotzat jo

Kasu positiboen gorakadaren aurrean, Hernaniko Alkatetzatik Osasun arduradunen datuen eta etorkizunean har daitezkeen erabakien zain jarraitzen dute. Xabier Lertxundi alkateak herritarren artean baheketa bat egitea proposatu du baina Lakuak ezetz esan du.

Pasa den azaroan baheketa egin zen Hernanin baina orain Lakuak ez du onartu. (Hernaniko Udala)
Pasa den azaroan baheketa egin zen Hernanin baina orain Lakuak ez du onartu. (Hernaniko Udala)

Lakuako Gobernuak ez du uste une honetan baheketa masiborik egin behar denik Hernanin, nahiz eta azken egunetan kasuek gora egin duten eta bertan dagoen positibo kopurua ia Gipuzkoa osoaren erdia den.

Osakidetzaren esanetan, arakatzaileek kontaktu estuak identifikatuta ditu eta horregatik ez da beharrezkoa baheketa orokor hori.

Asteartean Hego Euskal Herrian detektatutako 366 kasuetatik, Hernanin zenbatuak izan ziren 52; asteazkenean 44. Koronabirusaren intzidentzia tasa metatua 621koa da herrian, EAEko batez bestekoa baino sei aldiz handiagoa.

Ildo horretan, birusaren kutsatze katea etete aldera, herrian baheketa bat egin dadila eskatu zion Hernaniko alkate Xabier Lertxundik Lakuako Osasun Sailari. ETB2ko ‘‘En Jake’’ programan Udalak «neurria erabaki» ezin duela eta erabakia Osasun sailarena dela gogoratu du alkateak.

Positiboen berri izan bezain laster, ekainaren 24aren bueltan Hernanin ospatu ohi diren sanjoanekin lotu zuten kasuen gorakada. Hala ere, Lertxundik argitu du ez dagoela bataren eta bestearen arteko harremana baieztatzeko frogarik. «Ez zen festarik ospatu, jende pilaketak gertatu ziren. Ez dago kutsatzeak aurreko egun horien edo aurrekoen ondorio izan direla ziurtatzen duen daturik», azaldu du aipatutatako elkarrizketan.

Alkateak gaineratu du egoera «nahiko larria» dela, eta kutsatzeak «azkarrago» doazela ohartarazi du; hori dela eta, baheketa masiboa eskatu du, eta Udalak «lankidetza osoa» eskaini dio.

Azaldu duenez, egoera larria zela ikusita, udal osasun mahaia deitu zuen ostegun honerako, Hernaniko anbulatorioko kideek eta Udaleko kideek osatzen dutena. Hala ere, atzo gauean anbulatorioko kideek joateko baimenik ez zutela esan ziotela kritikatu du.

Gainera, Osakidetzak uste du egun ez dela beharrezkoa herrian proba diagnostikorik egitea, kutsatu diren pertsonak eta haien kontaktu estuak identifikatuta daudelako, eta baheketa masiboak kontrolpean ez dauden kasuak azaleratzeko egiten direlako.

Hala ere, EAEko osasun agintariek ez dute baztertzen aurrerago neurri gehigarriren bat hartzea egoera zailtzen bada, Osakidetzako iturriek Efe agentziari jakitera eman diotenez.