Maitane Aldanondo

Norberak behar duen energiaren jabe egin

Ekiola Energia Sustapenak tokian tokiko energia kontsumo-kooperatibak sustatzeko abiarazi dituzte Krean eta Energiaren Euskal Erakundeak. Helburua, herritarrak kontsumitzaile huts izatetik sortzaile ere izatera pasatzea da.

Azpeitia izan da lehena energia iraunkorra sortzeko herritar kooperatibak sustatzen. Irudian, maiatzean eginiko aurkezpena.
Azpeitia izan da lehena energia iraunkorra sortzeko herritar kooperatibak sustatzen. Irudian, maiatzean eginiko aurkezpena.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrei behar duten energia eurek sortzeko aukera emateko, Mondragon Taldeko Krean kooperatibak eta Energiaren Euskal Erakundeak Ekiola egitasmoa martxan jarri dute. Horretarako, herrietan edo eskualdeetan kontsumo kooperatibak eratuko dituzte, hauek eraikitako eguzki parkeetan bazkideen beharrak asetzeko energia ekoizteko. Maiatzean aurkeztu zuten lehen egitasmoa Azpeitian: Ekindar. Horren ondoren, beste batzuk etorri dira: Egutera, Zumaian; Ekiola, Donostian; Gorbeialdeko Ekiola, Lautadako Ekiola...

Ekiolaren helburu nagusia, ordea, ez da planta fotovoltaikoak eraikitzea, komunitate energetikoen ildotik kooperatiba energetikoak sustatzea baizik. Hala, lehen proiektua energia berriztagarria lokalki sortzeko azpiegitura bada ere, gerora, herri bakoitzeko egitura autonomoa izango da eta kideek beste edozein behar bideratzea izango dute bertatik.

«Energiaren mahai bat, energiaren inguruko erreminta lokal bat», laburbildu du Ekiolako zuzendari Amagoia Barandiaranek. Alegia, herritarrei beste rol bat hartzeko aukera emango dien tresna izatea nahi dute; izan ere, orain arte, «kontsumitzaile hutsak» izan dira. «Zer plan aukeratu besterik ezin genuen egin, eta zalantzekin, mundu nahiko iluna baita», Ekiolaren bidez, berriz, energia ekoizle ere izango dira, norbera bere energiaren jabe bilakatuz.

Oraindik hasierako fasean daude, herrietako lanketak egiten eta kooperatibak eratzen. Aurretiko lana eta arriskua bere gain hartzen du enpresak. Alde batetik, orientazio, malda eta ezaugarri tekniko egokiak dituen lurra bilatzen dute, eta bestetik, planta fotovoltaikoa eraiki, sistema elektrikora lotu eta energia gehitzeko behar diren lizentzia guztiak eskuratzen dituzte.

«Sistema elektrikoa oso konplexua da. Ehun pertsona batzea euren kabuz, diru asko arriskatzea... ezinezkoa da. Ezagutza asko behar da, juridikoa, urbanistikoa, teknikoa...», zehaztu du Barandiaranek.

Bazkideen beharra ase

Hilabetetako lana da, eta guztia prest dutenean helduko da bazkideak batzeko unea. Proiektuaren tipologia adierazi eta kontsumo kooperatiba bilakatuko dute ordura arte enpresa zerbitzu-kooperatiba izango dena. Norbanako nahiz familiek izango dute lehentasuna, baina saltoki txikiei edo, Arabako kasuan, lehen sektoreko jarduera txikiei ere emango diete zerbitzua.

Azken bi urteetako fakturen analisia egin eta kontsumo kurba ikusita, plaka kopuru bat estekatuko zaio bazkide bakoitzari. Zuzendariak azaldu duenez, «ezin da energia ekoizteko inbertitu. Kooperatibak ez du irabazi asmorik, ez du dirurik banatzen, soilik, energia helarazten die bere bazkideei». Hau da, bazkideek behar adina energia sortuko dute, ez da kanpora salduko.

Eguzki parkeek 1 eta 5 MW arteko potentzia izango dute, «efizientzia ekonomikoa MW batean dago energiaren prezioa zentzuzkoa izan dadin». 1 MW hektarea bat da, eta horrek 300-500 bazkide izateko aukera emango du zenbait aldagairen arabera: kideen kontsumoa, saltoki txikiak sartzen diren edo ez, egiten duen eguzkia...

Bazkide bakoitzak egin beharreko inbertsioa 2.000 € ingurukoa izango dela aurreikusi du Barandiaranek. «Energiaren prezioa osagai batzuen batuketa da: lurraren kostua, inbertsioa, azpiegitura, lizentziak eta proiektuak, baita kooperatibaren jardunak edukiko dituen kostuak ere. 1 MWko inbertsioa 850.000-1.000.000 € izan daiteke».

Plakak 25 urteko bizitza erabilgarria du; beraz, ekarpenak epe horretan energia sortzeko balioko du eta bueltatzen joango zaie bazkideei. Edonola, saiatzen ari dira Europako NEXT Funtsen bidez laguntzea, babes fiskala lortzen, kooperatibak finantzatzeko moduak topatzen... kopurua txikiagoa izan dadin.