Ainara Rodriguez-Miren Mujika

Errealitate dosi bat

Euskal Herriko 21 laguneko talde batek ikusmina zuen Afrikatik Europara bidean Espainiako hegoaldeko muga zeharkatzen duten migranteen egoera zein den ezagutzeko eta bertara joan ziren. Bizi izan zuten errealitatearen berri emateko, gurean izan da Maialen Zuloaga, Hegoaldeko Mugako brigadako kidea.

Audio_placeholder

Errealitate dosi bat

Loading player...
Migrante talde bat, Melillako hesian. (Blasco AVELLANEDA/AFP)
Migrante talde bat, Melillako hesian. (Blasco AVELLANEDA/AFP)

Hegoaldeko Mugako kideak, EHUko hainbat ikasle zein irakasle, hainbat aktibista eta SODEPAZ-eko zenbait kide, Afrikatik Europarako bidean Espainiako hegoaldeko muga zeharkatu behar izaten duten migranteen egoera zein den ezagutzeko asmoz, bertara joan ziren errealitate hori lehen eskutik bizitzeko asmoz.

Motrilen egun bat, Almerian lau eta Melillan beste hiru egon ziren, eta Hegoaldeko Mugako brigadako kide den Maialen Zuloagak esan digunez, esperientzia gogorra bezain aberasgarria izan zen: «Sentimendu ugari bizi izan genituen errealitate hori guztia ikusita. Pixka bat harrituta egoerarekin, bereziki Espainiar Estatua zela kontuan izanda, non, berez, ongizatea bermatzen den».

21 lagun joan ziren. Berez 2020ko Aste Santurako prestatuta zegoen bidaia, baina covid-19 dela eta, ekaina honetan joan behar izan ziren.

Errealitate gordin batekin egin zuten topo, eta Zuloagak azaldu du, harrituta gelditu zela bertan aurkitu zuenarekin. Nijar udalerrian (Almeria) negutegiz betetako lurralde handi batekin egin zuten topo, «ia Cabo de Gatako parke naturalean sartzen zirenak». Nekazari bezela lan egiten duten migrante gehienak bizi diren kokaleku batean egon ziren. «Txaboletan bizi dira, ura lortzeko zailtasun handiekin, bizi baldintza duinik gabe...», azaldu du Zuloagak.

Melillako langileen lan baldintzak oso kaxkarrak ziren baita ere: «Kontratu bat lortu ahal izateko jabeei diru kopuru altu bat ordaindu behar izaten diete, ez dute ordutegi finko bat, eta gainera, soldata ez diete hilero ematen, hala, zaurgarriago izan daitezen, eta menpekotasun handiagoa senti dezaten, eta hori ikustea oso gogorra egin zitzaigun».

Bertako emakumeen egoera lehen planotik ikusi ahal izan zuten, eta oso egoera gordinean daudela baieztatu du Zuloagak. Melillako hesiarekin ere harrituta geratu ziren. Izen ere, aktibista den Jose Palazonekin egoteko aukera izan zuten, eta hark erakutsi omen zien bertako harresia eta baita hura pasa ahal izateko pairatzen dituzten zailtasun eta oztopoak zein diren ere.

Hezkuntzaren arazoa oso gertutik bizi izan zuten beste gaietako bat da. Izan ere, egun batean kontzentrazio batean egon ziren Hezkuntza departamentuaren aurrean. «Bertan guraso eta seme-alaba asko zeuden protestan, eskolatzeko aukerarik ez dutela salatzen».

Azkenik, aldarri batekin bukatu nahi izan du elkarrizketa Maialen Zuloagak; izan ere, haren ustetan, elkartasuna kriminalizatu egiten baita: «Solidaritateari egiten zaion kriminalizazioarekin amaitu nahi dugu».