Bakegileek eta Bake Bideak antolaturiko martxak 31 kilometroko distantzia beteko du, larunbat honetan, Baiona eta Donibane Lohizune lotuz.
Ekimen horrekin 31 urte kartzelan daramaten Jakes Esnalen eta Ion Kepa eta Unai anaien askatasuna eskatzea dute xede antolatzaileek.
Baionatik abiatuko da goizean goiz gehienbat Lapurdiko itsasbazterretik ibiliko den martxa. Donibane Lohizunen arratsaldeko 17.00etan eginen den manifestazioarekin amaituko da Louis XIV plazan deituriko bukaera ekitaldiarekin.
Ibilbide erraza bada ere, luzea da, 31 kilometro baititu bost etapetan banaturik. Horiek horrela, goizeko 8.00etan abiatuko dira martxistak Baionako Xaho kaitik.
Antolatzaileek goizeko 10.00etan Angeluko Barrako hondartza gunera arribatzea aurreikusi dute. Bertan hasiko da bigarren etapa, Amodioaren ganbara (Chambre d'Amour), Biarritzeko itsas argia eta Palais hotela pasa eta Biarritzeko Atalaian eguerditan izateko. Bertan bazkaria eginen dute parte hartzaileek.
Biaritzeko portu zaharretik Bidarteko bidea hartuko du ostean mobilizazioak, ordu eta erdiko txangoaren ondotik, 14.35ean Lapurdiko herriko plazan geldiune bat egin eta berehala laugarren etapari ekiten diote martxistek.
Uhabia hondartza zeharkatu, Getariako portutik iragan eta Akotzeko Lafitenia itzulgunera 16.15ean heltzea espero dute. Handik azken zatia baizik ez zaie geldituko. Erromardi hondartza pasa eta 17.00etan Donibane Lohizuneko Zaldien digatik hasiko da manifestazioa.
Osasun egoera ikusirik, parte hartzaile guziei ura eta jatekoa norberak soinean eramatea galdegiten diete antolatzaileek, baita bazkaria ere.
Halere, ibilbidean zehar urez hornitzeko parada izanen dute eta sokorri zerbitzuak ere izanen dira behar izanez gero. Udan izanki, eguzkiaz babesteko baliabidez prestaturik joatea gomendatu dute baitaere.