NAIZ
HIROSHIMA

Hiroshimako ‘euri beltza’ren biktimak ere ‘hibakusha’tzat jo ditu Japoniako auzitegi batek

Hiroshimako Auzitegi Nagusiak berretsi egin du 1945eko sarraskiaren ostean erori zen ‘euri beltz’ erradioaktiboaren 84 biktima ‘hibakusha’ (bonba atomikotik bizirik atera zirenei ematen zaien izena) direla aitortzen duen epaia. Estatuaren laguntzak jasotzeko aukera emango lieke ebazpen honek.

Hiroshima, bonba atomikoak txikituta. (WIKIMEDIA COMMONS)
Hiroshima, bonba atomikoak txikituta. (WIKIMEDIA COMMONS)

Iazko uztailean, 76 eta 97 urte bitarteko 84 biktima ‘hibakusha’ gisa onartu zituen Hiroshimako epaitegi batek eta orain, hiri bereko Auzitegi Nagusiak ebazpen hori berretsi du. Hala, erradiazioaren eraginpean egoteagatik gaixotasun eta ezintasunak izan zituztenek gastu medikoen doakotasuna bermatzen duen sistema publikoan sartzeko aukera izango lukete.

Hiroshimako tokiko agintariek eta Japoniako Osasun Ministerioak aipatutako lehen epai horren aurkako helegitea aurkeztu zuten, sarraskiaren 75. urteurrena baino egun batzuk lehenago.

Nolanahi ere, asteazken honetako erabakiak eskatzaileei eman die arrazoia eta honakoa dio: ‘hibakusha’ gisa onartuta daudenek dituzten onura berberak jaso behar dituztela ‘euri beltza’ eta haren ondorioak jasan zituztenek ere, betiere Estatuak fenomeno hori gertatu zela aitortu zuen lekuetako batean egon baziren.

1945eko abuztuaren 6an AEBek Hiroshiman eztandarazi zuten bonba nuklearraren osteko prezipitazioei deitzen zaie ‘euri beltza’. Elementu erradioaktiboak barreiatzen lagundu zuen fenomenoa izan zen.

Sarraskiaren ostean «eremu berezi» izendatu zen zonaldetik kanpo (19 kilometro luze eta 11 kilometro zabal, leherketaren hipozentrotik ipar-mendebaldera) bizi izan ziren pertsona horiek bonbardaketatik bizirik atera zirenen artean zenbatu ote zitezkeen eta osasunean kalterik izan ote duten frogatzea izan da epaiketako gakoetako bat.

Erasoaren unean aipatu eremuan zeudenek doako azterketa medikoak egin ditzakete eta erradioazioaren eraginpean egoteari lotutako 11 gaixotasun edo ezintasunetako bat garatzen badute ‘hibakusha’ ziurtagiria lor dezakete eta, printzipioz, hortik eratorritako gastu guztiak doakoak izango lituzkete.

Salatzaileek behin eta berriz argudiatu dute perimetro ofizial horretatik kanpo erori zen euri erradioaktiboaren eraginpean egon zirela, eta kutsatutako ur eta jakiak hartu zituztela, gaixotasun desberdinak garatuz, tartean minbizia edo kataratak.

2015 eta 2018 bitartean ‘hibakusha’ ziurtagiria eskatu zuten euri erradioaktiboaren biktimek, baina denei ukatu zitzaien. Orduan erabaki zuten auzitegien bideari ekitea.