NAIZ

Gasteizko Mercedes-Benz berriro geldituko da bi egunez, hornitzaileen piezen faltagatik

Furgonetak egiteko piezen falta dela-eta, berriz itxiko dute Mercedes-Benzeko Arabako planta datorren astelehen eta asteartean. Hala jakinarazi die zuzendaritzak enpresa batzordea osatzen duten sindikatuei ostegun honetan egindako bileran.

Mercedes Benzeko UGT, ELA, LAB, CCOO eta ESK sindikatuen protesta sinbolikoa, joan den ekainaren 30ean, aldi baterako erregulazio berri baten aukera aurreikusten delako. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)
Mercedes Benzeko UGT, ELA, LAB, CCOO eta ESK sindikatuen protesta sinbolikoa, joan den ekainaren 30ean, aldi baterako erregulazio berri baten aukera aurreikusten delako. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Mercedes-Benzen Arabako plantako zuzendaritzak azaldu duenez, berriz itxi beharko dute lantegia heldu den astelehen eta asteartean, hilak 19 eta 20, furgonetak osatzeko hornitzaileen piezak falta dituztelako. Langileek beste sei lanegunetan gelditzeko aukera dute, iragarritako aldi baterako erregulazioa (ABEE) ezarri aurretik.

Enpresak 30 eguneko ABEEa adostua du batzordea osatzen duten sindikatuen gehiengoarekin. Urte amaierara arte jarri daiteke martxan Gasteizko lantegian, txip erdieroaleekin lotutako logistika arazoek jarraitzen badute. Aurtengo furgoneten ekoizpena 141.001 unitatetara murriztuko da horrela. Apirilean aurreikusitakoa baino 7.599 gutxiago dira.

Ekainaren 21etik 25era ere geldirik egon zen ekoizpena, piezen gabezia berarengatik. Ekainaren 30ean, langileek protesta sinboliko bat egin zuten lantegian beste ABEE bat ezartzearen aurka.

Beste bilera bat, eta opor kolektiboak

Sindikatuek adierazi dutenez, zuzendaritzarekin biltzekoak dira berriz ere, seguruenik datorren ostegunean bertan, 22an, piezak eta ordezkoak iritsi al diren eta uztailaren hondarrean geldialdi gehiago izango al diren jakiteko.

Bestalde, Mercedes-Benzen lan egiten duten 5.000 pertsonek opor kolektiboak hartuko dituzte abuztuaren lehenengo hiru asteetan. Hartara, 2tik 22ra arte ez da ezer ekoitziko.