Save the Childrenek adierazi du bereziki kezkagarria dela azken urtean Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 18 urtetik beherakoen artean pobrezia larriak izan duen gorakada. 1,4 puntu igo da tasa, eta %13,2ra iritsi da. Helduen kasua ezberdina da: 18 eta 64 urte bitartekoen artean puntu bat jaitsi da tasa, eta %9koa da pobrezia larrian daudenen kopurua.
INE espainiar Estatuko estatistika institutuak bizi baldintzei buruzko inkesta plazaratu du. Bertan, lehenbizikoz eman ditu pandemiak etxeetan izan duen eraginari buruzko datu ofizialak. Horien inguruko azterketa egin du Save the Childrenek. Ondorioztatu duenez, haur pobrezia larriagotzen ari da, eta gero eta kontzentratuago dago errenta baxuko mailetan. Guztira, 41.515 ume daude pobrezia larrian EAEn.
Bizi baldintzei buruzko inkestak erakusten du krisiaren ondorioek ez dutela eragin bera mutilengan eta neskengan. Emakumeek gizonek baino pobrezia tasa handiagoak dituzte. Alderik nabarmenena pobrezia larriaren tasan ikusten da. 2020an, emakumeen %20,3 zegoen egoera horretan, eta gizonen %6,6.
Belaunaldiz belaunaldi transmititzen da
Erakundeak erran duenez, azterlanak agerian uzten du, halaber, pobrezia seme-alabak ardurapean dituzten familiek sufritzen dutela oraindik ere. «Seme-alabak dituzten familien %10,2k pobrezia larria pairatzen du, ardurapean adingaberik ez duten familien artean, aldiz, %6,5ekoa da kopurua. Gainera, nabarmentzekoa da guraso bakarreko familien ahultasun egoera. Covid-19ak eragindako krisi ekonomiko eta sozialak bereziki kaltetu ditu».
«Gaur egun ezagutzen ditugun datuek agerian uzten dute premia handiena duten familien arteko desberdintasuna murrizteko neurriak hartu behar direla. Haur pobreziak zuzenean eragiten du gure gizartearen talentuan eta potentzialean, eta horren eraginak denboran irauten du. Bost kasutatik lautan belaunaldiz belaunaldi transmititzen dira. Horregatik, pobreziaren transmisioaren zirkulua apurtzen duten politikei arreta jarri behar diegu», azaldu du Charo Arranz EAEko Save the Childreneko zuzendariak.
Atzerriko jatorriko familiak
Krisiaren ondorioek modu oso desberdinean eragiten diete adingabeei gurasoen jatorrizko herrialdearen arabera, eta pobrezia larriko eta erlatiboko tasak seme-alabak ardurapean dituzten atzerriko jatorriko familietan daude. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, guraso atzerritarrak dituzten haur eta nerabeek bost aldiz aukera gehiago dituzte pobrezia larrian bizitzeko.
Erakundeak azaldu duenez, 18 urtetik beherako 26.543 haurrek baino gehiagok gabezia material larria dute covid-19aren ondotik. Falta hori larriagoa da haurren artean 18 eta 64 urte bitarteko helduen artean baino (% 7,2 eta %5,7, hurrenez hurren), eta horrek agerian uzten du krisiak bereziki haur ahulenak kolpatzen dituela.
Proposamenak
Save the Childrenek proposatzen dituen neurrien artean, funtsezkoa da azken urtean bultzatutako gizarte babeseko laguntza eta neurri guztiak eskuratzeko izapideak arindu, erraztu eta eskuragarri jartzea: bazterkeria funtsak, gizarte larrialdietarako laguntzak, enplegu erregulazioko espedienteak autonomiaz osatzea, diru sarrerak bermatzeko errenta aurreratzea... «Kontuan hartu behar dira arrakala digitalak kaltetutako kolektibo kalteberenek eskuratzeko dituzten zailtasunak, eta informazioa eta laguntza eman behar zaie laguntzetara iristeko».
Era berean, premiazkoa ikusten du erakundeak diru sarrerak bermatzeko errentaren (DSBE) erreforma bat, seme-alabak dituzten familien babesa hobetuko duena, zenbatekoak handituko dituena, arreta berezia jarriz guraso bakarreko familietan, eta gaur egun pobrezia arriskuan egonik prestazio hori jasotzen ez duten milaka familiei sarbidea erraztuko diena.
Save the Childrenen ustez, DSBE haur pobreziaren tasak murrizteko benetan eraginkorra izan dadin, zenbait alderdi sartu behar ditu, hala nola seme-alabak ardurapean dituzten familientzako erroldatze-betekizuna urtebetera murriztea eta IMV bizitzeko gutxieneko diru sarrerarekin parekatzea.