Maddi Txintxurreta
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

«TERF diss track»

Chill Mafia garai batean euskal musika irauli zuten punk taldeekin alderatu da. TERF mugimendua garai batean gay eta lesbianen eskubideen kontra egin zutenekin

A ze lasaitua iragan larunbatean Chill Mafiak Zumaian eman zuen kontzertura joan eta herriko feministak han ikustean, taldeari egotzi zaizkion zenbait jarrera matxistarengatik egunak joan edo ez deliberatzen pasa ostean.

Geldialdiak egingo ditut hemen agertuko diren zenbait hitz argitzeko, boomer-ek ere uler ditzaten: boomer-ak jende heldua dira, sarri gazteei lezioak ematea hobby dutenak. Hobby bat asko gustatzen zaizun zerbait da, Chill Mafiak eta Kai Nakaik diss track-en bidez elkar xaxatzea bezala. Diss track-ak artistak elkar kritikatzeko egiten dituzten kantuak dira.

Artista guztiak ez dira terf-ak, baina terf guztiak artistak dira, esaten baitizute Trans Legearekin emakume transak andrazkoen komunetan sartuko direla (lehen bezala) gainontzeko emakumeak bortxatzera. Badirudi gizon bortxatzaileak ez sartzeko andrazkoen komun guztietan jarritako giltzarrapo hutsezinek ez dutela transentzat balio. TERF transak baztertu nahi dituen mugimendu feminista da, oximorona dirudien arren. Oximorona kontraesanezko kontzeptuak bateratzea da, errealismo magikoa bezala.

Terf-ak artista hutsak dira, esaten dizutelako transek, borratuetan borratuenek, emakumea subjektu politiko-biologiko-enpiriko-jurasiko bezala ezabatuko dutela. Horregatik dira terf A.K.A. Gabriel Garcia Marquez guztiak artistak. A.K.A. izenaren atzetik pseudonimoa datorrela abisatzeko erabiltzen den laburdura da.

Baina artista guztiak ez dira terf-ak eta Chill Mafiakoak ez dira; Beñat Rodrigo A.K.A. Kiliki Frexkok argi utzi izan du. Ez da goraipatzekoa transen eskubideen kontra ez egitea, baina gauzak dauden bezala…

Apunte bi: Chill Mafia garai batean musika eszena irauli zuten punk taldeekin alderatu da, aski kritikatuak ordukoak, gaur Arrotxapekoak bezala, eta TERF mugimendua garai batean gay eta lesbianen eskubideen kontra egin zutenekin. Beraz, hobe kontraesanezko abangoardiak, behar direnero kritikak, atzerakada esplizituak baino. Esplizitua da zerbait oso agerikoa denean, errealista, ez magikoa. Terf-ak transfoboak direla esatea bezala.