NAIZ

Amaitu da Mugak Zabalduz karabana, Kanarietako egoera «jasanezina» salatu ostean

Europar Batasuneko eta Estatu espainiarreko migrazio politikak salatu asmo dituen Kanarietako Karabana larunbat honetan amaitu da, bederatzi eguneko bidaiaren ostean. 350 pertsonak hartu dute parte, tartean ehundik gora euskal herritarrek.

Kanarietako karabanaren ostiraleko irudia. (OEE BIZKAIA)
Kanarietako karabanaren ostiraleko irudia. (OEE BIZKAIA)

Europar Batasuneko eta Estatu espainiarreko migrazio politikak salatu asmo dituen Kanarietako Karabana larunbat honetan amaitu da, bederatzi eguneko bidaiaren ostean.

Mugak Zabalduz eta Carovane Migranti erakundeek bultzatutako ekimen honetan 350 pertsona inguruk hartu dute parte, tartean Euskal Herritik joandako ehun lagun baino gehiagok. Seigarren edizio honetan, Karabanak Kanarietara joatea erabaki du, pandemiaren ondorioz uharteko egoera soziala «jasanezina» delako. Plataformaren arabera, «turismoaren» geldialdiak lagundu du uhartea «hiriburuaren Europako muga kolonial» bihurtzen eta «mugako guardia» esleitzen.

Atzo, karabanak Tenerifen eman zuen hirugarren egunean, gogoeta eta tailer feministak egin zituzten emakume migranteen eskutik. Antolatzaileek gogoratu bezala, «migratzen duten emakumeen ikusezintasuna hainbestekoa da, ezen Kanarietako Gobernuaren inmigrazio planak berak ere ez baitzuen bidaian jasaten dituzten erasoen aurrean inolako eginbiderik aurreikusten».

Larunbatean arrazakeriaren aurkako manifestazio bat egin dute Santa Cruz de Tenerife eta La Laguna lotzen dituzten auzoetan. Manifestazioa uharteko auzo pobreenetako batzuetatik pasatu da: Las Retames, Las Delicias, Somosierra eta Los Gladiolos.

Ibilaldiaren amaieran, Tenerifeko espetxe zaharrean, Gurutze Gorriak kudeatzen duen pertsonentzako zentro batera joan dira, non zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonak dauden. Hainbat arrazoirengatik salaketak jaso ditu zentro honek.

17.00etan ekitaldi baten bitarten eman zaio bukaera 2021 Kanariar Uharteetako karabanari, La Lagunan. Bertan, mugetan lan egiten duten eta alternatibak eraikitzen dituzten kolektiboek haien esperientzia kontatu dute.