Berrikuntzez betea heldu da igandean Ürrustoi-Larrabilen antzeztuko den ‘Abdelkader’ pastorala. Protagonista jakintsu musulmana da, historian lehen aldiz kristau ez den sujeta izanen dena. Pandemia dela eta, aforoa 1.000 pertsonetara mugatu behar izan dute, eta sarrerak agortu egin dira jada.
Berrikuntza horiek azaldu eta defenditzen ditu Jean-Louis Davant pastoralaren idazleak, bereziki antzezlanaren heroitzat hartu duenarena, benetako iraultzatzat har baitaiteke hori. Pastorala dualistak, onak eta gaiztoak bezala definitu daitezken urdin eta gorrien arteko borroka du oinarri. Horiek definitzeko beste terminoak ere badira, “giristiak” eta “türkak”, hau da kristauak eta turkoak. Eta Abd al-Qadir erlijio gizon, gerlari eta jakintsu aljeriarra urdinen atetik aterako da aurten.
Gaiaren hautaketan bere bizitzak garrantzi handia izan duela azaldu du Davantek, Aljerian 27 hilabetez frantses soldadu izan baitzen, iraultza garaian, eta protagonistak frantses kolonialisten kontra borrokatu zen XIX. mendean. «Nik Aljeria maite dut, eta musulman mundua ere bai, Abdelkader biziki ederra da, bestela ez nuen idatziko» baieztatu du idazleak.
Pastoralak oinarri duen polarizazioaren izendapenari buruz dio: «Nire ustez “giristi” eta “türken” hiztegi hori gainditua da, ez du zentzurik salbu lehengo istorioak kontatzen ditugularik, beraz nik gorriak eta urdinak aipatzen ditut, eta kitto».
Süjeta gisa hautatu izana, eta frantsesak gorriz ematearen arrazoia horrela azaltzen du: «Abdelkader urdina da, zeren eta ongia egiten duenak merezi du ate urdinetik ateratzea. Bera bere etxean zegoen, eta bere lurra, jendea, fedea eta legea defenditu zituen, baina gu galtza gorritan sartu ginen eta ez ginen etxean, nik hori sentitu nuen han izan nintzelarik. Ni sentitzen nintzen haurra nintzelarik Zuberoan alemanak izan zirenen tokian, okupazioan».
Kritikak eta laudorioak
Hautaketa horrek, berritasun horrek, zeresana eman du Zuberoa aldean: «Batzuk erraten didate kritikatzeko, eta beste batzuk laudorio bezala, kodeak hautsi ditudala. Ez dut xedea hori izan, eta ez dut sentimendu hori ere, normal iruditu zait. Nahiz eta ez izan frantses nazionalista, euskal abertzalea baizik, hala ere parte hartu nuen, nire nahiaren aurka izan bazen ere».
Horrek iraultza bat ekar dezakeenari buruz galdetuta dio: «Ez nuen asmo hori, denborak erranen du horrela izan den ala ez. Abdelkader maite nuelako, eta gizartean musulmanekin daukagun arazoan eskua sartzeko xedearekin baizik».
Lau herritako biztanleek eginen dute Ürrüstoi-Larrabilen antzeztuko den pastorala. Harrera herria izango denaz gain, Ainharbe, Ezpeize-Ündureine eta Sarrikotape, biztanleei pastoralaren gaia proposatu zielarik ez zen kontrakotasunik izan, eta gazteek bereziki ados agertu zirela azaldu du pastoral egileak. Biltzar ireki batean hautatu zen gaia, eta «gehiengoak alde egin zuen, beste aukera “Nafarroako Blanka” erreginaren istorioa zelarik». Herritarren artean kontrakotasunik ez zela egon eta, «momentuz ez dago polemikarik, antzeztu eta gero ikusiko» adierazi du Davantek.
Abdelkader 1808an sortu zen Algerian, eta Sirian zendu zen 1863an, bitartean «hiru gizon ezberdin» bezala ikus daitekeela azaltzen du idazleak: «Erlijio gizona izan zen, baina gudari egin zena frantsesen konkistari buru egiteko, eta Oran aldeko leinuek emir izendatu zuten. Gerra galdu zuelarik Frantziara preso ekarri zuten, eta denbora batez Pauen egon zen. Azkenik, bere lehenbiziko bokaziora itzuli zen eta erlijioso jakintsua izan zen». Arabiar literaturan toki gorena du, «bere olerkiengantik baita teologian eta filosofian aritu zen eta pentsalari gorena izan zen. Katolikoa izan balitz kanonizatu egingo zuten».
Dantza
Dantzari dagokion berritasuna pandemiaren ondorioz izan zen atzerapen garaian egina izan da: «Errejentak proposatu zidan, dantzari urdinen sartzea satan gorrien alboan». Errejent lanetan Battitt Berrogain aritu da, 69 arizale, 15 dantzari eta 12 haur gidatzen. Sophie Larrandaburu izanen du lagun kantu egile eta eramaile lanetan.
Dantzetan izanen den aldaketa honek izango duen erantzuna polemikoagoa izanen dela uste du jada 10 pastoral idatzi dituen Davantek: «Horrek bai kritikak sortuko dituela puristen artean, lehen horrelakorik ez zelako».
Baina horretarako ere erantzuna badu sortzaileak: «Satanak ez ziren beti izan pastoraletan, Frantses iraultzaren denboran sartu ziren, dirudienez Ürrüstoin izan zen, eta ikuslegoak biziki gaizki hartu zituen, orduan gauza itsusiak erraten zituztelako, azken garaian zibilizatu egin dira».
Izan ere, tradizioa denborarekin aldatuz doala nabarmendu du, «Etenik gabe, bizitza bezala. Pertsona batzuk txikitan ikusi zutena bezalakoa nahi dute, baina ez da fidatzen ahal bakarrik ikusten denari, paperetara ere joan behar da, eta hor ikusten da aldaketak izan direla».
Osasun egoerak ekarri duen tokien gutxitzearen ondorioz antolaketa aldatu dute, eta ikuslegoa eszenatokitik biziki hurbil izanen da, eta oholtza ia lurrean kokatuko da. «Alde horretatik, ustekabean, berrikuntza handia izango da. Pandemia txar horri esker, beharbada beste batzuk inspiratuko ditu, eta ea usaiako kermesetik urruntzen garen, eta intimitate gehiagorekin egiten den pastorala».